Lehen sektorea

EHNEk ardien sektoreko esne enpresak salatuko ditu

Elikagaien katearen legea behin eta berriz urratzen dute enpresek, sindikatuaren arabera. Ardi esnearen litroaren kostaprezioa baino 30 zentimo merkeago saltzen dute esnea, gutxienez. 

EHNEko kideak protestan, gaur, Abaltzisketan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko irailaren 15a
13:08
Entzun

Legea bete dadila besterik ez dute eskatzen artzainek. Eguerdi honetarako, EHNE sindikatuak elkarretaratzera deitu du Abaltzisketan (Gipuzkoa), ekoizleek saltzen duten esnearen prezioak beren kostuak estaltzeko adinakoa izan behar duela esateko. Azken finean, prezio «justuak» besterik ez dituzte eskatzen. Hori da elikagaien katearen legeak ezartzen duena: katebegi bakoitzean lehengaiak ekoizpen prezioen azpitik saltzea eragoztea. EHNEk ohartarazi du hori betetzen ez duten kontratuak «badaudela», eta dagozkion neurriak hartuko dituela: ardien sektoreko esne enpresak salatuko ditu. Espainiako Gobernuko Elikagaien Informaziorako eta Kontrolerako Agentziari aurkeztuko dizkie horiek.

Bien bitartean, EHNEk zehaztu du batez beste 1,20-1,30 euro ordaintzen zaiela artzainei. Sindikatuak argi utzi du egoera hori «jasanezina» dela, eta «galtzeko zorian egon daiteken sektore bat» bihurtu daitekeela artzaintzarena.

Iaz, Eusko Jaurlaritzak behatokia sortu zuen kate osoaren kostuak aztertzeko, ekoizle eta banatzaileen artean artekari gisa: Elikaduraren eta Egurraren Balio Katearen Euskadiko Behatokia. Haren txosten baten arabera, 2021etik 2022ko irailera arte, %20 emendatu da esne litroaren kostaprezioa, 1,627 euroraino; 2020tik, %31 igo da. Horiek horrela, artzainek ardi esnearen kostaprezioa baino 30 zentimo gutxiagoan saltzen dute litro bakoitza, gutxienez. Bi urte horietako igoera esanguratsua, gehienbat, abereen elikadura eta energia gastuek eragin dute. Esnearen kostaprezioa kalkulatzerako orduan, behatokiak kontuan hartzen du eskulana ere, bai soldatapekoa, bai soldatarik gabekoa.

Bi hilabete eskas falta dira esnetarako ardien kanpaina hasteko Gipuzkoan; gero, Euskal Herrira zabalduko da. Sindikatuaren arabera, artzainek garai honetan jasotzen dituzte esnea saltzeko eskaintzak. Legearen arabera, kontratu berriak negoziazioak hasi eta hiru hilabetean itxi behar dira; berritzen direnean, gehienez bi hilabeteko epea dute hala egiteko aurreko kontratua iraungitzen denetik. Dena dela, legearen oinarrietako bat da betetzen ez dutena: kostaprezioa ez betetzea. «Irregulartasun horiek behin eta berriz» jakinarazi dizkie EHNEk sektoreko enpresa erosleei; egoera ez da aldatu legea 2021aren amaieran onartu zutenetik hona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.