Iazko zereal uzta inoizko emankorrena izan zen, eta aurtengoa bide beretik doa. Baina horrek ez du esan nahi laborariak kontent direnik. Izan ere, Nafarroako EHNEk adierazi du prezioak «irrigarriak» direla eta produkzio kostuen azpitik daudela. «Elikagaien Katearen legea ez da betetzen ari», salatu du, prentsa ohar batean. Sindikatuak ohartarazi duenez, prezioak bere horretan jarraituz gero eta iazkoaren pareko uzta bilketa izanez gero, baliteke nekazariek 28 milioi euro galtzea.
Iragan astean, Jesus Goñi Intia sozietate publikoko teknikariak aurreratu zuen aurtengoa «uzta ona» izatea espero dutela. Neguan eta udaberrian euri ugari egin du, eta Iruñerritik Erribera arteko eskualde bakoitzak bere baldintza propioak izan ditu. Hilabete inguru falta da zereala biltzen hasteko, eta, azken txanpa horretan uztak zer bilakaera izango duen jakin gabe ere, eremu guztietan errendimendu ona izatea espero da.
191Garia eta garagarraren prezioa. Nafarroako Gobernuaren prezio-behatokiaren iragan asteko datuen arabera, garagar tona 191 eurotan ordaintzen zen, eta gari tona, 210 eurotan —zereala eta garagarra lantzen dira gehien Iruñerritik hegoaldera dauden eskualdeetan—.
Dena den, hilabeteotan prezioek ez dute gora egin. Nafarroako Gobernuaren prezio-behatokiaren antzeko datuak eman ditu EHNEk: garagar tona 180 eurotan ordaintzen da, eta gari tona, 200 eurotan. Dena den, tona bakoitza ekoiztea 30-40 euro garestiago kostatzen zaio nekazariari —EHNEren arabera, garagarrak 210 euroko kostua du, eta gariak, 240 eurokoa—. «Suposatuz gero Nafarroan 930.000 tona zereal bilduko direla, espero den bezala, horrek esan nahiko luke 27,9 milioi euroko desoreka genukeela balantzean [diru sarreren eta gastuen artean]».
Paradoxikoki, aurreko hiru urteko uztak ez ziren onak izan, baina, prezioei dagokienez, hobeak izan ziren, batik bat 2021ekoa eta 2022koa. EHNEren arabera, auzia ez da zereal gehiago izatearen ondorioz prezioek behera egiten dutela. Sindikatuaren ustez, merkatuaren portaeraren atzean ezkutatzen diren sakoneko arrazoiei erreparatu behar zaie, eta hor zerikusi zuzena du Ukrainako gerrak. «Etengabe jo eta ke aritzen zaizkigu eskaintzaren eta eskariaren arteko lotura sakratuaz, eta nola ez muga zergez. Dena den, Errusiako eta Ukrainaren arteko gatazkak gehiago kezkatzen gaitu».
«Etengabe jo eta ke aritzen zaizkigu eskaintzaren eta eskariaren arteko lotura sakratuaz. Dena den, Errusiako eta Ukrainaren arteko gatazkak gehiago kezkatzen gaitu»NAFARROAKO EHNE
Izan ere, EHNEren arabera, Europako Batasunak Errusiako eta Bielorrusiako ongarriei tonako 40 euroko muga zerga ezarri die, eta espero da horien prezioak 430 eurora helduko direla 2028an. «Neurri horrek sektoreari zuzenean eragingo dio, eta produkzio kostuek gora egingo dute». Sindikatuak gaineratu duenez, horri gehituz gero Ukraina EBko kide bihur daitekeela, Europako gainerako zereal ekoizleek «jai» dute. Haren ustez, aukera handiak daude horretarako.
Egoera geopolitikoaren ondorio diren Europa mailako neurriok eragin zuzena dute, eta, horregatik, sindikatuek bilera eskatu diote Luis Planas Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai ministroari. Ukrainako zereal inportazioak mugatzeko eta sektorearentzako berehalako neurriak aktibatzeko eskatuko diote. «Gari bigun kopurua zazpi bider handitu da, eta horrek larriki eragin du merkatuan, eta lehen sektorea txanpon truke geopolitiko bihurtu du».
Hori dela eta, EHNEk eta beste nekazaritza erakundeek eskatu dute Ukrainarekin merkataritza akordioak berrikusteko eta herrialde hartako garagar zein garia EBn mugatzeko.
Hain zuzen ere, Poloniak, Errumaniak, Eslovakiak eta beste herrialde batzuetako nekazarien protesten ondoren, Europako Batzordeak jakinarazi du ez duela berrituko Ukrainako hainbat produktu muga zergarik gabe EBn sartzea baimentzen duen 2022ko erabakia. Etzi iraungiko da itun hori, eta haren ordezkoa negoziatzen ari dira Brusela eta Kiev.