Elikagaien ekoizpena

Elikaduraren gainetik, erregaia

Hazi egingo da bioerregaia egiteko ale handidun zerealen ekoizpena, garia eta arrozaren ekoizpenaren gainetik, eta garestitu egingo dira okela, esnekiak eta arraina, OCDE eta FAOren arabera.

2014ko uztailaren 11
11:37
Entzun

Aldaketa esanguratsuak jasango ditu nekazaritza ekoizpenaren munduko egiturak datorren hamarkadan; hori adierazi du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (OCDE) eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) elkarlanean argitaratu duten 2014 eta 2013 urteen arteko aurreikuspen txostenak.

Txosten horren arabera, datozen urteetan lortutako ekoizpen gehigarria etorriko da lurra eta ura bezalako baliabideetara irismen handiagoa duten munduko lurraldeetatik eta lege zorrotzegiak ez dituzten herrialdeetatik. Okelaren, esnearen eta arrainaren garestitze orokor bat izango dela ziurtatu badu ere, "epe ertainean laboreen zein animalia jatorriko elikagaien prezioek behera" egingo dutela aurreikusi du.

Laboreek merkatzen jarraituko dute "beste urte bete edo bi urtez, berriz egonkortu aurretik; betiere 2008ra arteko prezioen gainetik". Izan ere, inoizko altuen egotetik erortzen ari dira zereal nagusien prezioak, batez ere, 2013-2014 sasoiko ohiz kanpoko uzta oparoei esker. Txostenak gaineratzen du, okelaren eta esnekien prezioak "inoiz baino altuago" daudela gaur egun, eta horren arrazoi bezala jartzen du, produktu hauen eskaintza "2013an aurreikusitakoaren azpitik" gelditu zela.

Bioerregaien garestitzea

Laboreen prezioaren merkatzeak eragingo du mundu mailako salerostea handitzea eta Asiako arrozaren stocka orain arteko handiena izatea. Kontinente honetako eskariak Ipar Amerikako abeltzantza stocka arintzeaz gain, behi haragiaren garestitzea ekarriko du, zeinak orain arteko preziorik altuena lortuko duen. OCDEk eta FAOk aurreikusten dute hegazti haragia bilakatuko dela munduko kontsumituena, txerri haragiaren gainetik. Arrainari dagokionez, akuikulturaren handitzea Asian zentratuko da batez ere, eta 2014an bertan arrantza gaindituko du.

Erregaiari dagokionez, etanolaren eta biodieselaren prezioek behera egiten jarraitu dute 2011n preziorik altuenak erdietsi zituztenetik, txostenaren analisiaren arabera. Aurrerantzean, bioerregaien kontsumoa eta ekoizpena %50 baino gehiago haziko da, batez ere etanola eta biodieselarena; prezioek ere gora egingo dute; etanolarenak petrolio gordinaren parean eta biodieselarenak landare olioen parean.

India, giltzarri

Esnekien prezioak behera egingo dute, gutxi bada ere, produktibitatean izandako hobekuntzengatik. India izango da munduko esne ekoizlerik handiena, Europako Batasuna gaindituta, batez ere, esne hauts gaingabetuaren eoizpenean.

Bi erakundeek Indian jarri dute arreta, izan ere, "munduko bigarren herrialderik populatuena da, baina elikadura ziurtasunik eza duten biztanleetan lehena". Txostenak nabarmentzen du Elikadura Ziurtasunerako Nazio Legea Indian benetan esanguratsua dela, elikadura eskubidea bermatzeko Indian onartutako legerik garrantzitsuena delako. Diruz lagundutako pestizidek, ongarriek, haziek, urak eta argiak lagundu dute azken hamarkadako nekazaritza ekoizpenaren hazkuntzan Indian, txostenaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.