Ituna sinatzeko luma esku batean eta makila bestean. Europako Batasunak horrela egingo die aurre Donald Trumpek iragarritako %30eko muga zergak indarrean jartzeko falta diren bi asteei. Tarte horretan, AEBekin merkataritza harremanei buruzko akordio bat lortzeari emango dio lehentasuna Bruselak, baina halakorik ez lortzea oso posible dela ikusita, bigarren zigor sorta bat ere prestatzen ari da. Espero du estrategia hori baliatuta Trump azken unean kikildu egingo dela eta merkataritza gerrari ekitea saihestuko dutela. Akordioa egin ezean kaltea bi aldeentzat izango dela onartu du Europako Batasunak.
Joan den larunbatean, Trumpek bere mehatxua bete zuen, eta iragarri zuen hirukoiztu egingo zuela azken hilabeteetan EBko produktuek AEBetan sartzeko ordaindu behar duten muga zerga. Horrelako zerga batzuek Atlantikoaren iparraldeko merkataritza harremana deuseztatuko lukeela ohartarazi du Maros Sefcovic EBko Merkataritza komisarioak. «%30eko edo hortik gorako muga zerga batek eragin bera du. Funtsean, merkataritza eragozten du», ziurtatu du Bruselan, EBko Merkataritza ministroekin bilera izan aurretik. Trumpek ohartarazi du %30etik gorako muga zergak ezarriko dizkiola EBri hark bere muga zergak handituz gero.
Trump iritsi aurretik, batez beste %5etik beherako zergak jartzen zizkieten elkarri Washingtonek eta Bruselak, eta horrek ekoizpen kate bateratuak sortu izan ditu sektore batzuetan. Halakorik ez dela posible izango ohartarazi du Sefcovicek. «Erakutsi iezadazu muga zergen politika horrekin gustura legokeen industria buruzagi bat».
Sefcovic bera ari da negoziatzen EBren aldetik, eta gaur hitz egitekoa da Howard Lutnick AEBetako Merkataritza idazkariarekin, duela aste batzuk hasitako negoziazioei berriz ekiteko. Elkarrizketarako prest azaldu zen, bere aldetik, Trump bera, «baita EBrekin ere».
Sefcovicek onartu du Trumpen asteburuko iragarpenak «atsekabetu» egin zituela, «uste genuelako akordioa lortzeko zorian geundela». Orain, ordea, «dinamika oso desberdin bat» sortu da, «premia bat».
«%30eko edo hortik gorako muga zerga batek eragin bera du. Funtsean, merkataritza eragozten du»
MAROS SEFCOVIC Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa
Negoziazioetan EB «izugarrizko pazientzia eta abilezia» izaten ari dela adierazi du Sefcovicek, baina aldi berean onartu muga zergei buruzko zalantzek ezin dutela luzaroan iraun, enpresei kalte egiten dielako ez jakiteak zer nolako egoerari egin beharko dioten aurre. Hortaz, komisarioak nabarmendu du Batasunak prest egon behar duela Trumpen iragarpenei «ongi pentsatutako neurrizko zigorren bidez» erantzuteko.
Zigor horietako lehenak kaxoian izan ditu EBk Trumpek merkataritza gerra abiatu zuenetik, pasa den apirilean. AEBen 21.000 milioi euroren inportazioei muga zergak handitzea dakarte, tartean Harley Davidson motorrei eta oilaskoei. Negoziazioetan giroa ez txartzeko keinu gisa, EBk hainbat aldiz atzeratu du muga zerga horiek aplikatzea, eta gauza bera egitea erabaki du orain ere: bihar ziren indarrean jartzekoak, baina abuztura arte itxarotea erabaki du Bruselak, elkarrizketen azken txanpan trabarik ez izateko.
72.000 milioi jomugan
Baina beste neurri sorta bat ere prestatzen ari da Batzordea, eta hori ezartzeko adostasuna lortu nahi izan du Sefcovicek ministroekin izandako bileran. Hasieran AEBetik egindako inportazio jakin batzuei jarri behar zizkien muga zerga handiagoak, 90.000 milioi eurotik gorakoei, hain justu; baina estatu kideak Batzordea presionatzen aritu dira sektore kuttun batzuk zerrendatik kentzeko, eta orain 72.000 milioiren inportazioak ditu jomugan EBk.
Edonola ere, EBk zigortu ditzakeen inportazioak txikiagoak izango dira AEBek zigortuko dituenak baino. Batetik, Europak gutxiago inportatzen duelako AEBetatik —350.000 milioi dolarreko balioa duten ondasunak inportatzen ditu, eta 500.000 milioi dolarretik gorakoak esportatu—, eta, bestetik, ez delako erraza handik ekartzen dituen produktu batzuk beste nonbaiten aurkitzea (gasa eta petrolioa, nagusiki).
Beste arma bat ere badu EBk bere armategian: ACI edo hertsapenaren aurkako tresna. Haren bitartez, Europako Batzordeak mugak jar diezazkieke herrialde bateko zerbitzu enpresei, baldin eta erabakitzen badu herrialde hark ez duela garbi jokatzen merkataritza kontuetan. «Egoera ezohikoetarako da hori, eta oraindik ez gaude egoera horretan», esan zuen asteburuan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Gaur, ordea, tresna hori mahai gainean dagoela esan du Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak: «Bakea nahi baduzu, gerrarako prestatu behar duzu».