Ekonomia derrigorrezkoaren alde

Inkesta bati jarraituz, Ekonomisten Euskal Elkargoak adierazi du finantza arloko heziketak enbor-irakasgaia izan behar duela eta ez soilik hautazkoa; DBHko ibilbide akademiko guztietan ezartzea bultzatuko du

Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Finantza heziketari buruzko astea egiten ari da egunotan Euskal Ekonomisten Elkargoa, eta, atzo, gaiari buruz egin duen inkestaren berri eman zuen Sarrikoko fakultatean egindako aurkezpen publikoan. Galdeketa horretatik ondorio bat hartu du ekonomisten elkarteak: finantza arloko heziketaren irakasgaiek utzi behar diote hautazkoa izateari, eta derrigorrezkoen artean paratu behar dira.

560 pertsonak hartu dute parte inkestan. 346 ekonomistak eman dute iritzia, eta beste 270 pertsonak harremana dute irakaskuntzarekin. Ekonomistak, irakasleak edo ikasleak dira, elkargokoak eta kanpokokoak. Hamarretik bederatzik egin dute aurrerantzean enbor-irakasgai izatearen alde, ┬źikasketa plan guztiek derrigorrezko gutxieneko finantza heziketa bat edukitzeko┬╗. 30 urtetik gorako pertsonen, profesional ez-irakasleen eta elkargoko kideen artean indartsuena da erantzun hori. Aldiz, ikasleak dira ikasketa horiei garrantzi gutxien aitortzen diotenak.

Ibilbide akademiko guztietan halako irakasgai bat izatea defendatu du elkargoak. Bere gain hartu du eztabaida horretan aurrera egiteko konpromisoa, eta manifestu bat ere prestatu dute.

Gaur egun, hautazkoen artean daude finantza ezagutzari lotutako irakasgaiak. DBHn eta Batxilergoan daude ekonomiari eta enpresari lotutako hainbat, ikasleak aukeratutako bidearen arabera. Batxilergoan, esaterako, hiru eredu ezberdinetatik soilik bakarrean eskaintzen dira ekonomiari lotutako gaiak, lehen eta bigarren mailan. Ibilbidean agertzeak ez du bermatzen ikastetxe guztietan eskura egongo den irakasgaia, Heziberri 2020 curriculumari jarraituz ikastetxe bakoitzak erabakitzen baitu hautazkoen artetik zeintzuk eskainiko dituen.

Ekonomisten elkargoak prozesu bat jarri du martxan finantza arloko heziketa oinarrizko prestakuntzan nola sartu behar den erabakitzeko. Inkestaren emaitzei jarraituz, eman beharreko oinarrizko ezagutza batzuk definitu ditu: ekonomia, finantza plangintza, etika, gaur egungo sistema ekonomikoaren alternatibak, eta finantza produktuak.

Finantza erakundeak

Azken urteotan, bestelako unitate didaktikoen bidez ere landu dira ekonomiari lotutako gaiak. Foru aldundiek, esaterako, zerga politikari buruzko unitatea zabaltzen ari dira; Gipuzkoak abiatu zuen ideia. Ez da polemikarik gabeko kontu bat. Finantza erakundeak hasi dira eurek ere halako ikastaroak egiteko materialak bidaltzen, eta eztabaida bizia dago horien erabilerari buruz.

Inkestak berak agerian uzten ditu kezka horiek. Erabili beharreko material didaktikoen egileei dagokienez, finantza erakundeen balizko parte hartzea da %50era iristen ez den bakarra. Gizonek, 30 urtetik gorakoek eta profesional ez-irakasleen erdiek baino gutxiagok uste dute egokia dela finantza erakundeek egindako materiala erabiltzea. Emakumeek, 30 urtetik beherakoek edo hezkuntza sektoreko ordezkarien artean gehienek ontzat jotzen dute aukera hori. Hamarretik bederatzik uste dute unibertsitateek eta elkargoek egindako materiala erabili behar dela.

Eskaini beharreko edukiei buruz ere iritzi ezberdinak daude. Oro har, DBHn agertu beharreko alorrei buruz adostasun handiagoa dago, eta baita formakuntza hori egin behar duten irakasleen izaerari buruz ere. Aldiz, alde handiagoak daude batxilergoan landu beharreko edukien inguruan; ikuspuntu tekniko batetik, batez ere. Bestalde, gehienek uste dute irakasgaia arlo horretan ezagutza egiaztatua duten irakasleek edo ekonomistek soilik eskaini beharko luketela.

Ekonomisten elkargoak egin beharreko lanari buruz ere galdetu dute inkestan. Erantzunen arabera, formakuntza erraztu eta dinamizatzaile lana hartu behar ditu bere gain elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.