Industria

EAEko industria ekoizpena motelago hazi da uztailean

Eustaten arabera, iazko uztailean baino %7,5 gehiago ekoitzi da aurten. Ekainetik uztailera, ordea, %0,1 soilik egin du gora.

Langile bat, Fagor Ederlanen fabrikan, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA/FOKU
aitor biain
2021eko irailaren 9a
16:12
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria jarduera hazten ari da oraindik, eta krisi aurreko kopuruetan dago jada: uztailean %7,5 egin du gora, iazko uztailarekin alderatuta. Eta urtea hasi zenetik %12,9 gehiago ekoitzi dute hiru lurraldeetako industriek, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera.

Hilabete arteko aldakuntza ere positiboa da oraindik (%0,1 handitu da ekainetik uztailera), baina agerikoa da moteltze bat hazkunde horretan, azken hiru hilabeteetan beheranzko joera izan baitu. Ikusteko dago zer eragin duen horretan argindarraren prezioak edota zenbait sektoretan pairatzen ari diren hornidura arazoak –autogintzako mikrotxipena edo erdieroaleena, adibidez–.

Sektore bakar batek izan du urte arteko tasa negatiboa, hain zuzen ere: energiarenak (-%2,3). Kontsumo ondasunen produkzioa, ostera, %11,7 handitu da. Metalgintzan eta plastikoetan %8,9 izan da hazkundea, eta ekipamendu ondasunetan %7,2. Azken multzo horretan sartuko lirateke autogintza, trenen fabrikazioa, aeronautika eta ontzigintza.

Aldea dago lurralde batetik bestera ere: aurreneko zazpi hilabeteetan %15,7 handitu da jarduera Gipuzkoan, %12 Araban eta %10,6 Bizkaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.