Urteak dira Bilboko Portuak buruhauste handi bat duela: edukiontzien trafikoa. Soltean salerosten ez diren zama guztiak edukiontzietan sartuta garraiatzen dira, eta balio erantsiko salgaiak izaten dira normalean —portuko mugimendu osoaren %7 dira—. Azken bost urteetan %32 egin dute behera, eta portuan haiek hartzeko egokituriko lautada handian toki libre asko dago. Aurten, baina, joera hori aldatzea espero du Bilboko Portuko Agintaritzak (BPA), eta baikortasun horren arrazoia MSC logistika multinazional erraldoiarekin ireki berri dituen bi bideak dira; bata Kanadarantz doa, eta bestea, Hego Amerikarantz.
Ivan Jimenezek eman du azalpena, BPAren presidente gisa eginiko lehen urteko balantzearen aurkezpenean. Arazo handi bat heredatu du aurreko presidente Ricardo Barkalaren eskutik, eta bi bide horiek irekita konpondu nahi du «gehien arduratzen» duen auzia. Iaz %7,6 apaldu zen edukiontzien kopurua, eta haietan garraiatutako zama, berriz, %6.
Abenduko datuak, baina, oso ezberdinak izan ziren, MSCren bi linea berriak martxan jarri zirenean: edukiontzien kopurua %2 handitu zen 2024ko abenduaren aldean, eta zama kantitatea, %12.
«Europako Batasunak eta AEBek lortu zuten merkataritza akordioan, energia salgaiak handik inportatzea adostu zuten, eta guk asko nabaritu dugu hori»
IVAN JIMENEZ Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea
Datu horiek ez zuten jarraitutasunik izan urtarrilean, denboraleek ez zutelako lagundu, baina Jimenezek ez du bere baikortasuna ezkutatu: «Beherakada eteteaz gain igoera nabarmena izango dugula uste dut». Anbizioz mintzatu da, gainera, eta nabarmendu du Bilboko portuan edukiontzi askorentzako tokia dagoela eta apurka betetzen joateko asmoa berreskuratuko dutela. Bere garaian, urtean milioi eta erdi edukiontzi mugitzea zuten helburu, eta iaz 430.000 mugitu zituzten.
Jatorri nagusia: AEBak
Edukiontziez harago, iazkoa ez zen urte gozoa izan portuarentzat. Zama trafikoak %6,8 egin zuen behera, baina Jimenezek azaldu du neurri handi batean Petronorren bi hilabeteko etenaldiak eragin zuela hori. Etenaldia egin izan ez balu, %0,5ekoa litzateke beherakada. Solteko salgai likidoen joan-etorria —petrolioa, gasa eta gasolina, besteak beste— portuak mugitzen duen zamaren %61 dira, eta Petronorren erabakiek berebiziko eragina dute azpiegituran.
Gora egin zuen salgai likido bakarra gas natural likidotua (GNL) izan zen (%16), eta horri dagokionez nabarmena izan zen AEBen pisua. «Europako Batasunaren eta AEBen arteko merkataritza akordioan, energia salgaiak handik inportatzea adostu zuten, eta nabaritu egin dugu hori», azaldu du. AEBetatik ekarritako inportazioak %40 handitu ziren, eta, ondorioz, herrialde hori izan zen portuko inportatzailerik handiena: %19.

AEBetatik inportaturiko GNLa %225 handitu zen, eta bertatik iritsi zen gasaren %49. Errusiatik baino gehiago iritsi zen AEBetatik, Errusiatik ekarritakoa %48 izan baitzen —2024an, %77 izan zen—. Txanponaren beste aldea AEBetara esportaturiko produktuak izan ziren: %35 egin zuten behera, bereziki muga zerga handiak dituztenek. Produktu kimikoak %43 jaitsi ziren, eta makina-erreminta, %16.
Ferryak Getxora?
Bilbokoa zama portua da batez ere, baina bidaiariak ere hartzen ditu, gero eta gehiago. Iaz 337.562 porturatu ziren, 2024an baino %19,4 gehiago. Horietatik 181.000k gurutzaontzi batean bidaiatu zuten (%31,6 gehiago), eta 156.500ek Irlandara eta Ingalaterrara zihoazen ferryetan (%8,4 gehiago). Jimenezek azaldu du ferryak are gehiago ugaritzea espero duela, ibilgailu handiak garraiatzen dituzten konpainiak —Brittany Ferries, esaterako— autoak lehenesten ari direlako kamioien edota atoien gainetik.
Horrekin lotuta, iragan astean hedabide batek zabaldu zuen Bilboko Portuko Agintaritzak ferryak Getxoko kaira bideratzeko asmoa duela, egun gurutzaontziak porturatzen diren kaira. Gauzak hala, autoek eta kamioiek ez lukete portu handia gurutzatu beharko, eta Getxotik irtengo lirateke zuzenean. Jimenezek ez du asmoa ukatu, baina azaldu du ikerketa sakona egin behar dela eta azterlan bat kontratatu dutela. Haren arabera, 11 hilabete iraungo du azterlan horrek.
«Ez diezagula kalte egin zintzo ari garenoi»
Jimenezek azaldu du gaur egun emisioen gaineko zergak (ETS) asko baldintzatzen duela Europako itsasontzien garraioa gaur egun. Ontziek zerga hori ordaindu behar dute sorturiko emisioengatik, eta jatorri eta helmuga portuen arabera ordaintzen da. Jimenezek esan du zergaren aldekoa dela, eta ez lukeela aldatzerik nahiko. Izan ere, Bilboko Portuko Agintaritza lan handia egiten ari da kaiak elektrifikatzeko; ondorioz, porturatzen diren ontziek ez dute isuririk sortzen geldi dauden bitartean, eta ETS txikiagoa ordaintzen dute. «Espero dut Europak atzera ez egitea, ez diezagula kalte egin etxeko lanak zintzo egiten ari garenoi».
Besteak beste, ikertuko dute zer-nolako eragina izango lukeen aldaketa horrek Getxoko trafikoan, eta ea ekonomikoki egingarria den aparkaleku bat eta hotel bat eraikitzea. Hotelari dagokionez, zehaztu du asko jota hamasei metroko altuera izango lukeela. Prozesu parte hartzaile bat ere iragarri du: «Egingo da? Ba, ez dakit, ikusi beharko da. Agian ez da egingarria, edo ekonomikoki ezin dugu jasan. Inbertsio handiak egin beharko ditugu, eta Espainiako Gobernuaren onespena behar dugu».
Hori ez da izan izan Jimenez aipatu duen herri lan bakarra. Azaldu du hegoaldeko trenbide saihesbideko lanak hasiak direla dagoeneko Ortuellan (Bizkaia), eta arin jardutea espero duela; izan ere, hango lurrak erabili behar dituzte portuko erdiko kaia handitzeko lanetan. Gehitu du, halaber, Sader enpresak portuan eraikiko dituen instalazioek —industria hondakinak tratatuko dituzte han— ez dutela itsasontzirik erakarriko, baina zentzuzkoa dela instalazio horiek portuan kokatzea, tratatuko dituzten hondakinen %60 portuko enpresek sortuko dituztelako.