EBko Justizia Auzitegiak neurri batean arrazoia eman die interinoei

Iradoki du langile horiek finko egitea irtenbide bat izan daitekeela administrazioko behin-behinekotasuna amaitzeko.

administrazioa
Eusko Jaurlaritzako administrazio nagusiko langile batzuk, Lakuako egoitzara sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 22a
15:35
Entzun

Ostegun honetan, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi du administrazioko bitarteko langile edo langile interinoak finko egitea irtenbide bat izan daitekeela aldi baterako enpleguen gehiegikeria amaitzeko. Ez ditu ezbaian jarri gaur egun abian diren egonkortze prozesuak, baina gaineratu du oposizioa gainditzen ez duten interinoei ematen zaien konpentsazio ekonomikoak ez duela betetzen Europako Batzordearen 1999/70 Zuzentarauaren 5. klausula.

Luxenburgoko auzitegiak erantzun hori eman dio Madrilgo Auzitegi Nagusiak egindako galdera bati. Horrek ez ditu baliogabetzen orain arteko erabakiak eta egonkortze prozesuak, eta ez ditu behartzen Espainiako eta Hego Euskal Herriko administrazioak hiru urte baino gehiago postu berean daramaten bitarteko langile guztiak langile finko bihurtzera. Iradoki du aukera bat izan daitekeela, baina ez bakarra. Hori Espainiako auzitegiek erabaki behar dutela esan du. Hau da, pilota haien zelaira itzuli du.

Adierazi du, hori bai, Espainiako Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak dioenaren aurka, irtenbideetako bat ezin daitekeela izan aldi baterako beharginei kontratu mugagabe ez-finkoa egitea —administrazio batzuek interino batzuekin egin duten moduan—, aldi baterako kontratua baitute oraindik ere.

Langile horiek, hala ere, lanpostua lortzeko aukera dute abian jarri diren egonkortze prozesuetan. Prozesu horietako askotan eskatutako baldintzek erraztu egiten dute lanpostuan interino daudenak sartzea —ez dute azterketarik egin behar, eta esperientzia eta meritu jakin batzuk eskatzen dizkiete, kasu askotan soilik haiek betetzen dituztenak...—. Hala ere, lanpostu guztiak ez dira lehiaketara atera.

Langile horien eskaerak eta eskubideak defendatzeko, Hego Euskal Herrian Interinok taldea sortu zuten, eta, besteak beste, administrazioko alor batzuetako hauteskunde sindikaletan aurkeztu da.

ELAren arabera, Luxenburgoren erantzunak agerian utzi du «erakundeek eta alderdi politikoek» ez dutela borondaterik sektore publikoko behin-behinekotasuna amaitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.