AEBen muga zergek zigortuta, haien bazkide komertzialek munduko beste bazterretan bezeroak bilatzen jarraitzen dute. Hala dago Europako Batasuna ere. Mercosurreko herrialdeekin akordioa lortu ostean, eta Indiarekin ere merkataritza librerako ituna sinatu ondoren, Mexikorekin zuen ituna eguneratu du.
Gauza bera egiten ari da Mexikoko Gobernua. AEBekin eta Kanadarekin merkataritza librerako itun berri bat egin zuen 2018an (Usmca), Donald Trumpek ez zuelako maite aurrekoa (Nafta). Baina Mexikoko Gobernua ez da Trumpekin askorik fio —sei urtean behin berrikusten da—, eta beste merkatu batzuetako ateak irekitzeari ekin dio, gaur egun AEBetara baitoaz haren esportazioen %85.
Horiek horrela, bi aldeak merkataritza itun berri bat sinatzekoak dira gaur, Mexiko Hirian. Han izango dira Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentea eta Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentea.
Akordioak 2020tik indarrean dagoena eguneratuko du. Orduan nabarmen liberalizatu zituzten harreman komertzialak, eta orain jauzi bat gehiago egingo dute: bi aldeek trukatzen dituzten produktuen %99ri muga zergak kentzea aurreikusten dute, eta neurri horrek bereziki elikagaiei eragingo die.
Hala ere, produktu jakin batzuek «trantsizio epe bat» izango dute, bost eta hamar urte artekoa, eta tarte horretan muga zergak pixkanaka murriztuz joango dira. Hori gertatuko da Mexikoko behi haragiarekin eta esneki batzuekin, Europako Batasunak zalantzak agertu baititu bi produktu horien muga zergak jaistearen inguruan, bertako ekoizleen kalterako izan daitekeelakoan.
Mexikoko beste produktu batzuek, berriz, ez dute oztoporik izango Europan sartzeko: ahuakateak, bananak, limoiak, mangoak, eztiak eta tekilak, esaterako.
Europako Batasunak, berriz, bertan ekoiztutako elikagaien esportazioak handitzea espero du, bereziki gaztaren, ardoaren, txokolatearen eta txerri haragiaren esportazioak. Amerikan, Europako elikagai esportazioen bigarren merkatua da Mexiko.
Akordio berriarekin, adibidez, %0ko muga zerga izango dute Europako 13.000 tona txerri haragik, 20.000 tona gaztak eta 13.000 tona esneki eratorrik. Gaur egun, produktu horiek %45erainoko muga zergak dituzte Mexikon.
Era berean, Mexikok erabat kenduko dizkie muga zergak Europako hainbat elikagairi, hala nola pastari (%20 artekoa du gaur egun), txokolateari eta gozogintza produktuei (%20tik gorakoa), gazta urdinari (%20 artekoa), arrautzei (%45 artekoa) eta hegazti haragiari (%100 artekoa).
Halaber, Mexikok Europako 568 elikagai eta edari babestuko ditu jatorri izendapenaren bidez, iruzurrik eta imitaziorik izan ez dadin. Horien artean daude Errioxako ardoa, Parmako urdaiazpikoa eta Roquefort gazta. Bruselaren arabera, akordio berriak estandarrak gogortzeko aukera ere emango dio elikagaien segurtasunean, langileen eskubideetan eta ingurumenaren babesean.
AEBetan sartzeko atea
Baina akordioak beste sektore batzuetan ere izango du eragina, testuan zuzenean jaso ez arren. «Akordio honen bidez, gure herrialdean Europako inbertsio gehiago erakarri nahi ditugu», adierazi du Mexikoko Kanpo Merkataritzako idazkariorde Luis Gutierrezek. Azaldu duenez, Mexikok erraztasun gehiago jarriko dizkie Europako enpresei han egoitzak eta lantegiak jar ditzaten eta, horren bidez, sarbidea izan dezaten Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Eremura, AEBek, Mexikok eta Kanadak osatzen dutenera. Horrez gain, Europako enpresak Mexikokoek dituzten baldintza beretan lehiatu ahal izango dira hango lehiaketa publiko eta lizitazioetan.
Mexiko dagoeneko euskal enpresen merkatu nagusietako bat da. 600 enpresak baino gehiagok esportatzen dute herrialdera, eta 250 inguruk lantegiak edo egoitzak dituzte han, batez ere automozio, aeronautika, makina-erreminta eta energia sektoreetakoak.
BRUSELAK MUGA ZERGAK KENDUKO DIZKIE ONGARRIEI, NEKAZARIEN KOSTUAK ARINTZEKO
Europako Batasuneko Ekonomia ministroek adostu dute muga zergak kenduko dizkietela ongarri nitrogenatuei. Urtebetez egongo da neurria indarrean. EBren arabera, murrizketa horrek 60 milioi euro inguru aurreztuko die esportatzaileei, eta ureari eta amoniakoari eragingo die adibidez, zeinak oso erabiliak diren lurra nutrientez hornitzeko eta uzta hobea lortzeko. Nekazarien kostuak murriztu nahi ditu horrela EBk. Ongarri nitrogenatuak asko garestitu dira azken bost urteetan, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak nekazaritza eta energia kostuetan izan duen eraginarengatik. Are, Irango gerra hasi zenetik ere nabarmen garestitu dira. Izan ere, Persiar golkoko herrialdeek esportatu ohi zituzten Europara eramaten ziren halako ongarrien ia erdiak, eta Ormuzko pasabidetik ezin igaro geratu dira.Â
Horrez gain, sektoreak Errusiarekin eta Bielorrusiarekin duen dependentzia ere murriztu nahi du neurri horrekin EBk, eta, horregatik, erabaki hori ez dute aplikatuko bi herrialde horietako produktuetan. Gainera, Europako ekoizleak babesteko, inportazioei kuota bat jarri die EBk.