Babes handia lortuta berritu du kargua Mitxel Lakuntzak. ELAren XVI. Kongresu Konfederalean parte hartu duten ordezkarien %90,37k egin dute Lakuntza buru zuen zerrendaren alde. Babes handiagoa lortu du hurrengo kongresura bitartean sindikatuaren lan ildoak ezartzen dituen ponentziak, aho batez onartu baitute. «Militante gehiago eta antolatuagoak» lortzeko erronka jarri dio Lakuntzak bere buruari.
Bilboko Euskalduna jauregian egin dute kongresua, eta parte hartu duten 686 ordezkarietatik 627k eman diote babesa aurkeztutako batzorde egileari. Horrenbestez, ELAren buruzagitzan Ane Bilbaok, Luis Fernandezek eta Unai Oñederrak beteko dute Xabi Anzak, Joseba Villarrealek eta Amaia Aierbek utzitako lekua.
Hirugarrenez idazkari nagusi kargua hartu bezain laster hitz egin du lehenengoz Lakuntzak —2019an ordezkatu zuen Adolfo Muñoz—. Hurrengo lau urteetako erronkei «elkar zainduz eta pasioz» aurre egingo dietela baieztatu du: «Guk egiten dugun sindikalismo mota ezin da pasiorik gabe egin. Konbikzioa, elkartasuna eta determinazioa behar dira». ELA «defentsa kolektiborako indarra» dela azpimarratu du Lakuntzak, eta esan du lan erakunde hartan «inor ez» dagoela «sobera», «ELA baita herri honetako langileek duten tresnarik sendoena».
«Sindikatu honek ez du oraindik goia jo. Horregatik, benetako jauzi bat egin nahi dugu lantokietan dugun botere sindikalean eta eragin politikoan»
MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia
Datuei erreparatuta, ELAk 104.159 afiliatu ditu, aurreko kongresuan baino 3.234 gehiago. Hego Euskal Herriko lehenengo indar sindikala da; %36ko ordezkaritza du. Bide horri jarraituz, «sindikatua indartzea» izango da hurrengo lau urteetako helburu nagusia: «Sindikatu honek ez du oraindik goia jo. Horregatik, benetako jauzi bat egin nahi dugu lantokietan dugun botere sindikalean eta eragin politikoan. Jauzi hori soilik modu batean egin daiteke: militantziaren bidez», adierazi du Lakuntzak.
ELAk «militante gehiago eta antolatuagoak» lortu nahi ditu. Izan ere, Lakuntzaren ustez, horrek ematen dio sindikatu bati mobilizatzeko gaitasuna, eta, haren hitzetan, «greba egiteko gaitasuna dugunean, lan baldintzak hobetzeko aukerak zabaltzen dira». Gogoratu duenez, «ELA da urtero hitzarmen gehien lortzen dituen sindikatua; urtero 250 hitzarmen baino gehiago, alegia». Gainera, hark lortzen ditu «hitzarmenik onenak». Sindikatuaren datuen arabera, «2023an, ELAk sinatutako hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %5,76koa izan zen; ELAk sinatu ez zituen hitzarmenetan, berriz, %4,17koa».
Kontraboterea eta konfrontazioa
Horrez gain, ELA aurrera eramaten ari den «kontrabotereko eta konfrontazioko» eredu sindikala goraipatu du Lakuntzak: «Horri esker lortu ditugu prekaritatearen kontrako garaipenak, hitzarmen gehiago eta hobeak». Lan erakundeko idazkari nagusiaren arabera, «gobernuek eta patronalek muntatzen dituzten» elkarrizketa sozialerako mahaietan parte hartzen duten sindikatuak babesa galtzen ari dira; «ELA, ordea, ez». Gaineratu duenez, «elkarrizketa sozialerako mahaietan banatzen den diru publikoak ezin du errealitate bat ezkutatu: horietatik ez da ezer onik ateratzen langileentzat, ez dago inolako emaitzarik».
Bide batez, ELAri buruz patronalak eta administrazioek esaten dituzten «gezurrak» argitu nahi izan ditu Lakuntzak, eta hainbat adibide eman ditu horretarako. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari dagokionez, zera esan du: «Haren arazoa da grebak egin arte ez dela langileekin gogoratzen. Zenbat urte eta bilera behar izan dira Osakidetzan, hezkuntzan eta zahar egoitzetan akordioak erdiesteko? Grebarik nahi ez badu, lehendakariak badaki bidea: autoritarismoa alboratu eta negoziazioari bide eman diezaiola», adierazi du ELAko buruak.
