EBk merkataritza itunen apustuari eusten dio

Washingtondik datorren korronte protekzionistaren aurka, nazioarteko merkataritza handitzeko eta errazteko akordioak negoziatzen jarraitzen du Europako Batzordeak. Irailean itxi nahi du tratua Indonesiarekin.

Prabowo Subianto Indonesiako presidentea eta Ursula von der Leyen, uztailean, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Prabowo Subianto Indonesiako presidentea eta Ursula von der Leyen, uztailean, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 3a
16:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpek abian jarritako olde protekzionistak ez ditu Europako Batasunaren planak guztiz aldatu. Ñabardura batzuekin bada ere —Txinako produktu batzuei jarritako mugak, esaterako—, globalizazioa eta merkataritza gero eta libreagoa bultzatzen jarraitzen du. Azken urteetan hainbat merkataritza itun lotu ditu (Kanadarekin, Japoniarekin, Txilerekin...), eta gaur bertan Mercosurreko herrialdeekin egindako ituna eta Mexikorekin zuena berritzeko proposamena igorri die Europako Batzordeak estatu kideei. Baina ez da horretan geratuko, beste herrialde askorekin negoziatzen ari baita.

Indiarekin negoziatzen ari denak du agian garrantzirik handiena, hura baita munduko herrialderik populatuena eta, hortaz, merkatu erraldoia Europako enpresentzat. Dagoeneko harreman handia dago bi aldeen artean: EB da Indiaren bazkide komertzialik handiena —merkataritzaren %12,2 egin zuen harekin—, eta India, berriz, EBren bazkide handienetan bederatzigarrena (%2,2). 2023an 124.000 milioi euroren salmentak egin zizkioten elkarri. 2007an hasi zituzten negoziazioak, baina etenda izan ziren zazpi urtez, eta 2022ko ekainean hasi ziren berriro.

New Delhik Txinaren eredua du buruan bere herrialdea pobreziatik ateratzeko, eta horretarako ezinbestekoa ikusten du bere industria batzuk eta, batez ere, nekazaritza sektorea babestea, hura baita bere herritar gehienen bizibidea. Gaur egun, batez beste %17ko muga zerga jartzen die Indiak atzerriko produktuei, eta kopuru hori jaistea nahi du Bruselak. Indiak, berriz, EBri eskatu dio bere produktuek ingurumen arau batzuk bete behar ez izatea, baina ez du halakorik lortu.  

Indonesia irailean?

Indonesiarekin ere negoziatzen ari da Europako Batzordea, 2016az geroztik, eta akordioak eskura dirudi. Uztailean, itunaren gaineko akordio politiko bat egin zuten Bruselak eta Jakartak —funtsean, negoziazioak akordio batekin amaitzeko borondatea—, eta EBk espero du irailean bertan itxi ahal izango duela. 300 milioi biztanleko herrialde bat da Indonesia, eta orain arte oso politika protekzionista izan du. 

Akordiorako oztopoetako bat nikela da. Indonesia da munduko ekoizlerik handienetako bat, eta metal horren esportazioa debekatu egin du, haren eraldaketaren inguruko industria propioa garatu nahi duelako. Debeku horren aurka egin zuen EBk MME Munduko Merkataritza Erakundean, eta, auzia irabazi zuen arren, egoera ez da aldatu.

Beste arazo bat palmondo olioa da, eta hor agerian geratu dira EBren kontraesanak. Batetik, Indonesiaren palmondo olio gehiago nahi du, baina, aldi berean, arbola horien landatzea da Indonesiako oihan handietan izaten ari den deforestazio basatiaren erantzule nagusia. Gauzak gehiago zailtzeko, abenduaren 30etik aurrera, EBren deforestazioaren aurkako araudiak debekatu egingo du baso soiltzea eragiten duten produktuen inportazioa.

Epe luzeagoa du Arabiar Emirerri Batuekin negoziatzen ari den itunak: urte eta erdi barru itxi nahi dute emirerriek, baina haien lan araudi bigunegia eta giza eskubideen defentsa arazo izan daitezke. Arazo horiek beraiek baldintzatzen dute Thailandiarekin akordio bat egitea. 

Australiarekin ez dago halako problemarik, baina Mercosurrekin berarekin bai: behi eta ardi haragi gehiago esportatu nahi ditu EBra, baina ohiko erresistentzia jasoko du kontinente zaharrean.

 


 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.