Eusko Jaurlaritzak ez ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoen soldatak Madrilek agindutakoa baino gehiago igoko, eta horrek sindikatuen haserrea eragin du. Gaur izan dute Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren bilera, Gasteizen, eta ELAk, CCOOk eta UGTk kritikatu egin dute gobernuak bere eskumenak erabili ez izana beharginen lan baldintzak hobetzeko.
Ohar banatan, sindikatuek esan dute 2026ko aurrekontuetan Jaurlaritzak izoztu egingo dituela EAEko 115.000 langile publikoen soldatak, eta ez duela neurririk hartuko behin-behinekotasuna amaitzeko.
ELAk Jaurlaritzari egotzi dio «berriro ere» Espainiako Gobernuaren esku uztea EAEko langile publikoen enplegu beharren eta soldaten gaineko erabakiak, eta mobilizazioak iragarri ditu 2026ko aurrekontuetan aldaketak eskatzeko, besteak beste, «benetako behin-behinekotasuna» %8ra apaltzeko formulak ezartzea eta langile publikoen soldatak %8,6 igotzea. «EAJk atzo asmoa adierazi zuen lanbide arteko gutxieneko soldata autogobernuaren bitartez defendatzeko, baina gaur argi utzi du ez duela asmorik langile publikoen soldata, enplegua eta lan baldintzak hemen erabakitzeko», adierazi du sindikatuak.
%8,6Zenbat murriztu den 2022tik EAEko langile publikoen erosahalmena. ELA sindikatuaren arabera, EAEko langile publikoen erosahalmena %8,6 murriztu da 2022tik; horregatik, 2026ko aurrekontuetan soldatak %8,6 igotzea galdegin du.
Gogorarazi du Jaurlaritzako langileen %42 behin-behinekoak direla —sektore pribatukoak halako hiru—, beharginek erosahalmenaren %8,6 galdu dutela 2022tik, euskara bigarren mailako hizkuntza dela oraindik ere administrazioan, eta «lan kargek, ordezkapen faltak eta gehiegizko burokratizazioak» ondorio larriak dituztela langileen osasunean.Â
Horregatik, ELAk uste du «oso larria» dela erabakia, «baldintza horietan ezinezkoa baita kalitatezko zerbitzua bermatzea». Horixe bera azpimarratu du CCOOk ere, eta iritzi du Jaurlaritzak ez duela langile publikoen lan baldintzak hobetzeko inongo asmorik.
Sindikatu horrek, gainera, nabarmendu du Jaurlaritzak inoiz baino diru gehiago jaso duela aurten, eta hori ikusita are larriagoa dela langile publikoen soldatak bi urtez izoztea. Aurten EAEko hiru sektore publikotan lortu da soldatak hobetzea —Ertzaintzan, hezkuntzan eta espetxeetan—, eta gainontzeko sektoreetan ere hobekuntzak aplikatzen ez badira lehen mailako eta bigarren mailako beharginak bereizteko arriskua dagoela uste du CCOOk.
LABek ere txarretsi du Eusko Jaurlaritzak «autogobernuari muzin» egin izana beste behin, argi esan baitu Madrilen irizpideen zain dagoela. Salatu du gobernuak baztertu egin dituela sindikatuak aurkeztutako proposamen guztiak. LABen arabera, posible da osagarrien bidez langile publikoen soldatak handitzea, hezkuntzan egiten den bezala, baina Jaurlaritzak ez du bide hori ibili nahi. «Argi dago borondate kontua dela, eta argi gelditu da borondatea soilik borrokaren bidez aldatu daitekeela», adierazi du.
Legediak mugatuta
UGTk, bere aldetik, «Jaurlaritzaren anbizio falta» deitoratu du, eta kontatu du gaurko bilerak blokeoa egiaztatzeko besterik ez duela balio izan. «Uko egin dio Euskadik duen eskumen bati, bizimoduaren garestitzean oinarritutako soldatak ezartzeko autonomia erkidego honek duen finantza autonomiari, alegia».
Maria Ubarretxena bozeramaileak hitz egin du Jaurlaritzaren izenean. Esan du «gaur egungo legedia dela eta» ezin dituztela soldatak Madrilek agindutakoa baino gehiago igo. Gainera, adierazi du aurrekontuak ez direla hobekuntza horiek egiteko tresna, eta sindikatuei esan die eskaera horiek dagokion negoziazio mahaian egiteko.
578Zenbat lanpostu eskainiko dituen Nafarroako Gobernuak 2025eko enplegu eskaintza publikoan. Nafarroan ere gaur elkartu da Mahai Orokorra, eta gobernuak han jakinarazi die sindikatuei enplegu eskaintza publikoaren proposamena. 578 lanpostu aterako ditu denera: 266 osasunaren arlokoak eta 312 administraziokoak —tartean, 107 postu hezkuntzan, 46 suhiltzaile eta 30 foruzain—.