EAEko Lan Ikuskaritzak iruzur zantzuak antzeman ditu 3.239 beharginen kontratuetan

Guztira, 1.343 enpresari ohartarazi diete litekeena dela aldi baterako kontratazioak eta aldizkako kontratu finkoak modu irregularrean luzatzen aritzea.

Terraza bateko zerbitzariak lanean. M. BRUQUE / EFE
Terraza bateko zerbitzariak lanean. M. BRUQUE / EFE
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 16a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtea hasi zenetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 3.239 behargini egindako kontratuetan iruzurra egon daitekeela ohartarazi du lan ikuskaritzak. Guztira, 1.343 enpresari bidali zaie jakinarazpena, aldi baterako kontratazioetan eta aldizkako kontratu finkoetan «iruzur zantzuak» egon daitezkeelakoan. Abisua jasotzen duten egunetik hasita, hilabeteko epea ematen zaie sozietateei, langile horien egoera erregularizatzeko. Denbora hori igarota, ikuskaritza jarduerari ekiten zaio. Lurraldeka, 173 enpresa Arabakoak dira, 773 Bizkaikoak, eta 397 Gipuzkoakoak.

Iruzurraren aurka borrokatzeko tresna Eusko Jaurlaritzaren Lan Saileko eta Espainiako Gobernuaren mendeko lan ikuskariek erabil dezaketen erreminta informatiko bat da, eta milaka kontratu ikuskatzeko aukera ematen die. Tresna horren bidez, jakinarazpena bidaltzen zaie lan araudia urratzen aritu daitezkeen enpresei.

Datuen arabera banakatuta, abisua helarazi zaie 673 enpresari aldi baterako kontratu mota ezberdinak —obra edo zerbitzua, behin-behinekoa, bitartekotasuna, praktikak, prestakuntza edota erreleboa— tartekatuz edo behin eta berriz luzatuz 2.003 langile altan mantentzeagatik. «Hamazortzi hilabete baino gehiagoz izan dituzte lanean», lan ikuskaritzak txarretsi duenez. Lurraldeka, 83 enpresa Arabakoak dira, 367 Bizkaikoak, eta 223 Gipuzkoakoak.

ABLEen bitartez

Bestalde, 291 enpresa ohartarazi dituzte 462 langileri legez baimendutako gehieneko aldiak gainditzen dituzten aldi baterako kontratuak egiteagatik. «Batzuetan, aldi baterako bi kontratu edo gehiago kateatzen dira, eta hamazortzi hilabetetik gorako alta aldia izaten dute, zuzenean edo ABLE aldi baterako laneko enpresen bidez». Kasu horretan, 44 enpresa Arabakoak dira, 180 Bizkaikoak, eta 67 Gipuzkoakoak.

Halaber, 379 enpresari jakinarazpena bidali zaie, aldizkako kontratu finko batekin altan dituztelako 774 langile, nahiz eta behargin haiek azken urtean gutxienez hamar hilabete eta erdi baino gehiagoz lanean egon. «Halakoetan, jarduera iraunkorra litzateke, ez aldizkakoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.