EAEko hamar unibertsitate ikasletik bat lan baldintzak direla eta joaten da lurraldetik

Madrilera eta Kataluniara jotzen dute gehienek, baina kanpotik datozenekin orekatzen da talentu ihesaren balantza. Lanbide Heziketan, aldiz, ia ez da halakorik gertatzen.

EHUren Leioako campusa. MITXI / EHU
EHUren Leioako campusa. MITXI / EHU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko apirilaren 22a
13:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan unibertsitate ikasketak eginikoen %22k hiru lurralde horietatik kanpo garatzen dute bere ibilbide profesionala, eta horien erdiek (%10,4) lan baldintzengatik hartzen dute erabaki hori. Alegia, hamarretik batek lan baldintzengatik jotzen du kanpora, bereziki Madrilera eta Bartzelonara. Dena den, irteten diren kualifikazio handiko langileak (2016 eta 2020 artean 30.060 izan ziren) iristen direnak adina dira (29.223). Lanbide Heziketan, aldiz, ez da halakorik gertatzen, %94k EAEn garatzen baitute beren ibilbidea.

Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera, ondorioztatu daiteke ez dagoela talentu ihesari lotutako arazo orokorrik, nahiz eta jende askori kontrakoa gertatzen dela iruditu, Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordeak azaldu duenez. Mikel Torres Enplegu sailburuak ideia bera nabarmendu du aurkezpenean: «Talentua mugitzen dela erakusten du ikerketak, baina kopuru orokorretan oreka dago, Euskadiren atxikitze ahalaren isla».

«Talentu ihesa handia den irudipena ez da egiaren isla. Talentua mugitzen dela erakusten du ikerketak, baina kopuru orokorretan oreka dago»

MIKEL TORRES Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburua

Baina zer dira talentua eta talentu ihesa? Jaurlaritzaren azterketaren arabera, ikasketak EAEn garatu dituzten unibertsitate graduetako eta lanbide heziketako ikasleak dira talentua. Unibertsitate ikasketak 2021ean amaitu zituztenak eta lanbide heziketa 2023an bukatu zutenak hartu dituzte kontuan lagina osatzeko. Azterketaren ondorio mamitsuenak unibertsitateko ikasleen ingurukoak dira; izan ere, esan bezala, oso gutxi dira bere ibilbidea EAEtik kanpo garatzen duten Lanbide Heziketako ikasleak.

datuak

%87,2

Zenbat ingeniari mekaniko geratzen diren EAEn, ehunekotan. Zenbat dira EAEn ikasi eta lan ibilbidea bertan egiten duten ingeniariak? Ikerketak ingeniaritza mota ohikoenak aztertu ditu. Ingeniaritza Elektroniko Industrialean, esaterako, lizentziadunen %87,5 gelditzen dira; Ingeniaritza Mekanikoan, berriz, lizentziadunen %87,2, eta Ingeniaritza Tekniko Industrialean, %84.

1.500-1.800

Zenbateko soldata izan ohi dute. Zenbatekoa da EAEn gelditzea erabaki zuten lizentziadun berrien soldata garbia? Hamalau ordainketa direla kontuan hartuta, %24,9k 1.500 eta 1.800 euro artean irabazten dute hilean. 1.801 eta 2.100 artean dabiltzanak %22,6 dira, eta 1.201 eta 1.500 artean dabiltzanak, berriz, %18,7. Ingeniarien %10 inguru ez dira 1.200era iristen, eta 3.000 eurotik gora irabazten dutenak ez dira %1era iristen.

Ikerketak, beraz, lan ibilbidea kanpoan egiten duten unibertsitate ikasleengan jarri du arreta. Guztien %22 dira, eta hamarretik bederatzik Nafarroa, Espainia edo Katalunia dute helburu. Beste estatu batzuetara jotzen dutenak %2,5 dira bakarrik, eta horien artean Alemania, Irlanda eta Herbehereak dira helmuga nagusia. %22 horien erdiak arrazoi pertsonalengatik joaten dira, eta haien profila argia da: ikastera etorritakoak.

Unibertsitate lizentziadunen %10,4 «lan arrazoiengatik» joaten dira EAEtik. Madril da haien helburu nagusia —inkestari erantzundakoen artean, 1.040 lizentziadun joan dira kanpora; 410ek Madrilera jo zuten, eta haietatik 254k lan arrazoirengatik joan ziren hara—, eta gehienek zuzenbidea edo enpresen kudeaketa ikasi dute. Bartzelonak, aldiz, medikuntzako eta osasun alorreko langileak erakarri zituen; 121 lizentziadun guztira, eta 71 lan arrazoiengatik.

Medikuntzako ikasleen %54 bakarrik gelditzen dira

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak trebaturiko medikuntza lizentziadunen %54k bakarrik hasi zuten lan ibilbidea lurralde horietan, %28k Madril ez besteko Espainiako erkidegoetara jo zuten, eta %8,7k, berriz, Madrilera. Kanpora jo zuten lizentziadunen %60 arrazoi pertsonalengatik lekualdatu ziren, eta %40, aldiz, lan arrazoiengatik. Espezialitatea eskatzeko BAME sistema dago mugimendu ugari horien atzean. Inkestak beste datu batzuk ere ematen ditu: medikuntza lizentziadunen %97,5ek lortzen dute enplegua, eta EAEn gelditzen direnen lehen soldataren batezbestekoa 2.234 eurokoa da. Erizaintzan, aldiz, ez da halakorik gertatzen, lizentziadunen %93k EAEn egiten baitute ibilbide profesionala.

Lan arrazoi horiek zeintzuk diren galdetuta, Ruizek nabarmendu du ez dela bakarrik soldata kontua, baizik eta lan bizitza garatzeko aukerak. «Madrilen edo Euskadin 1.300 edo 1.400 euro irabazten dituzte, baina ikusten dute han lan ibilbidea garatzeko aukera gehiago dituztela». Inkestaren arabera, EAEn geldituriko ikasleek 1.828 euro garbiko soldata jasotzen dute batez beste: Espainia eta Kataluniara joandakoek, aldiz, 1.754 eurokoa —bi kasuetan hamalau ordainketa dira—.

Alde horretatik, eta arazo larririk ez ikusi arren, Torresek enpresariei dei egin die lan baldintzak hobetu ditzaten, eta bi ezaugarri nabarmendu ditu: lehen kontratuen soldatak eta behin-behinekotasun tasa handia. «Talentuari eusteko ahalmen handia dugu, baina handiagoa izan genezakeen. Eta ez hori bakarrik, trebatzera joan eta itzuli nahiko luketenak erakartzeko modu onena lan baldintzak hobetzea da», gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA