Ekonomiako Nobel saria, Robert Hall eta Michael Woodford estatubatuarrentzat

«Egonkortze makroekonomikoetarako oinarri mikroekonomikoetan egindako lana» saritu die akademiak. Familien eta enpresen espektatibek merkatuetan duten eragina azaleratu zuten, eta, hala, politika ekonomikoetarako tresna berriak ahalbidetu.

Ekonomiako aurtengo Nobel saridunei buruzko afixa, gaur, Stockholemen.  ANDERS WIKLUND / EFE
Ekonomiako aurtengo Nobel saridunei buruzko afixa, gaur, Stockholemen. ANDERS WIKLUND / EFE
Irune Lasa.
2026ko urriaren 12a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mundu osoko gobernu eta banku zentralek erabiltzen dituzten hainbat estrategiaren funtsean daude Robert Hallen (Kalifornia, 1943) eta Michael Woodforden (Massachusetts, 1955) lanak, gaur Ekonomiako Nobel saria irabazi dutenenak. Egonkortze makroekonomikoan, ziklo ekonomikoen fluktuazioak leunagoak izateko lanetan biek egindako ekarpena saritu du Suediako Akademiak.

Egonkortze makroekonomikoaren helburua da ziklo ekonomikoen gorabeherak ez izatea horren muturrekoak; langabezia ez izatea gehiegizkoa, ezta inflazioa ere.

Ziklo ekonomikoak merkatuaren esku ikusezinak egonkortzen zituela pentsatzen zen, Depresio Handiak erakutsi zuen arte esku horrek ez zuela horren ondo funtzionatzen, prezioak eta soldatak ez zirela beti behar bezala doitzen egoerara, eta ekonomia harrapatuta gera zitekeela langabezia oso handiko ataka estu batean.

Orduan erakutsi zuen John Maynard Keynesek gobernuek esku hartu behar zutela merkatuan, egonkortasuna berreskuratzeko. Langabezia handi hori eskari handiagoak beheratuko zuen, eta eskaria handitzeko transferentziak egin behar ziren kontsumora, interes tasak eta zergak murriztuz. Alderantzizkoa egin behar zen prezioek gehiegi egiten bazuten gora. Hots, zerga politika eta diru politika ziren ekonomiaren bilakaera leunerako bidea.

Baina Keynesen errezetak ez ziren baliagarriak 70eko urteetan, petrolio shocken ondoriozko langabezia eta inflazio handiko egoeretan, eta egonkortze makroekonomikorako estrategien ideia agortutzat eman zuten askok.

Eredu neokeynesiarrak

Hain zuzen, ideia hori berritzen egin dute ekarpena gaurko Nobel sariek. Hallek eta Woodfordek erakutsi zuten bazeudela eta gehitu zitezkeela beste eragile batzuk, mikroekonomikoak, egonkortze estrategietara.

Hallek eskariaren alorrean egin zuen ekarpena, azaleratuz familiek ez dituztela beren kontsumo erabakiak hartzen soilik une jakin horretako diru sarreren arabera, etorkizunerako espektatibek ere eragina dutela haien erosketetan, eta giltzarri direla etorkizunari buruzko usteak.

Woodfordek, berriz, eskaintzaren alorrean, ondorioztatu zuen enpresek beren prezioak modu zurrunean ezartzen zituztela, eta, beraz, esku ikusezinak ezin zituela horiek erraz doitu. Prezioen zurruntasun horrek, hain zuzen, etorkizunerako espektatibekin zerikusia zuela ikusi zuen Woodfordek, eta Hallek batera modelo oso bat sortu zuten, neokeynesianismoaren oinarri.

Bi ekonomista horien lanari esker, gobernuek eta banku zentralek hobeto uler ditzakete ziklo ekonomikoak, eta egonkortze politika egokiagoak egin ditzakete, krisiak leunduz, edo burbuilak saihestuz. Eta Halli eta Woodfordi esker, erakundeek badakite, era berean, espektatibek garrantzi handia dutela kontsumo erabakietan eta prezio ezarpenetan, eta, ondorioz, badakite gardentasuna garrantzitsua dela beren politiketan eta adierazpenetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA