Urrian hasiko da hauteskunde sindikalen epe trinkoa Hego Euskal Herrian, sindikatuen giharrari egiten zaion azterketarik zorrotzena. Lau urtean behin izaten da, eta zortzi hilabetean ordezkari sindikalen %42 berritzeko bozketak egiten dira lantegietan. ELA «berri on askorekin» iritsi da aurtengo arora eta egun duen lidergoa «sendotzeko» asmoarekin. Halaber, helburu zehatza jarri dio bere buruari: 10.000 ordezkari lortzea — 9.926 ordezkari ditu orain—.
Epe trinkoa Hego Euskal Herrian sindikatuak legeztatu zireneko aztarna bat da. 1978an lantoki guztietako hauteskundeak ia batera egin zituzten, eta, lau urteroko kadentzia hori mantendu izanaren ondorioz, hauteskundeetarako deialdiak pilatzen dira. Guztira 11.702 egongo dira jokoan, tartean lantegi handienetakoak.
«Hauteskunde hauek zilegitasuna ematen digute, patronalei ez bezala. Zer hauteskunde egiten da enpresa eremuan? Zeinek kontrolatzen ditu?»
MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia
Eta zeintzuk izango dira bozketa horiek? Batzorde bakoitzean gehiengoa duen sindikatuari dagokio hauteskundeetara deitzea, baina, haien indarraldiaren amaiera datari erreparatuta, ELAk gutxi gorabeherako data hauek ditu: azaro amaieran, esaterako, Michelinen, Mercedesen eta Gasteizko Udalean egingo dituzte bozketak; abenduan, CAFen eta Kutxabanken; otsailean, Nafarroako Volkswagenen, eta martxoan, hezkuntzan.
Ela nagusi hego euskal herrian
Epe trinkoa hastear dagoenean, hau da lau sindikatu nagusiek Hego Euskal Herrian duten ordezkaritza: ELAk, %35,82; LABek, %20,27; CCOOk, %18,94, eta UGTk, %14,02. EAEn sindikatuen hurrenkera bera da, baina batezbestekoak aldatzen dira: ELAk ordezkarien %40,30 du; LABek, %20,89; CCOOk, %17,37 eta UGTk, %10,25. Nafarroan, berriz, UGTk du ordezkari gehien: %24,56; ELA da bigarren, %23,29; CCOO hirugarren, %23,22 eta LAB laugarren %18,54.
Sindikatu abertzalea ELArekin lan baldintzak hobetu ditugu lelopean aurkeztuko da. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak azaldu du errealitate bat berretsi nahi izan dutela lelo horren bitartez: «Lan Harremanen Kontseiluaren datuek diote ELAk sinatzen dituen akordioetan lortzen direla hobekuntzarik handienak, hala soldatetan nola lanaldietan».
Lehendakariari eskaera
Lakuntzak bozketen garrantzia nabarmendu du, eta erantsi bozetara aurkezteak ELAri «zilegitasuna» ematen diola, besteak beste, eta Tamara Yague Confebaskeko presidenteari erantzuteko baliatu du aukera: «Sindikatuek langileen babes demokratikoa jasotzen dugu, patronalak ez bezala. Zer hauteskunde daude enpresen eremuan? Bada hauteskunderik edo kontrol publikorik».
ELA da Hego Euskal Herrian ordezkari gehien dituen sindikatua, eta idazkari nagusiak nabarmendu du horrek bere kontrabotere estrategia berresten duela. Alde horretatik, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eginiko eskaera errepikatu du, eta diru laguntza batzuk lortzeko Elkarrizketa Sozialeko Mahaian esertzea derrigorrezkoa izatea kritikatu du: «Neurri horrek CCOO, UGT eta patronala diruz hornitzeko eta antzerkia egiteko baino ez du balio. Indargabetu egin behar da».