MAKROEKONOMIA

EBk eurogunerako aurreikuspenak hobetu ditu: %0,9 haziko da aurten

Sei hamarreneko hobetu du azaroan eginiko iragarpena, eta inflazioa %5,6ra jaistea espero du.

Paulo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko otsailaren 13a
12:12
Entzun

Eurogunerako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak hobetu ditu Europako Batzordeak. Nabarmen hobetu, gainera; iazko azaroan, iragarri zuen aurtengo BPGa %0,3ko haziko zela; gaurko aurreikuspena, berriz, %0,9koa izan da. Europako Batasun osoari dagokionez, %0,8ko hazkundea iragarri du, eta datu hori ere udazkenekoa baino bost hamarren hobea da. Inflazio iragarpenak ere eman dituzte, eta urte amaieran %6,4koa izatea espero dute, azaroan esan baino %0,6 apalagoa.

Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioaren arabera, Europako ekonomiak «espero baino osasun hobeagoarekin» ekin dio urteari, eta «atzeraldia saihesteko prest» dago. Iazko azken hiruhileko datuetan oinarritu du baikortasun mezua, «ezohiko baldintza negatiboak» izanda ere atzeraldian sartu ez zelako.

Zergatiak aletzen jarrita, energiaren kostuetan jarri du lupa komisarioak, EBaren kalkuluen arabera gerra aurreko mailetara jaitsi delako. Haren ustez, bi dira arrazoiak: hornidura iturrien dibertsifikazioa eta kontsumoan egondako «murrizketa handia». Langabezia datuek ez dutela okerrera egingo ere aurreikusi du. Iazko urtea %6,1eko tasarekin amaitu zen, inoizko baxuena, eta bere horretan mantenduko dela uste du.

Gentiloniren ustez, «presio inflazionarioak» dira Europako ekonomiak gaur egun duen arazorik handiena; hortaz, Europako Bankuak politika ekonomiko «murriztailearekin» jarraitzea espero du, eta horrek inbertsioa zailduko duela. Alegia, epe motzean behintzat ez da espero interes tasa jaistea.

Epe motzean ez, baina luzean ziur asko bai, urteko inflazio iragapena apaldu baitu: %5,6koa espero du eurogunerako, eta %6,4koa Europako Batasunerako. Aurreikuspenak beteko balira, biak iazko datuak baino hiru puntu txikiagoak lirateke. Gentilonik argi du goia jo duela datuak, azken hiru hilabetetan behera egin baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.