EBko auzitegiak asteartean erabakiko du IRPHaz

jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Baliteke oinean beste tiro bat hartzea bankuek datorren asteartean; oraingoan, Europako Batasuneko Auzitegiak botea. Hipoteka bat IRPHari loturik daukatenek egun horretan jakingo dute hura aldatzeko eskubidea duten, eta, batez ere, Euriborra erreferentzia gisa ez edukitzegatik pagatu duten alde osoa edo zati bat berreskuratu ahal izango duten.

Haien eguneroko ekonomian eragin handia izan dezake erabakiak: IRPH indizea dela eta, hilero 250-300 euro gehiago ordaindu dute urte askoan. IRPH Stop plataformaren arabera, Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 1,3 milioi kaltetu inguru daude. Adicae kontsumitzaileen elkarteak azaldu du hipoteka bakoitzagatik batez beste 20.000 euro inguru jaso ditzaketela bueltan. Kutxabankek onartu du 727 milioi mailegaturik dituela indize horrekin.

Kopuruak gorabehera, zaila da aurreikustea zenbatekoa litzatekeen IRPHaren kontrako ebazpen baten eragina. Indize hori ordezkatuko lukeen erreferentzia jakin beharko litzateke, eta, batez ere, bien arteko aldea atzerako eraginez itzuli beharko litzatekeen ala ez, eta zenbat erreklamazio hartu beharko liratekeen kontuan.

Izan ere, EBko epaitegiak erabaki behar du IRPHa Europak ezarritako estandarren barruan dagoen ala ez, abusuzko klausulei dagokien arautegia eskuan duela. Alegia, zoru klausulen auzian eta hipoteken gastuen klausuletan egin zuen moduan, IRPHa ere abusuzkoa den ala ez deliberatu behar du. Baietz ebatziko balu, Espainiako auzitegien esku geratuko lirateke hortik aurrerakoak: kasuan-kasuan ikusi beharko lukete abusua dagoen ala ez, eta, hala badagokio, bankuek bezeroei itzuli beharreko kopuruak zehaztu beharko lituzkete.

Milaka milioi jokoan

Espainiako OCU kontsumitzaileen elkarteak uste du bezeroen aldeko epai batek ┬źdemanda uholde bat┬╗ eragingo lukeela. Ebazpenak atzerako eraginari ateak irekiz gero, baliteke bankuek milaka milioi galtzea; Goldman Sachsen arabera, 7.000-44.000 milioi bitarte.

Luxenburgora iritsi den eztabaidaren abiapuntua Gasteizen dago. Bi epaitegik arrazoia eman zioten Kutxabankeko bezero bati, eta kobratutako interes guztiak itzultzera behartu zuten bankua. Baina hark Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen, eta epaileek arrazoia eman zioten, esanez IRPH indizea ez zela abusuzkoa. Ebazpen horren harira, zalantzak argitzeko eskatu zion Bartzelonako epaile batek Europako epaitegiari, Bankiaren bezero baten kasuari buruz.

Historia katramilatsua du IRPHak. Euriborra oso altu zegoen garaian sartu zuten banku eta kutxek, esanez egonkorragoa zela. Baina Euriborra minimoetara jaitsi zenean, aski garestiago jarraitu zuen IRHPak, eta manipulagarritzat jo zuten kaltetuen elkarteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.