ELAk Bidelagun fundazioa sortu du, lan osasunean arreta jartzeko

Istripuen prebentzioan eta salaketan jardungo du, arlo horretan «bereziki trebaturiko» jendearekin. Behatoki izan asmo du, eta salaketak jasoko ditu

David Pena eta Amaia Aierbe ELAko zerbitzu juridikoetako kideak, Bidelagunen aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Lan osasunean espezializatuz gero, hala prebentzioan nola berrikuntza juridikoan, gauza handiak lor daitezkeela ikusi dugu. Eta horregatik sortu dugu Bidelagun». Amaia Aierbe ELAko zerbitzu juridikoen arduradunak horrela azaldu du sindikatuak langileen esku jarri duen lanabes berria. Bidelagun fundazioa lan osasuneko auzietan sakontzeko zerbitzu bat izango da, eta bi bide urratuko ditu: prebentzioa eta ikuspegi juridikoa. Luzera begira lan osasunaren behatoki izateko bokazioa ere badu.

ELA sindikatuak lan osasunarekin harremana duten auzietan sakontzeko beharra ikusi du. Azken kongresu konfederaleanbere buruari jarritako helburuetako bat zen, eta Bidelagunek mamitu du gabezia hori betetzeko modua. Fundazioak Durangon (Bizkaia) izango du egoitza; oraingoz, hiru langile izango ditu, eta bi norabidetan lan egingo du langileekin: batetik, formakuntza eskainiko die, prebentziorako; eta, bestetik, salaketak eta kexak jaso ahalko ditu. «Lan osasunarekin harremana duten hainbat auzi irabazi ditugu azken urteetan. Arlo horretan berezitu den lantalde bat osatu dugu», nabarmendu du Aierbek.

Sindikatuaren ustez, laneko osasun arazoek ez dute nahiko alarma sozial sortzen, ez enpresetan, ezta erakunde publikoetan ere. «Garesti ateratzen zaienean hasiko dira enpresak neurriak hartzen». Izan ere, sindikatu horren kalkuluaren arabera, Hego Euskal Herrian urtean 40.000 langilek hartzen dute gaixo agiria lan istripuen eraginez. Iaz, esaterako, 50 langile hil ziren istripuz, ELAren arabera. Europako lan osasuneko ikerketen arabera, istripu batengatik hiltzen den langile bakoitzeko 35 hiltzen dira lan gaixotasunen ondorioz.

Berrikuntza juridikoak

David Pena izango da Bidelaguneko abokatuetako bat, eta fundazioaren aurkezpenean aletu ditu Aierbek aipaturiko berrikuntza juridikoetako batzuk: «Kautelazko neurriak, esaterako, tresna eraginkor eta berritzaileak dira. Euskal Herriko lehenbizikoak gure ekintzari esker lortu ziren. Pandemian Osakidetzaren aurka lor zitezen lortu genuen, eta gero Ambuiberica azpikontratatara zabaldu ziren». Langileei maskarak eta babes bereziak eman behar zitzaizkiela ebatzi zuen epaileak, eta, ebazpenari esker, 24 ordu pasatu baino lehenago bete zen agindua.

Silizearen eta amiantoaren erabileren aurkako ebazpenak ere aipatu ditu abokatuak. Hildako langileen senideentzako kalte ordainak lortu dituzte, besteak beste, Sidenorren, Fagorren edo Sunsundeguin. Baita prebentziozko kalte ordainak ere: «Kasurik argiena Imanol Landa enpresaren aurkako ebazpena izan zen, Donostiako Metroak azpikontrataturikoa. 20.000 euro ordaindu behar izan zizkien langileei osasunerako arriskutsua zen lan bat egitera behartzeagatik. Istripua jazo aurreko kalte ordainak beste pauso bat dira prebentzioaren bidean».

ELAren bigarren fundazioa izango da, Manu Robles Arangizenarekin batera. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta apurka haziz joatea espero dute. Epe ertainera, beste helburu batzuk bere egingo ditu: besteak beste, jasotako informazio eta ezagutza lan hitzarmenen negoziazioetara eramatea, eta lan osasunaren egoeraren behatokia izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.