Berandu baino lehen etorri behar zuen, eta Erresuma Batua izango da lehen herrialde handia zerga berezia ezartzen ibilgailu elektrikoei errepidean egindako kilometroengatik —miliak, haien kasuan—. Zer gertatuko da Euskal Herrian? Oraingoz, joera argirik erakutsi gabe, Erresuma Batuan gauzak nola doazen oso adi daude beste herrialde handiak Europan.
Izan ere, halako zergaren bat iritsi iritsiko dela ez dago eztabaidagai. Historian, autoen erabilera zergapetuz dirutzak bildu dituzte estatuek, batez ere Europan, eta, orain, hamarkada batean-edo auto elektrikoak nagusituz joaten badira, sarrera hori gabe geratuz joango dira gobernuak.
Eta diru hori biltzea erraza izan da orain arte. Erregai litroari —gasolinari, dieselari...— tasa ezartzen zitzaion, eta kontsumitzaileak ordaintzen zuena ogasunari pasatzen zieten konpainiek. Sinplea eta erraza.
Erresuma Batuak egin ditu kalkuluak: bere diru sarreren %2 biltzen ditu gaur egun erregaien gaineko zergetatik —gainbalioetatik biltzen duen baino gehiago—; auto elektrikoak ugaritu ahala eta gasolina eta dieselaren salmenta apaldu ahala, baliteke sarrera horiek erdira murriztea 2030. urterako, eta ia desagertzea 2050erako.
Euskal ogasunek, berriz, 2024an batez beste beren sarreren %7 bildu zituzten hidrokarburoen gaineko zergarekin, 1.670 milioi euro.
Zenbat?
Baina nola lortu diru sarrerak auto elektrikoekin? Askotan aipatu izan den aukera da ibilgailuek egindako kilometroak zergapetzea, eta, itxura guztien arabera, litekeena da bide horretatik joatea politika gehienak. Baina pilatuz doaz zergaren aplikazioari, helburuei, bidezkotasunari buruzko zalantzak.
2028. urteko apirilerako iragarri dute zerga Erresuma Batuan. Milia bakoitzeko hiru penny pagatu behar dituzte auto elektrikoek, eta penny eta erdi hibrido entxufagarriek —0,022 euro inguru kilometroko eta 0,011 euro kilometroko, hurrenez hurren—. Gobernuaren arabera, gasolina autoek erregaien zergetan ordaintzen dutenaren erdia izango da.
Teorian, zergaren helburua da auto elektrikoek errepideen erabileragatik, errepideen eraikuntzagatik, zaintzagatik eta kudeaketagatik ordaintzea.
264Â
Euroak urtean. Euskal Herrian gutxi gorabehera auto batek urtean 12.000 kilometro egiten dituela ondorioztatu daiteke Espainiako eta Frantziako datuei begira. Kilometro kopuru horrek Erresuma Batuan ezarritako zergaren parekoa ordaindu behar izanez gero, urtean 264 euro pagatu beharko lituzke auto elektrikoaren jabeak.
Nola?
Baina nola kobratu daiteke zerga hori? Erresuma Batuan urteroko ordainketa bat erabaki dute: autoaren jabeak kopuru bat aurreratuko du. Eta ibilgailuaren urteroko inspekzioan argituko da aldea, gehiegi edo gutxiegi ordaintzeagatikoa, milia kontagailua irakurtzean.
Nola ez, jada zalantzak piztu dira, jendeak ez ote duen kontagailua manipulatuko. Gobernuaren arabera, autoen %2,3k dituzte jada kontagailuak horrela.
Auto elektrikoek egiten dituzten kilometroak neurtzeko beste modu bat GPS edo antzeko sistemak ere izan daitezke, teknologiak bidea ematen baitu horretarako. Baina gauza bat da posible izatea eta bestea eraginkorra izatea, sistema konplexua izan baitaiteke, eta kostu handikoa. Eta zer esanik ez, sistema horrek zalantza ugari pizten ditu herritarren pribatutasunari buruz ere.
Modu batera zein bestera, autoek egindako kilometroak zergapetzeak galdera asko pizten ditu. Zerga bikoitza ordainduko dute hibrido entxufagarriek? Zer gertatzen da auto batek atzerrian egiten dituen kilometroekin?
Bidezkotasuna
Beste galdera marka handia zergen bidezkotasunari dagokiona da. Berez, garestiagoak direnez, errenta handieneko herritarrentzat eskuragarriagoak dira auto elektrikoak, diru sarrera xumeagoko herritarrentzat baino. Eta hala, herritar aberatsagoek zerga txikiagoa izango lukete ibilgailua izateagatik.
Bide beretik, etxe isolatu handian auto elektrikoa bere eguzki plakekin kargatzen duen auto jabe aberatsak eta ibilgailua kargaleku publikoetan kargatu eta ordaindu behar duten erabiltzaileak ere ez dira desberdintzen.
Zerga erregresiboa izan daitekeenaren ildo horretan, kilometroaren zergak ez ditu desberdintzen auto handiak eta txikiak. Auto elektriko handiek —egon badaude SUV elektriko handiak— pisu handia dute, bateriaren kargatik hasita, eta, printzipioz, errepidean higadura handiagoa eragingo dute.
Era berean, kontuan izan beharko litzateke, eta hori ziurrenez hartuko da aintzat, landa eremuetan gehiago erabiltzen direla ibilgailuak, eta kilometroko zerga ezartzekotan hor kenkariren bat beharko litzatekeela.

Errepideen eraikuntza eta mantentze lana errentatik zergapetzea progresiboagoa litzateke, berez. Baina, herritar guztiek ordainduta, hautsi egingo litzateke gidatzearen eta zergen arteko lotura hori. Eta soilik autoaren jabetza zergapetuta, berriz, buxadurak handituko lirateke, garraio publikoa eta auto efizienteagoak erabiltzeko pizgarriak desagertuko liratekeelako.
Salmentak arriskuan
Beste galdera saihetsezina da: halako zerga batek ez dio kalte egingo auto elektrikoen salmentari? Hori uste du Erresuma Batuak, miliaren gaineko zergaren eraginez 440.000 auto elektriko gutxiago erosiko direla hurrengo bost urteetan. Baina, aldi berean, gobernuaren beste pizgarriek 320.000 ibilgailuren salerosketa bultzatuko duela, neurri batean kaltea murriztuz.
Euskal Herrian ere laguntzen dira auto elektrikoak. Ez dute matrikulazio zergarik ordaintzen -—ez dutelako CO2rik isurtzen—, eta hiri batzuetan hobariak dituzte zirkulazio zergan. Administrazioaren arabera, erosleak zerga kenkariak izaten ditzake errentaren gaineko zergan, edo diru laguntza zuzenak.
Zerga txikia, hala ere?
Erresuma Batuak aipatutako tasak urrun daude ibilgailuek eragindako kostu sozialak estaltzetik, eta are urrunago daude erregaien zerga bereziak, Cleantechnica hedabidearen arabera.
Errekuntza autoek airearen kutsadura, buxadurak eta atzerapenak, istripu arriskuak, ihes hoditik ateratzen ez diren partikulak, errepideen higatzea eta inpaktu klimatikoak eragiten dituzte. Kalkulu batzuen arabera, errekuntza autoek kilometroko 0,20-0,40 euro sortzen dituzte kostu sozialetan.
Auto elektrikoetan kopuruak txikiagoak dira —0,05-0,15 euro kilometroko—, nahiz eta isuri gutxiago izan buxadura eta istripu arriskuak dituztelako, errepideak higatzen dituztelako eta zoruaren okupazioa bultzatu.