EAEko ogasunek zergetan %4,7 gutxiago bildu dute urteko lehen bi hilabeteetan

Kontsumoa jaitsi denez, %20,7 gutxiago eskuratu dute balio erantsiaren zergan

2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Urtea emaitza eskasekin hasi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasun departamenduek: diru bilketan jaitsiera handiak izanda. Iaz, urtarrilean eta otsailean, 2.061 milioi euro eskuratu zituzten zergetan; aurten, berriz, 1.965 milioi euro, %4,7 gutxiago. BEZ balio erantsiaren zergaren bidez lortutako diru kopuruaren beherakadak eragin du jaitsiera hori. PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekin edota sozietateen gainekoarekin, ostera, iaz baino diru gehiago bildu dute.

Azken hilabeteetan egoera ekonomikoak okerrera egin izanak nabarmen eragin du herritarrengan. Gutxiago kontsumitu dute, BEZarekin hiru ogasunek lortutako diruak ondo erakusten duen moduan. Iaz, urteko lehen bi hilabeteetan,781 milioi euro lortu zituzten; aurten, berriz, 619 milioi euro; 162 milioi euro edo %20,7 gutxiago, beraz.

BEZean ez ezik, beste zerga batzuetan ere igarri da kontsumoaren moteltzea. Erregaien gaineko zergaren bidez, esaterako, 141 milioi euro bildu dituzte hiru ogasunek, iaz garai berean baino %7,5 gutxiago; eta alkoholaren gaineko zergaren bidez, 695.000 euro, %7 gutxiago. Ondorioz, zeharkako zergetan %16,5 gutxiago bildu dute guztira: 863 milioi euro izan dira aurten, eta 1.034 milioi euro izan ziren iaz.

Zuzeneko zergetan emaitza hobeak erdietsi dituzte. PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekin 989 milioi euro bildu dituzte, iaz garai berean baino %2,3 gehiago; sozietateen gaineko zergarekin, berriz, 55,8 milioi euro, %40,7 gehiago. Horrenbestez, zuzeneko zergetan iaz baino %7,2 gehiago eskuratu dute guztira, 1.090 euro zehazki.

Otsaila bitarteko bilketak urteko joera erakutsi du. Urte osorako aurreikusitakoaren seiren bat bildu dute jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.