Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetarako sei egunen faltan, berripaperetako lerroburuak bereganatzeko adinako albistea eman du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek: ehun milioi eurotik gora dituztenek zerga bat ordaindu beharko dute. Sanchezen esanetan, zerga horren bidez bildutako dirua «babestutako etxebizitzak sustatzeko, pentsioak bermatzeko, eta haurrak dituzten familiei bideratutako dirulaguntza bat bultzatzeko» erabiliko litzateke.
X sare sozialean zabaldutako bideo baten bidez eman du horren berri, hauteskunde kanpainako eredu konbentzionaletik aterata, dagoeneko lehiarako eremu bihurtu den plataformetako batean. Gaur-gaurkoz presidente denak ez du, halere, xehetasunik eman: ez du zehaztu zer neurri hartuko lituzketen, ezta zer aldaketa egingo lituzketen ere. Besterik gabe, esan du «modua» asmatu beharra dagoela gehien duten horiek sistema fiskalaren zirrikituak balia ez ditzaten, eta zerga horrekin bi milioi euro gehiago bilduko liratekeela.
Klaseen artean areagotzen ari den arrakala ekonomikoari erreparatu dio, eta salatu herritarren %0,1en esku dagoela aberastasunaren %10. «Eta joera goranzkoa da 2010etik», nabarmendu du. Hala, argi utzi nahi izan du zerga horrek ez liokeela klase ertainari eragingo, ezta «enpresari txiki eta ertainei» ere. «Gehien dutenei zergak jaitsi nahi dizkiete batzuek; bada, guk uste dugu horiexek direla, hain zuzen ere, denon ongizaterako gehien eman behar dutenak», gehitu du.