Jaurlaritza gutxieneko soldataren alde inplikatzea nahi dute ELAk eta LABek

Bi sindikatuek bilera eskatu diote Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia sailburuari. Haren babesa nahi dute patronalaren blokeoa hausteko eta Madrilen presio egiteko.

Sindikatuetako ordezkariak herri ekinaldi legegilea aurkezteko sinadurekin Eusko Legebiltzarrean, iazko abuztuan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Sindikatuetako ordezkariak herri ekinaldi legegilea aurkezteko sinadurekin Eusko Legebiltzarrean, iazko abuztuan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jokin sagarzazu
2026ko uztailaren 17a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxieneko soldataren auzia Eusko Jaurlaritzaren mahaira itzuli nahi dute ELAk eta LABek. Martxoaren 17ko greba orokorraren ondoren, bilera eskatu diote Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuari, 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldataren aldeko konpromiso argia har dezan eta Confebasken blokeoa hausten lagun dezan.

Bi sindikatuen esanetan, mobilizazio eta greba zikloaren ondoren elkarrizketari bidea emateko garaia da. Gogorarazi dute, ordea, Torresek greba orokorraren aurretik uko egin ziola deitzaileekin biltzeari, eta salatu dute ordutik Jaurlaritzak ez duela gutxieneko soldataren inguruan berriz hitz egin nahi izan. Horregatik, ohartarazi dute «oso larria» izango litzatekeela «EAEko bi sindikatu nagusiei berriro ere bilera ukatzea».

ELAk eta LABek uste dute 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea ezinbesteko neurria dela pobreziari eta lan prekaritateari aurre egiteko — gaur egun 1.221 eurokoa da hilean Hego Euskal Herrian, Espainian bezala—. Haien iritziz, patronala izan da orain arte aldarri horren oztopo nagusia, baina Eusko Jaurlaritzak ere ez du behar besteko inplikaziorik erakutsi. Horregatik, Torresek Confebaski presioa egitea nahi dute, eta instituzioak gutxieneko soldataren aldeko eragile aktibo izatea.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarria beste fase batean sartu da azken hilabeteetan. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan bultzatutako herri ekinaldi legegileek porrot egin ostean —ez zituzten tramiterako onartu—, bi sindikatuek Madrilera eraman dute proposamena. Langileen Estatutua aldatzea proposatu dute, autonomia erkidegoek Espainiako Gobernuak ezarritako gutxieneko soldatatik gora beren lurraldeko gutxieneko soldata ezarri ahal izan dezaten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA