Sindikatuen banaketa islatu du berriro Eusko Jaurlaritzak itunen urratzea arautuko duen organo berriaren auziak. LABek ez duela parte hartuko jakinarazi zuen herenegun, besteak beste «patronalak lan gatazken derrigorrezko arbitratzea inposatzeko gaitasuna» izango duelako hari esker; ELA, berriz, bertan izango da bere bi ordezkariekin, nahiz eta onartu «organoaren aurka» dagoela; itun kolektiboen «jarraipena bukaera arte egiteko» hartuko ditu bere eserlekuak ELAk. Joseba Villarrealek, sindikatuko negoziazio kolektiborako arduradunak, hala esan zion atzo BERRIAri. «Notario lanak egingo ditugu, alde bakoitzaren argazkia bertatik bertara atera ahal izateko».
Edonola ere, hankamotz eratuko da hurrengo asteotan lan hitzarmen bat betetzeari uztea zilegi ote den erabaki behar duen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako organoa. Eusko Jaurlaritzak iazko abenduan onartu zuen Orpricceren sorrera arautzen duen dekretua, eta aurki hasiko da lanean, Lan Harremanen Kontseiluaren barruan. 2012ko lan erreformaren ondorio bat da organo hori, eta Jaurlaritzak justifikatu du esanez EAEn horrelako erakunde bat osatu ezean Espainiakoen menpe geratuko litzatekeela hitzarmenei buruz erabakitzea.
«Organo horren aurka gaude; Espainiako Konstituzioaren aurkakoa ere izan daiteke, baina ez gaude prest organoaren eskuduntzak bakarrik patronalaren eta Jaurlaritzaren esku uzteko. Horregatik, han izango gara, eta alde bakoitzaren jarrerari argazkia ateratzeko konpromisoa hartu dugu». Villarrealek uste du ELAren presentziak ez duela organoa bera justifikatzen. «Espainiak eratua du berea; niri egokitu zait enpresa baten auzian Madrilen egotea». Horretan ados da Jaurlaritzarekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako organoa ez bada ekainaren 17a baino lehen abiatzen, PPren erreformak dio itunak urratzen direnean Espainiakoak aztertuko dituela.
Orpricceren bidez, erraza izango da derrigorrezko arbitratzea «inposatzea» kasu gehienetan, LABek herenegun salatu zuenez. Jaurlaritzaren dekretuaren arabera, hamasei kide izango ditu Orpriccek. Bata, lehendakaria, Tomas Arrieta LHK-ko presidentea edo hark erabakitako beste bat. Bosna kide izango dituzte Jaurlaritzak berak, sindikatuek eta patronalek. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, baina berezitasun batekin: enpresa batean hitzarmena ez aplikatzeko nahikoa izango da organoa osatzen duten talde bakoitzeko kideetako baten aldeko botoa. Alegia, gerta daiteke sindikatuen ordezkaritzaren gehiengo batek sinatutako itun bati buruz erabakitzea hitzarmen hori sinatu ez duen sindikatu bateko ordezkari bakarrak —demagun UGTko ordezkariak ELAk eta LABek sinatutako itun bati buruz erabakitzen duela—; nolabait, boto bakar horrek sindikatuen oniritzia emango lioke derrigorrezko arbitratze bati.
LABen hutsunearekin zer?
Gauzak horrela, sindikatuen bost eserlekuetatik bi, behintzat, ELAk hartuko ditu. LABek muzin egingo dio bereari, eta CCOOk eta UGTk ez dute argitu dagozkienak beteko dituzten (eserleku bana). Organoa eratzeko dekretuaren tramitazioa bertan behera uzteko eskatu diote Jaurlaritzari helegite baten bidez. Proiektua «atzera botatzeko» esan diote, ez daudela ados, arrazoi politiko-sindikalak tarteko. Helegiteak helegite, litekeena da organoa eratzen bada haien eserlekuak hartzea, hala CCOOk nola UGTk. LABek utzitako hutsunea nola beteko den ikusteko dago, bestalde. LHKn, dagokien ordezkaritzari uko egindako sindikatuen tokia besteek betetzen dute, baina ez dago argi Orpriccen hala gertatuko den.
Banaketa sindikala da itunak betetzeari uzteko organoaren auziak garbi utzi duena. Lan erreformaren jokaleku berrian, lan harremanak goitik behera aldatu dira, eta sindikatuek denetariko estrategiak dituzte muturreko egoerari aurre egiteko.
ELAk bere ordezkariak bidaliko ditu itunen urratzea arautzeko organora
LABen boikota baztertuta, Adolfo Muñozen sindikatua Orpricce organoan izango da, «itunen jarraipena bukaera arte egiteko»CCOOk eta UGTk oraindik ez dute argitu beren eserlekuak hartuko dituzten ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu