Hurrengo lau urteetarako ildo estrategikoak laburbiltzen dituen ponentzia ez ezik, hiru ebazpen onartu dituzte gaur ELAko batzarkideek. Besteak beste, Hego Euskal Herrirako subiranotasun eta justizia sozialeko esparru berri bat sustatuko du ELAk, mobilizazioen eta indar abertzaleen arteko aliantzen bitartez. Bestalde, lanbide arteko gutxieneko soldata Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan finkatzea nahi du sindikatuak. Horretarako, herri ekimen legegilea bultzatu nahi du, sinadurak batuz. Hain zuzen ere, izenpeak batzeko prozesua apirilean abiatu zuten ELAk, LABek eta beste sindikatu batzuek. Azkenik, Europan gastu militarra handitzearen kontra egiteko konpromisoa hartu du.
ELAren XVI. Kongresu Konfederalaren bigarren eta azken egunean, Bilboko Euskalduna jauregian bildutako ordezkariek aho batez onartu dute sindikatuko nazio batzordeak aurretik onetsitako ponentzia. Hurrengo lau urteetan sindikatuak izango dituen helburuak eta ildo estrategikoak laburbildu dituzte txostenean. Hain zuzen ere, 2021eko kongresuan aurkeztutako ildo estrategiko berberei eutsiko die ELAk: prekaritateari aurre egitea, militantzia lantzea eta sendotzea, lantokiak sindikalizatzea, genero ekitaterako antolakuntza eraldatzea eta lan planifikatua egituratzea.
Hala, hiru izan dira gaur eztabaidatu eta onartu diren ebazpenak, azken hilabeteetan puri-purian dauden gaiei buruzkoak. Hego Euskal Herrirako subiranotasun eta justizia sozialeko esparru berri baterako apustuari dagokionez, «ELAk badu zeregina eta erantzukizuna», Ane Zelaia sindikatuko kideak adierazi duenez. Batzorde eragileko Sindikalizazio arduraduna da.
«Mundu osoan, gutxieneko soldata kohesio sozialerako eta aberastasuna banatzeko tresna bat da. Baina Espainiako gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen gure herrialdean»
LEIRE GALLEGOELAko Gizarte Ekintzako arduraduna
Zelaiak azpimarratu duenez, «herri honetako sindikatu nagusia gara, eta ezin gara mugatu eztabaidaren esparrua zein izan behar den aldarrikatzera»: «Mobilizazioak bultzatu, barne eztabaidak elikatu, indar politiko abertzaleak interpelatu eta aliantzak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, nazioaren inguruko eztabaida Estatuaren deszentralizazio administratibo hutsa izan ez dadin». Izan ere, marko hori «Euskal Herriaren eskubide sozial, laboral, kultural eta politikoak bermatzeko tresna eraldatzailea» izatea nahi du sindikatuak.
Lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokionez, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuen bidez finkatu ahal izatea aldarrikatu du ELAk. Jakina denez, eskumen hori Espainiako Gobernuarena da gaur egun. Leire Gallego Gizarte Ekintzako arduradunak gogorarazi duenez, «mundu osoan, gutxieneko soldata kohesio sozialerako eta aberastasuna banatzeko tresna bat da. Baina Espainiako gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen gure herrialdean, hau da, ez du balio hemengo langile asko pobreziatik ateratzeko».
«Belizismoaren gorakada honek demokrazia eta langile klasea arriskuan jartzen ditu: gerra garaian diskurtso autoritarioak nagusitzen dira beti, eta gatazka sozialak isilarazten dira»
IVAN GIMENEZELAko Komunikazio arduraduna
Gauzak horrela, ELAk konpromisoa hartu du herri ekimen legegile (HEL) baten bitartez milaka sinadura batzeko. Izenpeak biltzeko prozesua apirilean abiatu zuten ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Milaka lagunek eskariarekin bat egitea dute helburu. Bitartean, alderdi politikoei HEL hori babesteko eskatu die ELAk, eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du, helburu hori lortzeko.
Belizismoaren eta Europako militarizazioaren aurka
Azkenik, Ivan Gimenez ELAko Komunikazio arduradunak azaldu duenez, «hemen ere sektore ekonomiko batzuek militarizazioa beren negozioetarako aukera gisa ikusi dute, eta NATOk bultzatutako gerra logika partekatzen dute». Gaineratu duenez, «konplexu militar-industrialaren aldeko jarrera horrek indar politiko batzuen babesa jaso du, Gasteizko eta Iruñeko gobernuena barne».
Gimenezen hitzetan, «belizismoaren gorakada honek demokrazia eta langile klasea arriskuan jartzen ditu: gerra garaian diskurtso autoritarioak nagusitzen dira beti, eta gatazka sozialak isilarazten dira, bi mundu gerretan gertatu zen bezala». Horregatik, Europan gastu militarra handitzea salatzeko eta horren aurka mobilizatzeko konpromisoa hartu du ELAk. Horrekin batera, «langileek kontzientzia eragozpenerako eta gerraren industrian ez parte hartzeko» duten eskubidea defendatu du sindikatu hark.