EBZk bere horretan utzi ditu interes tasak

«Desinflazioaren prozesua» amaitutzat jo du Christine Lagardek. Gordailuen tasak %2an segituko du, eta ez dago jaitsiera gehiagoren zantzurik. Europako Banku Zentralak ez du aldaketarik aurreikusten inflazioan.

Christine Lagarde, EBZko presidentea, gaur Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE
Christine Lagarde, EBZko presidentea, gaur Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE
Irune Lasa.
2025eko irailaren 11
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ustekaberik eman gabe, espero zena egin du EBZ Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak, eta ez da aldaketarik izan euroaren interes tasa ofizialetan. Gordailuen tasak —EBZren erreferentziazkoak—%2an segituko du.

Christine Lagarde EBZko presidenteak azaldu duenez, horretarako arrazoi nagusia zera da, ez duela aurreikusten aldaketa handirik inflazioan, ezta ekainean egindako iragarpenetatik ere.

Iaztik tasak zortzi aldiz jaitsi ostean, gaurkoa da interes tasak aldaketarik gabe geratzen diren bigarren aldia, ekaineko bileraren ondoren. Abenduan bilduko da berriz Gobernu Kontseilua, eta horri begira, Lagarde saiatu da inolako zantzurik ez ematen bere adierazpenetan, ea badagoen aukerarik beste jaitsieraren bat izateko. «Belatza [tasak txikitzearen kontrakoa] naizela diozue; ez naiz belatza, ez naiz usoa [tasa txikien aldekoa], hontza naiz», esan du Lagardek.

Hori bai, EBZko buruak azpimarratu duenez, «desinflazioaren prozesua amaitu da, eta toki onean gaude». Lagarderen arabera, inflazioa EBZk nahi duen mailan dago, euroguneko ekonomia erresilientzia erakusten ari da, eta hazkunde ekonomikorako «arriskuak orekatu egin dira». Hitz horiek entzunda, analista gehienen susmoa da tasen jaitsierak bukatu direla tarte baterako.

«Desinflazioaren prozesua amaitu da, eta toki onean gaude»

CHRISTINE LAGARDE EBZko presidentea

Arrisku orekatuen adierazpena azaltzerakoan, Lagardek gogora ekarri du ekaineko ziurtasun falta orokorra, nola bazegoen arriskua EB merkataritza gerran AEBei erantzuten hastekoa. Orain AEBek eta EBk merkataritza akordioa lortu dutenez, ziurgabetasuna apaldu egin dela uste du EBZko presidenteak. Hori bai, haren ustez denbora beharko da akordio horren ondorioak zein diren ikusteko.

Arriskuak aletu ditu Lagardek: «Berriz ere merkataritza harremanak okertuko balira, esportazioak kaltetuko lirateke, eta inbertsioak eta kontsumoa apaldu. Finantza merkatuetako sentimendua okertuz gero, litekeena da finantza baldintzak estutzea eta hazkundea kaltetzea». Arrisku geopolitikoak ere oraindik hor daudela esan du, eta zehazki Ukraina eta Ekialde Hurbila aipatu ditu.

Ekonomiak alde dituen haizeak ere zerrendatu ditu EBZko buruak: «Aitzitik, defentsan eta azpiegituretan gastua espero baino handiagoa izatea espero daiteke. Enpresen konfiantza igoko balitz, baliteke inbertsio pribatuak areagotzea, eta horretan lagundu dezakete tentsio geopolitikoak apaltzeak eta merkataritza gatazkak uste baino lehenago amaitzeak».

«Beldurrerako eta itxaropenerako arrazoiak daude», esan du, eta beste arrisku eta aukera batzuk agertu direla gaineratu. «Ez dut esan nahi arriskuak desagertu direnik ezta erronkarik ez dugunik». Horregatik, Lagardek beste behin adierazi du EBZk erabakiak bileraz bilera hartuko dituela aurrerantzean ere.

Aurreikuspenak

Ekainean egindako aurreikuspenak eguneratzean, EBZko teknikariek ez dute aldaketa esanguratsurik iragarri inflazioan: 2025. urtean euroguneko batez besteko inflazio tasa %2,1ekoa izango da; %1,7koa 2026an, eta %1,9koa 2027an. Azken datu horretan izan da aldaketarik handiena. Ekainean banku zentralak 2027rako %2ko inflazioa iragarri zuen —maila hori da EBZren helburua—.

Energia eta elikagaiak kanpoan uzten dituen azpiko inflazioa motelduz joango dela aurreikusten du oraindik EBZk: aurten batez besteko tasa %2,4koa izango da, %1,9koa 2026. urtean, eta %1,8koa 2027an.

EBZk, berriz, moldatu ditu hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak ekainean egindakoetatik. Aurten euroguneko ekonomia %1,2 haziko dela iragarri du, ekainean eman zuen %0,9ko datutik gora. 2026rako, ordea, hazkunde apalagoa aurreikusi du, %1ekoa, eta 2027rako %1,3ko hazkundea, lehen bezala.

Frantzia

Frantziari buruz galdetuta, Lagardek uko egin dio herrialde jakin bati buruz aritzeari. Hala ere, gaineratu du ziurgabetasunaren erdian konfiantza duela arduradun politikoetan. Finantza egonkortasunaren garrantzia ere aipatu du, ziurrenik Frantziari buruz.

Euroguneko zenbait herrialderen zor subiranoen errentagarritasunak handitzen ari direla eta, Lagardek esan du «euroguneko bonu merkatuak ordenatuta» daudela, «likidezia nahikoarekin». Gaineratu duenez, «EBZk behar dituen tresna guztiak ditu erabiltzeko prest, transmisio monetarioa ez balitz behar bezala ariko eurogunean». Hala ere, azaldu du tresna horiei buruzko elkarrizketarik ez dela izan bilkuran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.