ELAk azken egunotan ikusi izan du enpresa askok aldi baterako kontratu asko deuseztatu nahi dituztela (aldizkako kontratu finkoak barne). Hala, enpresa horiek aldi baterako erregulazioetatik kanpo utzi nahi dituzte aldi baterako kontratua duten pertsonak, eta, hala, alarma egoera amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan enpleguari eusteko legezko betebeharra urratzen dute.
Sindikatuak gogorarazi du Espainiako Gobernuak soldatapeko langileen alde hartu dituen neurri horiek aldi baterako erregulazioan daudenentzat soilik direla, kontratu mugagabea zein behin-behinekoa izan. Alarma egoerak iraun bitartean, kotizazio oinarriaren %70 adinako saria emango die, eta sari horrek ez du ohiko langabezia saria agortuko.
Beraz, kontratua amaitzen zaien aldi baterako langileek ezin izanen dituzte onura horiek eskuratu. «ELAk uste du hori lege iruzurra dela eta, gainera, diskriminatzailea dela; izan ere, langile batzuei tratu desberdina ematen zaie, aldi baterakoak direlako». Praktika horiek saihesteko eta aldi baterako kontratua duten pertsonak babesteko, ELAk enpresei jakinarazi die «beharrezko neurri judizial eta politiko guztiak» hartuko dituela.
«Behin-behinekotasuna nahikoa prekaritatea da dagoeneko, enpresa askok halako alarma soziala erabil dezaten kostuak aurrezteko, behin-behineko langileen kaltetan». Horregatik, ELAk gainerako langileekin batera ABEEetan sartzea eskatu du.
Atzoko datuen arabera, ia 110.000 langileri eragiten dieten aldi baterako enplegu erregulazioak aurkeztu dituzte Hego Euskal Herrian. Gainera, hamar milatik gora kalean geratu dira; Lanbidek 9.000 zenbatu ditu bere eremuan.
Berria-ri emandako elkarrizketan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia oso kezkatuta azaldu da sortzen ari den krisiarekin. Haren lehentasuna, ordea, oinarrizkoa ez den jarduera ekonomikoa geratzea da, langileen osasunak duelako lehentasuna.