ELAk ere lanuztera deitu du urriaren 15erako, «Israelekiko harremanak eteteko eskatzeko»

Gainerako sindikatuek aukeratutako egun berean egingo du, baina ez du haiekin bat egin.

ELAren agerraldi bat, Palestinarekin elkartasuna adierazten duen afixa batekin.  MARISOL RAMIREZ / FOKU
ELAren agerraldi bat, Palestinarekin elkartasuna adierazten duen afixa batekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko irailaren 30a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

ELA sindikatuak ere lanuzteak iragarri ditu urriaren 15erako. Gainerako sindikatuek aukeratutako egun berean egingo ditu, baina ez du haiekin bat egin, eta mezu propioa helarazi du. Mobilizazioa baliatu nahi du Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari mintzatzeko eta Israelekin dituzten harremanak eten ditzatela eskatzeko.

«Palestinarren aurkako genozidioa geldiarazteko tresna guztiak erabili behar dira, eta orain Euskal Herriko alderdiek erabaki behar dute bai Gasteizen eta Iruñean, bai Madrilen, noraino eramango duten konpromiso hori», adierazi du ohar batean.

Joan den astean, sei sindikatuk —LAB, CCOO, Steilas, Hiru, Etxalde eta Solidarik— Hego Euskal Herrian lanuzteak egitera deitu zuten urriaren 15erako —UGTk, ESK-k eta CGTk ere bat egin dute—. Orduan, ELAk salatu zuen Espainian UGT eta CCOO egun bererako antolatzen ari ziren protestekin bat egiten ari zirela, eta ez zuen babestu.

Aurreko egunetan, ELAk LABi proposatu zion Hego Euskal Herrian beste egun batean mobilizatzeko, baina hark uko egin zion eskaintzari, Gazako genozidioaren salaketak «eremu sindikalean ahalik eta erantzun irmo eta zabalena» behar duela argudiatuta. ELA aipatu gabe, LABek azpimarratu zuen «sindikatu bakoitzaren proiekzio eta interes korporatiboak alde batera uzteko tenorea» dela.

ELAren iritzian, baina, «Espainiako erregimen sindikalak» antolatu dituen protestek beste helburu bat dute: «Sanchezen gobernua babestea», eta LABi leporatu dio «Espainiako sindikatuei jarraitzea».

«Ahots propioz»

Azkenean, lanuzteak egun bererako antolatu ditu ELAk. «Genozidio bati erantzuteko, ez dugu langile klasea zenbait deialdiren artean aukeratzera behartu nahi. Horregatik, urriaren 15ean lanuzteak egitera deituko dugu, Madrilgo deialdiaren aldean eduki zehatzagoak eta eraginkorragoak izanda».

Espainian UGTk eta CCOOk atzo erregistratutako deialdian, bi orduko lanuzteak jasotzen dira lan txanda bakoitzean. Hego Euskal Herrian bihar zehaztuko dute zer egingo duten. ELAk, berriz, ez du argitu ordu batzuetako lanuzteak izango diren edo egun osokoak, ezta zer beste ekintza egingo dituen ere.

Mezuari dagokionez, uste du Hego Euskal Herrian «ahots propioa» behar dela eta hemengo erakundeak eta enpresak ere «estutu» behar direla neurriak har ditzaten Palestinako genozidioa gelditzeko.

Madrilera begira, uste du «euskal alderdiek» Espainiako Gobernuari ematen dioten babes politikoa baldintzatu behar dutela, Espainiako Gorteetan egiten diren bozketa guztietan «Israelen aurkako boikota» proposatuz.


 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.