EBk eta Txinak «elkar-ulertze bat» iritsi dute auto hibridoen inguruan

Maros Sefcovic ez da erabat esku hutsik itzuliko Pekindik. Txinak onartu du lau urtez erdira murriztea bere hibridoen eta hibrido entxufagarrien Europarako esportazioak.

Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroa eta Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa, atzo Pekinen. EUROPAKO BATZORDEA
Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroa eta Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa, atzo Pekinen. EUROPAKO BATZORDEA
Irune Lasa.
2026ko urriaren 9a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitz egiten jarraitzeko eta gehiago hitz egiteko konpromisoak dira emaitza nagusia azken bi egun hauetan Europako Batasunak eta Txinak Pekinen merkataritzari buruz izandako negoziazioetan.

Hori ez da EBren interesen mesederako; gaur egun EBk Txinarekin duen merkataritza defizita mila milioi dolarrekoa da eguneko, eta gorantz doa. Alegia, ezer aldatzen ez bada, hitz egiten den bitarte horretan arazoa handitu besterik ez du egingo denboraren joanak: Txinaren esportazioek gora eta gora jarraituko dute, eta industria sektore osoak larri segituko du Txinaren produktu lehiakorrei aurre egin ezinik, Europan bertan eta beste merkatuetan.

Hala ere, Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa ez da esku hutsik itzuliko Bruselara Wang Wentao Txinako Merkataritza ministroarekin izandako negoziazioetatik. EBk eta Txinak «elkar-ulertze bat» lortu dute auto hibridoen merkataritzan inguruan, «Munduko Merkataritza Erakundearen arauak betetzen dituena». Hala jaso du bi aldeen adierazpen bateratuak.

Hibridoak

Adierazpen argitaratu eta tarte batera hitz egin du Sefcovicek. Komisarioak azaldu duenez, lau urtean erdira murriztuko dira Txinako auto hibridoen eta hibrido entxufagarrien Europarako esportazioak. Ez du zehaztu zein izango den horretarako modua, baina aste honetan jakin da EB kuoten tresna aztertzen ari zela: altzairuarekin egin bezalatsu, EBk inportazio kupo bat jarriko lieke Txinako auto hibrido eta hibrido entxufagarriei, babes neurri gisa. Kopuru jakin batetik gora, inportazio horiek muga zergaren bat izango lukete.

Txinako hibrido entxufagarrien salmentek igoera ikusgarria izan dute EBn, eta merkatuaren %33 hartu zuten abuztuan. Txinako ibilgailuek EBko auto merkatuaren %12 daukate dagoeneko.

Kopuru horiei begira, argi dago EBrentzat gai inportantea bihurtu direla autoak, baina badira beste hainbat sektore kolokan daudenak Txinaren lehiaren ondorioz. Haiei buruz hitz egiten jarraitzeko konpromisoa aipatu dute gaur bi aldeek. Txinako auto elektrikoen gaineko muga zergak, EBko medikuntza gailuen Txinarako esportazioak, kosmetikoak, inbertsio jatorriak, inbertsiogileak...

Adierazpen bateratuan ez da agertu, baina Sefcovicek azaldu duenez, Txinak murriztu egingo ditu EBko hainbat salgairen gaineko muga zergak —auto osagaiak eta oliba olioa aipatu ditu komisarioak—, guztira 4.000 milioiren esportazioen gaineko tasak. Beste lorpen txiki bat Bruselara eramateko. 

Lur arraroak

Adierazpen bateratuaren arabera, esportazio kontrolei buruz ere hizketan segituko dute bi aldeek. Lur arraroak eta Pekinek haien esportazioen gainean dituen kontrolak dira beste gai arantzatsua bi herrialdeen arteko harreman komertzialetan. Haiei buruz, Sefcovicek azaldu duenez, «elkar-ulertze partekatua» lortu dute, «Txinak lur arraroen eta iman iraunkorren esportazio lizentziak errazteko EBko konpainiei». Nolanahi ere, komisarioak ez du zehaztasun gehiago eman gaiaz. 

Txinak monopolio ia erabatekoa dauka hainbat industriatarako ezinbestekoak diren salgai horien gainean, eta horrek botere handia ematen dio bere interesen kontrako edozein ekimeni erantzuteko.

«Uste dut honetan bat gatozela Wang ministroarekin: hau ez da amaiera, hau hasiera da»

MAROS SEFCOVIC Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa

Europako Batasunean, botere horri aurre egiteko moduak aztertzen ari dira gaur egun, eta bai horiei buruz eta bai Pekinen izandako elkarrizketei buruz hitz egiteko tartea izango dute datorren astean, Europar Kontseiluan. 

«Gaurkoa lehen urratsa da desorekak orekatzeko bidean», esan du Sefcovicek. Galdetu diote ea nahikoa den EBren ekintzak geratzeko, eta ez du zuzenean erantzun: «Oso emaitza onak lortu ditugula uste dut. Baina esan dudan bezala, eta uste dut honetan bat gatozela Wang ministroarekin: hau ez da amaiera, hau hasiera da».

Hitz egiten jarraituko dutela azaldu du Sefcovicek Pekinen. Urtarrilean bideo dei bat egiteko hitzordua du Wang Wentaorekin, eta bi aldeen bilkura bat egingo da Europako Batasunean 2027ko martxoan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA