EBZk interes tasak igo ditu hiru urteren ondoren, eta aurreikuspenak okertu

Europako Banku Zentralak 0,25 puntu igo du diruaren prezioa, eta, horren ondorioz, oinarrizko tasa %2,25ean geratu da. Petrolioaren garestitzeak aldarazi dio jarrera erakundeari. Merkatuek ez dute baztertzen aurten beste igoera bat egotea.

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur egindako prentsaurrekoan. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur egindako prentsaurrekoan. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
jokin sagarzazu
2026ko ekainaren 11
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi urte eta zortzi hilabete. Denbora hori behar izan du EBZ Europako Banku Zentralak botoia sakatzeko. Denbora hori iraun du ekonomiaren hazkunde ziklo apal eta zalantzazkoak. Irango gerrak eragindako energia krisiak inflazioa presiopean jarri du berriz ere, eta horrek tasak igotzera behartu du Christine Lagarde buru duen erakundea.

EBZren Gobernu Kontseiluak aho batez erabaki du diruaren prezioa 0,25 puntu igotzea, eta, horrenbestez, gordailuen tasa nagusia %2,25ean ezartzea. Neurri horrek enpresentzako kreditua garestituko du, eta herritarrek ere nabarituko dute eragina, bereziki hipoteka bat dutenek, euriborraren bidez, zeinak dagoeneko goranzko joera hartua duen. Hortaz, ekonomia beste koska bat hoztuko da.

Gainera, prezioen igoera denera zabaltzen hasia da. Horri eusteko erabaki du EBZk interes tasak igotzea. Maiatzean, euroguneko inflazioa %3,2koa izan zen, apirilean baino bi hamarren handiagoa, eta goranzko joera izan du lau hilabetez jarraian; urrun dago, beraz, ekonomiak hazten jarraitzeko banku zentralarentzat ideala den tasatik, %2tik, alegia. «Ekialde Hurbileko gerra espero zen baino gehiago irauten ari da. Presio inflazionista handitzen ari da, eta interes tasak igotzea egokia da epe ertainera begira», adierazi du Lagardek.

Prezioak, «kontrolik gabe»

Prezioen igoera ez da Ukrainako gerra piztu ondoren izandakoa bezainbestekoa, baina halako neurri bat hartzeko bezain nabarmena bai, EBZren arabera. Duela bost urteko hutsegitea saihestu nahi du horrela, orduan esan baitzuen inflazioa aldi baterakoa zela, eta asko itxaron zuen tasak igotzeko.

Orain, azkarrago jokatzea erabaki du, baina oso zuhur. Aurreikusten du petrolioaren eta gasaren prezioek gora eta gora jarraituko dutela baldin eta Ormuzko itsasartearen blokeoa luzatzen bada. Uste du balitekeela petrolio upelaren prezioa 120 dolarreraino iristea —gaur egun 90 dolar inguruan dago—, eta gasaren MWh-a 90 euroraino —gaur egun 50 euro inguruan dago—. Baina espero du igoerak hainbestekoak ez izatea.

«Inflazioari kontrolik gabe aurrera egiten uzten badiozu, gero askoz zailagoa da atzera egitea»

CHRISTINE LAGARDEEBZko presidentea

Hala ere, EBZk bere aurreikuspenak berrikusi ditu. Uste du 2026an euroguneko inflazioa %3koa izango dela, 2027an %2,3koa eta 2028an %2koa. Erakundearen arabera, energia eta jakiak kanpoan utzita, azpiko inflazioa %2,5 inguruan kokatuko da 2026an eta 2027an, eta %2,2 inguruan 2028an.

Lagarderen arabera, inflazioaren presioa elikagaietan, ondasunetan eta, batez ere, zerbitzuetan nabarituko da. Uste du interes tasen oraingo igoerarekin horri eutsi ahalko zaiola, baina merkatuek ez dute baztertzen aurten beste igoeraren bat izatea. EBZko buruak ez du ezer aurreratu nahi izan horri buruz.

Kontsumoa eta inbertsio publikoa

«Bakoitzak ahal duena egin behar du, eta prezioen egonkortasuna bermatzea da gure lana», laburbildu du Lagardek. «Inflazioari kontrolik gabe aurrera egiten uzten badiozu, gero askoz zailagoa da atzera egitea». Erakundeak interes tasak erabiltzen ditu inflazioari aurre egiteko, baina, EBZko buruak nabarmendu duenez, neurri horiek ez dira neutroak, diruaren garestitzeak ekonomia motelarazten baitu.

Euroguneko ekonomia egoera delikatuan dago. Oro har, barne produktu gordina %0,2 uzkurtu zen lehen hiruhilekoan. Herrialdeen artean, hala ere, bilakaera ez da homogeneoa. Frantziakoa %0,1 txikitu zen; Alemaniakoa, aldiz, %0,3 handitu zen, eta Italiakoa (%0,3) eta Espainiakoa ere igo ziren (%0,6).

Lagardek adierazi du, oro har, euroguneko ekonomiak hazten jarraituko duela. EBZk kalkulatu du %0,8ko hazkundea izango dela 2026an, %1,2koa 2027an eta %1,5ekoa 2028an. Duela hilabete batzuk iragarritakoa baino motelagoa, hori bai, «lehengaien merkatuetan, errenta errealetan eta konfiantzan izango duen eraginarengatik». «Energia kostu handiagoek eta konfiantza txikiagoak kalte egingo diote inbertsio pribatuari epe laburrean», azpimarratu du banku zentraleko presidenteak. Horri aurre egiteko, haren ustez, ezinbestekoa izango da inbertsio publikoa indartzea, hala nola azpiegituretan eta gastu militarrean.

Hala ere, Lagarderen arabera, kontsumoa izango da «Europaren hazkundearen motor nagusia» aurrerantzean ere. Adierazi du barne eskaria espero baino ahulagoa izango dela, «gerrak kalte egiten diolako konfiantzari eta energia kostuek errenta errealak murrizten dituztelako», baina, hala ere, uste du aurrezkiek eta azken urteetako soldata igoerek nahiko babes eskaintzen dutela egoerari eusteko. Oraingoz, behintzat.

Aho batez

Interes tasak igotzeko erabakia aho batez hartu du EBZk, Lagardek nabarmendu duenez. «Ez da bestelako proposamenik egon mahai gainean». Erabakiak ez du inor ezustean harrapatu, azken egunetan hala izango zela iradoki baitzuten erakundeko kideek. EBZko zuzendaritzako kide Isabel Schnabelek du tasak igotzearen aldeko ikuspegi kritikoenetako bat, eta hark maiatzaren amaieran Reuters agentzian egindako elkarrizketa batean adierazi zuen krisia zenbatekoa zen kontuan hartuta ezin zitzaiola ez ikusi egin, eta beharrezkoa izango zela interes tasak igotzea.

EBZk ez da zain egon beste banku zentralek zer erabakiko. AEBetako Erreserba Federalak apiril amaieran erabaki zuen interes tasak %3,75ean uztea, Donald Trump jaistearen aldekoa izan arren, eta gauza bera egin zuen Ingalaterrako Bankuak.

Finantza sektorean, berriz, lasaitasuna da nagusi. Bankuek uste dute interes tasen igoera txiki batek oraingoz ez duela kredituaren fluxua nabarmen oztopatuko. Asteazkenean Bilbon egindako foro batean, Kutxabankeko zuzendari nagusi Eduardo Ruiz de Gordejuelak adierazi zuen merkatuak eta enpresek dagoeneko «barneratuta» zeukatela EBZren mugimendua, eta eragin handiagoa izango duela produkzio kostuen igoerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE