Patronalak isilik geldituta erantzun dio greba orokorrari, eta EAJk egin ditu greba orokorraren aurkako kritikarik gogorrenak. Jeltzaleen arabera, «Euskadik gutxieneko soldata propioa izango du» aurki, baina ez grebari esker.
EAJ: «Grebak motibazio politikoa du»
«Sindikatu batzuek egindako deialdiaren atzean motibazio politikoa dago. EAJk pentsatzen du gaur herri osoa gelditzera deitu dutenek zarata sortu baino ez dutela nahi, bai eta errealitatean ez dagoen haserre sentsazio bat erakutsi ere. EAJk uste du ez dagoela arrazoirik greba orokorra egiteko. Berandu baino lehen, Euskadik lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izango du, estatukoa baino hobea, baina ez gaurko moldeak erabilita. Greba honek, langileei mesede ez, kalte baino ez die egiten, herri osoa gelditzeko helburua baitu ziurgabetasun globaleko testuinguru batean».
Maria Ubarretxena (Eusko Jaurlaritza): «Gutxieneko soldata propioa behar dugu, baina konfrontazioa ez da bidea»
«Euskadik lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izateko aukera izan beharko luke, baina gaur egun ez daukagu horretarako eskumenik. Uste dugu bidea ez dela konfrontazioa, baizik eta sindikatu eta enpresekin elkarrizketa soziala izatea, eskumen esparrua errespetatuz; horrela bakarrik izango baita bideragarria».
Mikel Torres (Eusko Jaurlaritza): «Zilegi da grebaren berri ematea, baina ez jendea beldurtzea»
«Ikusten ari gara goizean goizetik hiri handietarako sarbideak moztea izan dela asmoa, beren lanpostura joan nahi zuten langileak berandu iritsarazteko edo lanera irits zitezen eragozteko. Grebarako eskubide konstituzionalak lotuta egon behar du lanera joan nahi dutenen eskubide konstituzionalarekin. Guztiz zilegi da grebaren berri ematea, baina ez da gauza bera jendea beldurtzea, mehatxu egiten saiatzea edo, are, zentzu handirik ez duten egoeretan txikizioak egitea».
Arkaitz Rodriguez (EH Bildu): «Eskakizun honi bizkarra ematea prekaritatea babestea da»
«Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ezin dute jarraitu gehiengoaren eskakizun honi bizkarra ematen. Lehen mailako behar bat da, eta hari muzin egitea prekaritatea babestea da. Zergatik erabakiko du Madrilek zein den Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata? Hori Gasteizek eta Iruñeak erabaki behar dute. Erabakitzeko eskubideak berak ekarriko du soldata duinak eta ongizatea lortzea».
Unai Sordo (Espainiako CCOO): «Gutxieneko soldata bera izan behar du herrialde osoak»
Espainiako CCOOko idazkari nagusiak, Unai Sordo bilbotarrak, sindikatu abertzaleen eskariaren aurka egin du —«gutxieneko soldata bera behar du herrialde osoak», haren esanetan, eta ziurtatu du «Euskadin oso jende gutxiri» eragiten diola gutxieneko soldatak. Hori bai, «arrazoizkoa» iruditu zaio soldatak lurralde bakoitzaren «prezioetara eta egoera sozioekonomikora egokitzea», baina azaldu du negoziazio kolektiboa dela horretarako bidea.
CNT: «Mobilizazioaren eguna tximista bihurtu behar dugu»
«Erantzun nabarmena izan du grebak, eta, horri esker, eszenatoki berri bat ireki da, non soldatek eta eskaera sozialek agenda publikoaren erdian jarraituko duten». Erakunde anarkosindikalistaren arabera, grebak egoera larri bati erantzuten dio, «erosteko ahalmena galtzea eta prekaritatea zabaltzea» dakarren garai bati. Ildo horretan, nabarmendu du oraingo gutxieneko soldata ez dela nahikoa bizitzaren garestitzeari aurre egiteko, «bereziki etxebizitzaren, energiaren eta elikaduraren arloan».