Europako Batasunak ez du nahi datorren larunbatean Washingtonen egingo den bilera argazki hutsean geratzea. Proposamen zehatzak eramango ditu G20aren aurrera eta neurri «irmoak eta anbiziotsuak» indarrean jartzea eskatuko du, atzo Nicolas Sarkozy EBko jarduneko presidenteak iragarri zuenez. Europarren proposamenen artean dago Nazioarteko Diru Funtsaren ardurapean geratzea nazioarteko finantzen gainbegiratzea.
EBko 27 kideek bilera egin zuten atzo Bruselan, gaur zortzikoa prestatzeko, eta Sarkozyk nabarmendu zuenez, onartu egin zuten «ahots bakarrarekin» hitz egingo dutela Washingtonen.
G20ko kide direnez gain -Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia-, oso litekeena da Espainia ere joatea, Frantzia EBko lehendakari gisa dagokion lekua hari uzteko prest dagoelako. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak kanpaina diplomatiko handia egin du azken bi asteotan leku bat lortzearren.
Aho batez onartu zuten atzo Frantziak proposatutako txostena. Hori bai, aurretik Sarkozyk testua bigundu behar izan zuen, hasierakoan joera liberalena duten herrialdeentzat onartezinak ziren proposamenak agertzen baitziren. Azkenean, EBk eskatuko du finantza erakunderik edo tresnarik ez geratzea arauditik kanpo. Hedge fund delakoek, esaterako, askatasun osoz funtzionatzen dute orain. Edonola ere, Sarkozyk argi utzi nahi izan zuen ez zutela «araudi ezatik gehiegizko araudietara» igaro nahi.
Lehen neurriak larunbatean
Egun bakarreko bileran neurri finantza sistema berri bat finkatzea ezinezkoa dela jakitun -oraingo eredua ezarri zuen Bretton Woodseko bilerak 22 egun iraun zuen-, Europako Batasunak proposatuko du ehun eguneko epean beste bat egitea, aurrerako urratsak ebaluatu eta helburu berriak zehazteko.
Baina EBk uste du datorren larunbatean bertan zenbait erabaki har daitezkeela. Horien artean, finantza industriari kodeak inposatzea arrisku handiegiak hartzea eragozteko, rating agentzien exijentzia maila handitzea, eta finantza erakundeetako goi buruzagien sariak mugatzea.
EBk NDFri eman nahi dio munduko finantzak gainbegiratzeko ardura
Europako Batasunak proposamen bateratua eramango du Washingtongo datorren asteko bilerara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu