EBk ere %50era handituko ditu altzairuaren gaineko muga zergak, bere industria babesteko

Muga zergarik gabeko altzairu inportazioak %47 murriztea proposatuko du Europako Batzordeak. Sektoreak 30.000 enplegu galdu ditu 2018az geroztik. Esportatu baino hamabost milioi tona gehiago inportatzen ditu EBk.

Altzairuzko xafla bat, Thyssen Kruppen fabrika batean, Alemanian. ROLAND WITTEK / EFE
Altzairuzko xafla bat, Thyssen Kruppen fabrika batean, Alemanian. ROLAND WITTEK / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 7a
12:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kexuka ari da Europako Batasuneko altzairuaren industria, lehiatu ezinik dabil eta batez ere Txinatik iristen den produktuarekin. Sektorean milaka kaleratze gertatzen ari direla ikusita, protesta hori entzun egin du Europako Batzordeak, eta inportazioak gutxitzeko helburua duen proposamen bat egin du: erdira jaitsiko ditu muga zergarik gabeko inportazioak, eta muga zerga bikoiztu egingo die kuota horretatik kanpo iristen diren inportazioei, %50eraino. Azken kopuru hori bera ordaindu behar dute AEBetan ere.

Ez da lehen aldia Bruselak merkatuan eskua sartzen duela altzairugintza babesteko. Azken urteetan %25eko muga zerga bat ordaindu behar izan dute inportazioek, baina tasa hori 2026ko ekainean amaitzekoa zen, eta hura ordezkatzeko lege proposamena egin die Europar Kontseiluari eta Europako Parlamentuari. «Milaka enplegu salbatzeko» proposamena dela ziurtatu du Stephane Sejourne Industria Politikarako lehendakariordeak, eta adierazi du helburua ez dela EBko merkatua ixtea, baizik eta eragoztea herrialde batzuen «gehiegizko ekoizpena» kontinente zaharrera iristea eta bertako ekoizleak itotzea. 

Orain arteko kuotek eta muga zergek altzairu inportazioak %15 murriztea lortu dute, baina Sejournek berak onartu du portzentaje hori ez dela nahikoa eta industriak babes handiagoa behar duela. Izan ere, Europako altzairugileek 500-600 euroan saldu ahal dute altzairu tona, baina Txinako konpainiak, laguntza publikoei esker, 200-300 euroan eskaintzeko gai dira. Ondorioz, EBko altzairutegien ekoizpenaren gaitasunaren %65 soilik erabiltzen dute, eta %80koa beharko lukete errentagarriak izateko. Gehiegizko gaitasun horren eraginez, siderurgiak 30.000 enplegu galdu ditu 2018az geroztik. 

Indarrean dagoen sistemarekin, kuota batetik gorako altzairuagatik soilik ordaindu behar da %25eko muga zerga. Kuotaren sistemari eutsiko dio Bruselak, baina Maros Sefcovic Merkataritza komisarioak iragarri du kuota horiek ia %45 txikiagoak izango direla: 33 milioi tona dira urtero orain, eta 18,3 milioi tona izango dira neurria indarrean sartzen denean. Altzairu mota bakoitzak izango du bere kuota, eta, Sefcovicek azaldu duenez, ondoren «EBren bazkideekin» negoziatu nahi dute herrialde bakoitzak bere kuota propioa izatea.

AEBekin negoziatzeko interes berezia du Bruselak, hartara txikitu ahal izateko EBko altzairuak han ordaintzen dituen muga zergak, baina Sefcovicek onartu du orain arteko harremanek ez dutela fruiturik eman. «Gu ez gara haien arazoa», esan du.

Bruselaren proposamena batez ere Txinako altzairuaren inportazioa geratzeko egin bada ere, beste herrialde bati ere egin diezaioke kalte: Erresuma Batuari. UK Steel altzairuaren patronalak ohartarazi du muga zerga berriek enpresa askoren hondoratzea eragin dezaketela. Altzairutegi modernoek Ingalaterran sorrera izan arren, pisua galdu du industria horrek azken urteotan. Geratzen zaion ekoizle handienetako bat, British Steel izenekoa, iaz erreskatatu behar izan zuen Londresko gobernuak. Iaz lau milioi tona altzairu ekoitzi zituzten Erresuma Batuan, baina horren halako bi kontsumitzen du. Edonola ere, zati bat esportatu egiten du, eta esportazioen %80 EBra doa. 

Erdia, Txinatik

Txina bilakatu da azken urteetan munduko altzairu ekoizlerik handiena. Altzairuaren Munduko Erakundearen arabera, 2024an bilioi bat tona altzairu ekoitzi zituen, munduan ekoitzi zenaren %53. Haren ondoren dator India, baina ez da %8ra iristen. 

EB, berriz, 130 milioi tona ekoizteko gai izan zen iaz, munduko ekoizpen osoaren %6,9 baizik ez. Alemania da EBko ekoizlerik garrantzitsuena (37,2 milioi), Italiaren (20 milioi) eta Espainiaren (11,8 milioi) aurretik —azken horretan pisu handia dute Hego Euskal Herriko lantegiek (Arcelor Mittal, Sidenor, Nervacero...)—.  

Arcelor
Arcelor Mittalen ACB altzairutegia, Sestaon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Munduko ekoizlerik handiena ez ezik, kontsumitzailerik handiena ere bada Txina, munduko altzairuaren %49,2 kontsumitu baitzuen 2024an. Baina azken urteetan sektorean egin dituen inbertsio handien ondorioz, gehiegizko ekoizpen gaitasuna du, eta soberakina esportatu nahian dabil. Iaz, esaterako, 117,1 milioi tona altzairu esportatu zituen, eta 8,7 milioi baizik ez zituen ekarri bere mugen kanpotik.

EBk, berriz, gehiago inportatzen du (42,8 milioi tona) esportatu baino (27,8 milioi tona). Duela urte batzuk kontrakoa zen proportzioa, EBk 11 milioi tona gehiago esportatzen baitzituen inportatzen zituenak baino.

Gaur egungo prezioekin desoreka hori are gehiago handituko den beldur da Brusela. Bereziki kezkatuta dago Txinatik AEBetara muga zergen ondorioz ez doan altzairuak Atlantikoaren alde honetan ez ote duen bukatuko, eta bide hori trabatzera eta bertako industria babestera datoz muga zerga berriak.

%52

 

Altzairuaren zer ehuneko erabiltzen den eraikuntzan. Etxeen, beste eraikin batzuen eta azpiegituren eraikuntzan kontsumitzen da altzairu gehien: %52 da kuota. Gutxiago kontsumitzen da makinen ekoizpenean (%16), autogintzan (%12), eta metalezko tresnen, ontzien eta altzarien fabrikazioan (%10).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.