EAEko langile publikoek greba eguna izango dute bihar

Sindikatuek diote EAJk Sanchezen inbestiduran lortutako akordioak «ate bat zabaltzen» duela, baina ez dela nahikoa. Ez dituzte mobilizazio gehiago baztertzen.

SEKTORE PUBLIKOA
Biharko grebara deitzeko aurreko ostiralean Gasteizen eginiko elkarretaratzea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jokin sagarzazu
2023ko abenduaren 18a
15:30
Entzun

Udazken honetan bigarrenez joko dute grebara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoek, ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilasek deituta. Aurreko mobilizaziotik igaro diren 55 egunetan «aurrerapauso txikiak» egon dira, sindikatuen arabera, baina oraindik ere «eskasak» direla azpimarratu dute, eta ez dute baztertzen mobilizazioekin jarraitzea.

Eta zein izan dira aurrerapauso txiki horiek? Nagusiki, bat: Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu bihurtzeko EAJk eta PSOEk eginiko akordioan jasotako puntu bat. Horren arabera, EAEko Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmenaren batzorde mistoetan adostuko dira administrazio bateko zein besteko langile publikoen soldata igoerak eta birjartze tasak —horren arabera zehazten da lan eskaintza publikoetan zenbat lanpostu berri atera daitezkeen—.

2009tik indarrean dagoen oinarrizko araudia dela-eta, Espainiako Gobernuak erabakitzen du puntu horien inguruan eta haren menpeko administrazio guztientzat. Orain, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin adostuko ditu. Sindikatuen arabera, horrek zerbitzu publikoak eta langileen baldintzak hobetzeko «ate bat zabaltzen» du, baina ez da haiek eskatzen dutena: «hemen erabakitzea».

gutxieneko zerbitzuak

  • Garraioa. Ohiko zerbitzuen %30. 
  • Osasuna eta zaintza. Lehen mailako arretan, larunbatetan bezala, %100 larrialdietan, eta %50 telefono bidezko arretan. Egoitzetan eta eguneko zentroetan, %50; eta gaueko txandetan, %100.
  • Hezkuntza. Ikastetxeak ireki beharko dira, eta gutxienez zuzendari bat eta irakasle bat egongo dira.
  • Besteak. Jaiegunetan bezala.

LABeko negoziazio kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak gogoratu duenez, sindikatuek ez dute ordezkaritzarik batzorde mistoetan. «Mesfidatiak gara. Madrilek beto eskubidea du. Zer edo zer adostea lortzen badute, inposatu egingo zaie langileei. Gu negoziazio kolektiboa berreskuratzea eskatzen ari gara».

Antzera mintzo da Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoetako federazioko idazkaria. «Aurreko greba egunaren harira esaten ziguten guk mahai gainean jartzen ditugun eskaerak ez direla lorgarriak. Bada, agerian geratu da ez dela horrela, borondate politikoa badago. Orain, gure helburua da ireki den ate horrekin eta erakundeen aurrekontuekin benetan bermatzea zerbitzu publikoak hemen erabakitzen direla».

Borondate politikoa

Aurreko grebatik bitan bildu da EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra. «Grebaren eraginez deitu du bilerara Jaurlaritzak, negoziatzeko prest zegoela irudikatzeko. Baina ez du inolako proposamenik ekarri», azaldu du Ugartemendiak. Gaineratu du mahai sektorial batzuk ere bildu direla, baina horietan ere oraindik «oso hasieran» daudela negoziazioak.

Lan baldintzen alorrean, soldatarena da eskaera nagusia. Espainiako Gobernuak aurten %3,5eko igoera ezarri du langile publiko guztientzat, orain arteko batez besteko inflazioaren (%3,8) azpitik. 2010etik %20ko galera metatua izan dute. Horri buelta emateko, sindikatuek proposatu dute %10eko igoera bat, aurten eta hurrengo urtean aplikatzeko, eta galdutako gainerakoa berreskuratzeko plan bat adostea.

EAJ eta PSOEren akordioaren aurretik, Jaurlaritzak ezezkoa eman zion aukera horri, horretarako eskumenik ez zuela argudiatuta. Sindikatuek uste dute orain egingarria dela. Iñigo Urkullu lehendakariak, hala ere, ohartarazi du erakundeen baliabide ekonomikoak mugatuak direla. «Ez da diru kontua, borondate politikoa baizik», dio Eizagirrek. «Edo zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten da, edo beste zerbaiten aldekoa. Barne produktu gordina kontuan hartuta, Jaurlaritzak orain dela hamar urte baino gutxiago gastatzen du osasungintzan eta hezkuntzan». Mezu hori erakunde guztientzat dela azpimarratu du LABeko Ugartemendiak ere: aldundiak, udalak... «Aurrekontuak negoziatzen ari diren honetan, denei eskera bera egiten diegu: zerbitzu publikoen alde egitea».

Eskaerak

  1. %10eko soldata igoera eta aurretik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko konpromisoa.

  2. Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.

  3. Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8ra jaitsiz.

  4. Lan kargak arintzea, lantaldeen osasuna bermatuz.

  5. Politika feministak, berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.

  6. Administrazioaren benetako euskalduntzea.

  7. Lan orduen murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean.

Soldatez gain, beste eskaera batzuk ere egin dituzte sindikatuek: sektore publikoko lanpostuetan dagoen behin-behinekotasun tasa egungo %49tik %8ra jaistea, zerbitzu publikoen pribatizaziorako joera amaitzea eta sektorea euskalduntzeko neurriak, besteak beste.

Urriaren 25eko greban bezala, biharkoan ere hezkuntzan eta garraio publikoan espero dituzte jarraipen zabalenak, eta Osakidetzan jarritako gutxienezko zerbitzuak salatu dituzte. Manifestazioak egingo dituzte hiru hiriburuetan eguerdian: aurrekoetan 30.000 lagun bildu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.