EBk ez du doikuntzarik eskatuko 2021era arte

Valdis Dombrovskis eta Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak eta Nicolas Schmit Lanekoa, otsailean eginiko gerraldi batean. OLIVIER HOSLET (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 21a
15:19
Entzun

Europako Batzordeak ez die eskatuko zorra murrizteko doikuntzarik estatu kideei, gutxienez hurrengo urtera arte. Azaroan egingo duen egoera ekonomikoari eta aurrekontuei buruzko bileran aztertuko du ea arau fiskaletan betetzen diren ala ez «normaltasunera itzultzeko» baldintzak. Dena den, Valdis Dombrovski presidenteorde ekonomikoak azaldu du goizegi izan daitekeela horretarako, eta ez du baztertzen 2021eko udaberrira arte atzeratzea erabakia.

Batzordeak martxoan aktibatu zuen lehen aldiz Egonkortasunerako eta Hazkunderako Ituna babesteko klausula, 2009koa, eta arindu egin zituen diziplina fiskaleko arauak, estatuek aukera izan dezaten pandemiaren aurka borrokatzeko gastua handitzeko, espediente baten beldur izan gabe. Dombrovskisek azaldu duenez, betebehar fiskalak malgutuz, lagundu egin nahi diete «osasunaren arloan, enpresentzako likideziarenean eta diru sarrerenean». «Horiek dira, gure ustez, gai nagusiak oraintxe».

Bi hilabeteotan nabarmen handitu dira estatu askoren defizit eta zor mailak. EBk oraingoz ez du prozedurarik ireki, baina presidenteordeak ohartarazi du «desbideratzeak zuzentzeko» eskatuko duela. «Argi dago larrialdiko neurriez haratago begiratu beharko dugula, eta epe ertainean jasangarritasun fiskala kontuan hartu beharko dugula».

Udazkenean arauak berriro aplikatzea erabakiko balute ere, baliteke Bruselak doikuntzarik ez eskatzea datorren urteko udaberrira arte, orduan gomendio berriak emango baititu. Gainera, aurreikusi du 2021erako euroguneko ekonomia % 6,1 haztea, eta uste du horrek arnasa emango diela hainbat herrialderi. «Egoerak uzten duenean, estatuek zerga bide jasangarrira itzuli beharko dute, baina inbertitzen jarraitu beharko dutela kontuan hartuta, bi beharrak orekatu beharko ditugu».

Jaso eta eman

Dombrovskisentzat ezinezkoa da orain aurreikustea krisiaren aurretik zor eta defizit ratio altuak zituzten herrialdeen aurrekontu desbideratzeen gorakadak egiturazko krisi sakonago bat ekarriko ote duen. Dena den, azpimarratu du Bruselak kontuan hartuko duela estatu guztiak ez direla puntu beretik abiatzen. «Gaitasun ezberdinak dituzte egungo krisiari erantzuteko. Oso zorpetuta daudenak daude, batez ere hegoaldekoak, eta Europa ekialdeko eta erdialdeko batzuk. Lagundu behar diegu, eta testuinguru horretan ulertu da gure proposamena».

Batzordeak asmoa du datorren astean aurkezteko 2021-2017rako aurrekontua, eta horren barruan sartuko du COVID-19ari loturiko plana. Dombrovskisek ez du zenbatekoa zehaztu nahi izan —aurreko astean esan zuen bi bilioi inguru izango dela aurrekontua; oraingoa halako bi—. Horren harira, adierazi du koronabirusaren krisiari aurre egiteko planak horren erdia hartuko duela eta erantzukizuna «proportzionala» izatea nahi dutela, Europako Batasunaren inbertsioaren, estatuenaren eta inbertsio pribatuaren artekoa.

Estatuen ekarpenak bikoiztea aurreikusten du batzordeak, baina EBko kutxetatik jaso baino diru gehiago jartzen duten herrialde batzuek ez dute nahi —bereziki, Austriak, Herbehereak, Danimarkak eta Suediak—. Dirua laguntza zuzenen bidez eman beharrean, nahiago dute maileguen bidez eman. Alemaniak eta Frantziak asteon aurkeztutako proposamenak, berriz, atea zabaldu die laguntza zuzenei.

Dombrovskisek azaldu duenez, Batzordeak lehiakortasunerako eta konbergentziarako tresna erabili nahi du, herrialdeetan inbertsioak eta egiturazko erreformak finantzatzekoa. Trukean, estatuek ez dute dirurik itzuliko, baina euren planak aurkeztu beharko dizkiote batzordeari, eta horrek egiaztatu beharko du bat datozela bere gomendioekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.