ELAk eta LABek «ausardia handiagoa» eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Parlamentu Sozialeko sindikatuek eta taldeek gizarte aldaketan sakontzeko politikak exijitu dituzte. Muñozek eta Etxaidek ezinbestekotzat jo dute kalea aktibatzea, alderdiak baldintzatu ahal izateko

Herritar ugari elkartu zen atzo Labriten, aldaketa sozial eta parte hartzaileak aldarrikatzeko asmoz. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hauxe daukagu. 2017ko aurrekontuetan mezu hori igorri dioNafarroako Gobernuak gizarteari, Parlamentu Sozialeko partaideen arabera. Atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan egindako ekitaldian, ELAk eta LABek nabarmendu zuten aurrekontu horiek ez dutela balio gizarte egoera larriari aurre egiteko. «Auzia ez bada eraldaketa soziala bultzatzea, orduan ez dakit zer aldaketaz ari garen», aipatu zuen Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Antzera mintzatu zen ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz: «Nafarroako Gobernuak, Jaurlaritzak bezala, politika desberdinak egitea galarazten duten tarte estuak onartu ditu». Horregatik, biek ala biek eskatu zioten foru gobernuari «ausardia handiagoa» benetako gizarte aldaketa bultzatzeko.

Ostegunean, Nafarroako Parlamentuan 2017ko aurrekontuak onartuko dituzte Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; gobernuak aurten baino 210 milioi euro gehiago izango ditu gastu zein inbertsio publikorako. Bilkura horri begira, atzo Labriten elkartu zen Parlamentu Soziala: besteak beste, ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT, Sasoia, Astearteak Eguzkitan, ATTAC, Bilgune Feminista eta Sustrai Erakuntza. Bilkura amaitu ondoren, manifestazioa egin zutenAurrekontu sozial parte-hartzaile, eta burujabeen alde lelopean.

Nafarroako Gobernuaren lehen hemezortzi hilabeteetan hobekuntzak antzeman ditu Etxaidek: «Bai ikusi ditugu aldaketak. Hasi dira erortzen erregimen zaharraren ikur batzuk, ikur frankista batzuk kendu dira, euskararen aurka borrokatzeari utzi zaio, eta CEN, CCOOk eta UGTk osatutako holding hori neurri gabe finantzatzeari utzi zaio».

Dena den, aurrekontuen edukiarekin kritiko azaldu ziren parte hartzaileak, eta gogora ekarri zuten aurreko urteetako gizarte mobilizazioek UPN gobernutik kanporatu zutela. Etxaidek kritikatu zuen gerora euren iritziak ez duela behar besteko baliorik izan. «Ezkerreko alderdi bakar batek ere ez du ukatzen aldaketa prozesu batek gizarte mugimenduen beharra duela, baina beste behin ere aurrekontuen lanketatik at geratu gara. Bakarrik gure iritzia eman ahal izan dugu, baina hura ez da loteslea eta batzuek ezin izan dute eman».

Muñozek azpimarratu zuen gobernuaren zeregina gizarte aldaketa bultzatzea izan beharko lukeela. «EAEn bezala, gobernu honek onartu ditu Rajoyk ezarritako defizit helburua muga gisa ezartzea, lehentasuna dela zorra ordaintzea eta fiskalitatea ez dela ukitzen. Horrela ez dago aldaketarik», ondorioztatu zuen.

Gizartea aktibatu

Haren irudiko, sindikatuek eta gizarte mugimenduek proposamenak kaleratzeko eta jendea mugiarazteko ardura dute. «Azkenean, ezjakintasunaren aurka borrokan ari gara. Botere ekonomikoak dena menperatzen du, eta botere politikoa haren menpe dago. Jendeari azaldu behar diogu aurrekontuak nola onartzen diren, eta parte hartze erreala dagoen heinean boterea mugatu dezakegula». Muñozek ezinbestekotzat jo du «kalea aktibatzea».

Sindikatu abertzaleek ukatu egin zuten euren posizioa maximalista dela. ELAren arabera, Nafarroak Europako Batasuneko batez besteko zerga presioa balu, 1.800 milioi euro gehiago lituzke. Muñozen hitzetan, ez da normala azken urteetan enpresen irabaziak handitzea eta sozietate zergaren bilketa 700 milioitik 200 milioira jaistea. «Azkenean, sozietate zerga zulatu dute, enpresek gutxiago ordain dezaten».

Etxaidek onartu zuen bidea ez dela erraza, subiranotasun politikoa falta delako, eta elite ekonomikoek politikak baldintzatzeko ahalmena dutelako: «Gatazkatsua izan behar du bideak. Gatazka saihestea bada aldaketa prozesu baten ezaugarria, ez dago inolako biderik. Ez dago orekarik. Ezin da orekarik bilatu aberastasuna bildu nahi duen elite baten eta hura aldatzea eskatzen dugun gehiengo sozialaren artean».

Muñozek esan zion gobernuari aliatuak izateko prest daudela bide horretan sakonduz gero. «Ez dugu jarrera otzanik onartuko», ohartarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.