Eusko Legebiltzarra

EH Bilduren ustez, Lanbide indartzea izan behar da Enplegu Legearen xedea

Koalizioak 50 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proiektuari. Enplegu politika pasiboen faltan, legea mugatua izango dela dio. Lanbide zuzenbide publikoko erakunde publiko bihurtzearen kontra dago EH Bildu.

Lanbide indartzea nahi duela dio EH Bilduk. Irudian, Lanbideren bulego bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irune Lasa.
2023ko urriaren 02a
12:53
Entzun

EH Bilduk 50 zuzenketa aurkeztuko dizkio Enplegu Legearen proiektuari. Pazis Garcia legebiltzarkidearen arabera, koalizioak lege proiektua hobetu nahi du, «betiere argi edukita legea defizit handi batekin jaioko dela, enplegu politika aktiboak bakarrik arautuko dituelako». Garciak azaldu du nola politika pasiboek, langabezia prestazioei buruzkoek kanpoan jarraituko duten, «horien inguruko transferentzia oraindik egin gabe dagoelako, nahiz eta Autonomia Estatutuan jasota egon eta legebiltzar honek eta gehiengo sindikalak aldarrikatzen duten. Beraz, lege mugatua izango da, ez baitu enplegu politika publiko integral bat garatzeko aukerarik emango».

Abiapuntu horrekin, koalizioaren ustez, Enplegu Legearen helburu nagusia Lanbide izan behar da, eta horretara datoz zuzenketak. «Lanbide euskal enplegu zerbitzu bezala indartzeko balio behar duelako legeak».

Ildo horretan, koalizioak gaitzetsi egin du lege proiektua Lanbideren izaeraz jasotzen duen asmoa, Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzekoa. «Lanbidek egungo izaera juridikoari eutsi behar dio», EH Bilduren ustez, «erakunde autonomo gisa, figura horrek kontrol publikoa eta gardentasuna hobeto bermatzen dituelako». Funtzio Publikoaren txostena ere aldaketaren aurkakoa dela gogoratu du Garciak.

Horrez gain, bermatu behar da Lanbidek beharrezko dituen baliabideak edukiko dituela ere, bai langile taldean eta bai prestakuntza arloan eta materialetan ere.

Kooperatibak Lanbideren administrazio kontseiluan parte hartzearen aldekoa da EH Bildu. Garciaren arabera, «ez dago inolako justifikaziorik euskal kooperatiben mugimendua Lanbidetik kanpo uzteko, gizartean dituen sustraiengatik eta euskal ekonomian duen pisuagatik; Enplegu Legeak ezin du Confebasken betoa ontzat eman».

Lanbideren zerbitzuen inguruko zuzenketak ere aurkeztu ditu EH Bilduk. Garciaren aburuz, Lanbide indartzearekin etorri beharko litzateke hura«erreferentzia nagusia bihurtzea etxeko enplegua kontratatzean, bai sektore horretan lan bila ari diren pertsonentzat, bai enplegu emaileentzat». Enplegu agentzia pribatuen esku hartzea mugatu beharko dela uste du EH Bilduk.

Enplegu inklusiboa, gazte enplegua sustatzeko kalitatezko programak eta enplegua eta lana sinonimotzat jotzen dituen terminologiaren berrikuspena dira, EH Bilduren zuzenketek ukitzen dituzten beste gai batzuk. Koalizioak uste du, halaber, Lanbidek prestakuntza ikastaroak euskaraz egiteko eskubidea bermatu behar duela, «eta euskararen ezagutza bultzatu, enplegagarritasuna hobetzeko elementu positibo gisa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.