ELA sindikatuak Bilboko Udalari eskatu dio koronabirusaren aurkako prebentzio neurriak aplikatzeko Mercabilbaon, egoera «kritikoan» ikusten duelako.
Mercabilbaoren bazkide nagusia Bilboko Udala da, eta elikagai freskoen handizkako merkatu nagusia da Euskal Herrian: 70 enpresa inguru daude han. ELAk gogoratu duenez, Basaurin dago, «epidemiak gehien erasandako udalerrietako batean».
Sindikatuak adierazi duenez, «behin eta berriz» eskatu diete Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari langileak eta salgaiak babesteko neurriak ezartzeko, zerbitzua higiene eta osasun baldintza egokienetan emango dela bermatzeko, baina salatu du barrutira sartzen den ibilgailu kopurua mugatzea izan dela hartutako «neurri bakarra».
«Horren ondorioz, egoera oso larriak gertatzen ari dira: salgaiak estali gabe eta edonoren eskura, bezeroak eskularrurik eta maskararik gabe sartzen edo etxetik jarrita ekartzen, masifikazioa bezero batzuek ez dutelako errespetatzen barruan egoteko gehienezko denbora, eta pertsonen arteko metro eta erdia ez da errespetatzen».
ELAren ustez, egoera «eutsiezina» da. «Mercabilbao koronabirusaren kontrolik gabeko foku bihurtzeko arriskua dago; eta, jarduera bertan behera uztea erabakiko balitz, arazo larria egongo litzateke frutak, barazkiak eta arrainak hornitzeko».