EBZk lagundu dion arren, Portugal salbamendua jasotzeko zorian dago

Krisi politikoak zorrean duen eraginak kezkatuta, gastuak murrizteko eskatu dio Belgikako erregeak jarduneko gobernuariEuropako Banku Zentralaren zor erosketak finantza merkatuen presioa arindu du

Iker Aranburu.
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Berriz ere, finantza merkatuek ez diete jaramon handirik egin Europako Batasuneko estatuak beren kontuak txukuntzeko egiten ari diren eginahalei, eta Portugal salbamendu plana onartzeko zorian jarri dute. Jose Socrates Portugalgo lehen ministroak ukatu egin du erreskatea negoziatzen ari direla, eta oroitarazi du defizita murrizteko konpromisoak bete egin dituela hartutako neurri gogorrei esker —BEZa %23 da urtea hasi zenetik—. Baina antzeko argudioak baliatzen zituen duela hilabete eta erdi Irlandako Gobernuak, merkatuei eta EBko bazkideei amore eman aurretik. Europako Banku Zentrala Lisboako gobernuari arnasa pixka bat ematen saiatu da, eta Portugalgo zorra erosita lortu du haren prezioa jaistea.

EBko zor publikoaren krisiarentzat beste aste erabakigarri bat hasi zen atzo. Erabakigarritzat jo daiteke aste honetan ikusiko delako Portugalek ere beste bazkideen eta Nazioarteko Diru Funtsaren dirua behar ote izango duen. Erabakigarria da aste honetatik aurrera ikusiko delako zein den domino jokoan eroriko den hurrengo pieza.

Espainia da hautagai faboritoa, defizit handia ez ezik lotura handia ere baduelako Portugalgo ekonomiarekin. Espainiako bankuek dute beren zorroetan Portugalgo Estatuaren zorraren heren bat, 98.300 milioi dolar 2010eko ekainean, Nazioarteko Ordainketen Bankuaren (BIS) datuen arabera.Portugalen beste hartzekodun nagusiak Frantzia (48.500 milioi) eta Alemania dira (44.300).

Kezka handia Belgikan

Baina adi ibil daiteke Belgika ere. Herrialde hori ez dago periferiako diru xahutzaileen artean —PIGS ospetsuak—, baina beste bi osagai arriskutsu ditu: zor publikoa BPGa adinakoa da —EBko handienetan hirugarrena Greziaren eta Italiaren atzetik—, eta arazo politiko handiak ditu. Ekainean egin zituzten hauteskundeak, baina zazpi hilabete ez dira nahikoak izan alderdi politiko flandriarrek eta valoniarrek gobernua osatzeko. Albert II. erregeak gaur erabakiko du zein urrats egiten duen gobernua osatzeko, baina, orain arteko bitartekaritza saioen porrota ikusita, hauteskundeetara deitzea ere posible da.

Egoera ekonomikoak ere kezkatu du Albert II, eta, ezohiko keinu batean, gastuak murrizteko neurri gehiago hartzeko eskatu dio Yves Leterme jarduneko lehen ministroari. Bihar aurkeztuko duen txostenean, Letermek nabarmenduko du defizit publikoa esperotako %4,8 baino txikiagoa izango dela. Hala ere, jarduneko gobernuak ezin du hartu 2015 bitartean egin nahi duten 25.000 milioi euroko murrizketari buruzko erabakirik.

Belgikaren hamar urteko bonuak %4,24ko interesez pagatzenari ziren atzo, Alemaniak baino 1,4 puntu portzentual gehiago. Egunaren joanean baretu egin zen presioa, Portugalgoaren eta Espainiakoaren gainekoa bezalaxe, EBZ herrialde horien zorra erosten hasi zelako bigarren mailako merkatuetan.

Portugalek, Greziak eta Espainiak dirua eskatu behar dioteaste honetan merkatuei. Portugalen kasuan, %7tik gorako interesa pagatu behar izateak bultza dezake laguntza eskatzera. Azken egunotan %7,3an salerosi dute inbertitzaileek, eta atzo %6,99an itxi zuten merkatuek.

Europako Batzordeak, Amadeu Altafaj bozeramailearen ahotik, gezurtatu egin du salbamendu plana prestatzen ari direla. Frantziarekin batera erreskatea inposatu nahian dabilela ukatu nahi izan du Alemaniako Finantza ministro Wolfgang Schaueblek, baina adierazpen anbiguoa atera zaio: «Ez gara inor estutzen ari, baina euroa defendatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.