Ekainean 125.000 lanpostu galdu dira AEBetan, atzeraldian sartu zirenetik gehien

Aurreikuspenen kontra, ekainean langabeen kopurua %0,2 jaitsi da, eta %9,5ean da hango langabezia tasa

Erredakzioa
2010eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Aditu gehienek aurreikusitakoaren kontra, Ameriketako Estatu Batuetan %0,2 jaitsi da langabeen zenbatekoa ekainean, eta %9,5ean da tasa. Hala diote hango Lan Departamenduak plazaratu berri dituen datuek. Kontua da 225.000 laguni aldi baterako kontratua bukatu zaiela ekainarekin batera, eta, ondorioz, langabezia tasa %9,8ra ailegatzea espero zela. Baina, azken asteetan uste baino lanpostu gehiago sortu ei da, eta ez dira bete aurreikuspenik beltzenak.

AEBetako arlo pribatuak 83.000 lanpostu berri sortu ditu ekainean, gehienak hezkuntzan, osasun arloan, eta garraio, ostalaritza eta turismo sektoreetan. Hala ere, guztira 125.000 enplegu desagertu dira, aurten hilabete bakarrean galdu diren gehien. Gauza da 625.000 lagun inguruk lan merkatua utzi dutela, eta haietako asko langabezia zerrendetan zeudela.

2007ko abendutik, AEBetako ekonomia atzeraldian sartu zenetik, 8,4 milioi enplegu galdu dira hango merkatuan. Iazko urrian %10,1era iritsi zen langabezia tasa, azken 26 urteotako mailarik handienera. Ekonomialarien aurreikuspenek diote, apurka-apurka, herrialdea atzeraldia gaindituz doan neurrian, txikituz joango dela portzentaje hori ere.

Eurogunea, egonkor

Euroguneko langabezia tasa%10ekoa zen artean maiatzean. Eta beste behin ere, euroa darabilten herrialdeen artean, Espainiak izan zuen langabezia tasarik handiena: %19,9koa, hain zuzen. Italia, Alemania eta Frantzia ez dira %10eko tasara ailegatzen, eta Austria eta Herbehereak %4aren bueltan dabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.