«Ez da egia gizarte batean dagoen zilegitasun politiko bakarra hauteskunde politikoek ematen dutela. Gizarte zibila osatzen dugun eragileek zilegitasun osoa dugu politikan eragiteko»MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia
Politika egiteko eskubidea
ELAk ere politika egiteko eskubidea daukala aldarrikatu du: «Ez da egia gizarte batean dagoen zilegitasun politiko bakarra hauteskunde politikoek ematen dutela. Gizarte zibila osatzen dugun eragileek, oinarrizko eskubideak dauzkagun heinean, zilegitasun osoa dugu politikan eragiteko».
«Politika egiten dugu, besteak beste, gutxieneko soldataren aldeko kanpainaren bidez. Eta politika egingo dugu herri honentzat estatus politiko berri bat eskatzeko», gaineratu du. «Herri honi dagokion erabakitzeko eskubidea defendatuko dugu aurrerantzean ere, lan legedia eta gizarte segurantza hemen erabaki nahi baititugu. Eta horrekin batera bermeak behar ditugu, adibidez euskarak gazteleraren menpekotasun legala gainditzeko».
Horretarako, «funts eskaseko adostasunak alde batera utzi, eta, ezkerretik hasita, eskuinari aurre egingo dion bestelako politika» baten beharra defendatu du Lakuntzak. Bide horretan, gizarte eragileekin elkarlanean aritzeko prest agertu da.
EZ DIRA BIDELAGUNAK, BAINA arerioak ere ez
ELAren XVI. Kongresu Konfederalean hitza hartu du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak. Gogora ekarri du 90eko hamarkadatik datorrela bi sindikatuek bata bestearen kongresuetan aritzeko ohitura: «Euskal Herriaren burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko bidelagun izan nahi genuen, eta elkarlan estrategiko bat garatzeko aukerak ikusten genituen». Gaur egun, ordea, bestelakoa da egoera: «LABek eta ELAk bide ezberdinak proposatzen dituzte, eta hori onartu eta naturalizatu egin behar dugu. Gaur-gaurkoz ez gara bidelagun», esan du Arroyok. «Baina, etsaiak ere ez».
«Gure arerioak kapitala, patriarkatua, kolonialismoa eta nazio ukazioa dira. Inperialismoa da arerioa. Palestinan genozidioa egiten ari den sionismoa da gure arerioa. Argentinan, Portugalen, Frantzian eta Espainian indartzen ari den faxismoa. Patronal esplotatzailea da gure arerioa». Horiei guztiei aurre egiteko, sindikatu biek «behin baino gehiagotan indarrak batu» beharko dituztela adierazi du Arroyok, eta mezu argia utzi nahi izan die ELAko kongresuko kideei: «Guk badugu gure bidea, eta zuek baduzue zuena. Hautatu dugun bideari uko egin gabe, eta bidelagun izan gabe ere, beharra eta aukera dagoenean, batu ditzagun indarrak».
ELA-REN BATZORDE ERAGILEA
- Mitxel Lakuntza Vicario. (Iruñea, 1976): idazkari nagusia.
Amaia Muñoa Capron-Manieux. (Aix-En-Provence, Frantzia, 1974): idazkari nagusiaren albokoa eta Nazioartea.
Ane Bilbao Alzelai. (Gasteiz, 1993): Zerbitzu Juridikoak.
Luis Fernandez Centeno. (Iruñea, 1973): Sindikalizazioa. Militantzia. Ekintza konfederalak.
Leire Gallego Lopez de Goikoetxea. (Gasteiz, 1989): Genero berdintasunerako politikak. Ekintza soziala. Migrazio politikak.
Ivan Gimenez Gil. (Iruñea, 1976): Komunikazioa.
Pello Igeregi Santamaría. (Sopela, Bizkaia, 1981): Negoziazio kolektiboa. Lan osasuna. Euskara.
Alazne Mantxola Mintegi. (Legazpi, Gipuzkoa, 1988): Diruzaintza.
Aitor Murgia Esteve. (Berango, Bizkaia, 1988): Azterketa bulegoa. Politika sozialak. Ingurumena.
Unai Oñederra Egaña. (Donostia, 1973): Prestakuntza. Iparraldea. Estrategia subiranista.
Leire Txakartegi Iramategi. (Ondarroa, Bizkaia, 1973): Antolakuntza.
Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña. (Durango, Bizkaia, 1989): Afiliazioa. Hauteskunde sindikalak. Kudeaketa sistema. Genero Ekitaterako Plana.