Euskal ekonomia kontraesan batean bizi da, edo behintzat hori ondorioztatu daiteke Elkargik iazko urteko bere jardunaren balantzean eginiko analisitik. Batetik, finantza erakundeak inoiz baino mailegu gehiago erraztu zituen: 522 milioi guztira; eta horien %40 inbertsiora bideratu zituzten. 2026, baina, makur dator, industrian bereziki, eta eskari zorroak mehetu egingo direla iragarri du: «Autogintzan eta makina-erremintan Txinaren lehiakortasuna sumatzen ari dira».
Elkargiren jarduera nagusia enpresei bermeak ematea da, horien bitartez bankuengana joan daitezen maileguak eskatzera. Gainera, azkenaldian, tasa murritzeko maileguak zuzenean ematen hasi da, askotan erakunde publikoen programen eskutik. 23.000 enpresa bazkide ditu, eta iaz 4.000rekin egin zuen tratua.
Hortaz, Elkargiren iritzia ekonomiaren termometro argigarria da, eta bere ardura onartu du Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak: «Industriak eraldaketa behar du lehiatu ahal izateko. Horretarako, baina, agian merkatuaren arauak aldatu behar dira, eta Europan egina leloa bultzatu, Txina ez da-eta baldintza berberetan lehiatzen: lan baldintzak, araudia, estatu laguntzak.... Industria produktu batzuk %40 merkeago eskaintzen ditu; hori ez da bidezko lehia».
«Txina ez da baldintza berberetan lehiatzen. Industria produktu batzuk %40 merkeago eskaintzen ditu; hori ez da bidezko lehia»
ZENON VAZUEZ Elkargiko zuzendari nagusia
Enpresak arduratzen dituen beste «arazo» bat irabazi marjina gero eta estuagoa da. «Enpresa txiki eta ertain asko mugan daude», ohartarazi dute. Hala ere, Elkargik zehaztu du ez duela sumatu mailegaturiko dirua kobratzeko arazo berezirik; guztiz kontrakoa: batzuek, «malgutasun bila», zorra lehenago kentzeko ahalegina egin dute.
2026ko hodei beltzak, dena den, iaz Elkargik izandako urte onaren aurkako bidean doaz. 522 milioi euroren maileguetan esku hartu zuen: 480 milioi ohiko jardunaren bitartez, eta beste 42 milioi Findustria industriarako mailegu lerro bereziaren bitartez. Diru horren %40 inbertsiora bideratu dute enpresek, eta, alderatzen jarrita, 2018an bideraturiko dirua halako bi da. Salbuespen bakarra 2020an mugituriko 950 milioiak izan ziren, baina Elkargik beti esan du urte hartan ahalegin berezia egin zuela pandemiaren ondorioei aurre egiteko.
«Irabazi marjinak gero eta estuagoak dira, eta hori arazo handia da. Enpresa txiki eta ertain batzuk mugan daude»
LANDER ARTETXE Elkargiko presidentea
Sektorekako entresaka eginda, maileguen diruaren %47 sektoreen zerbitzura joan zen, %29 industriara, %8 merkataritzara, %11 eraikuntzara, eta %6 ostalaritzara. Lurraldeka, berriz, diruaren %34 Bizkaian mailegatu zuen (174 milioi); Gipuzkoan, 139 milioi; Araban, 74 milioi; eta Nafarroan, 55. Finantza erakundeak hamar milioi euroren irabaziak izan zituen —2024an 8,4 irabazi zituen—.
Datu asko dira, baina, haiek aletzen jarrita, Elkargik industrian jarri ohi du lupa. 2024an sektore horretako enpresei errazturiko maileguen diruak behera egin zuen; iaz, aldiz, hazi egin zen berriz. 2024an 112 milioiren maileguentzako bermeak jarri zituen industrian, guztiaren %27; iaz, berriz, 139 milioi izan ziren, guztiaren %29 —azken kalkulu horretan Findustria funtsa ez du kontuan hartzen, hark baldintza ezberdinak dituelako.
Elkargik aholkularitza zerbitzua ere ematen du. «Beste modu batera maila horretako zerbitzuak kontratatu ahal izango ez lituzketen enpresei laguntzen diegu», azaldu du Lander Artetxe Elkargiko presidenteak. Zehaztu du 1.050 profesional trebatu zituztela iaz: «Enpresa batek, bere datuak hobeto ulertzen dituenean, erabaki zuzenagoak hartzen ditu».
munduaren ordena berria aztergai 36. bilkuran
Elkargik bere urteroko bilkuraren 36. aldia egingo du martxoaren 4an, Donostian, Kursaal aretoan. Munduko ordena berria: gako geopolitikoak eta haien eragina enpresetan mahai ingurua antolatu du eta Espainiako lau atzerri ministro ohi elkartuko ditu: Josep Borrell, Jose Antonio Garcia Margallo, Arancha Gonzalez Laia eta Ana Palacio. Ondoren, Carlos Torres BBVAko presidenteak eta Jose Manuel Campa Europako Banku Elkargoko presidente ohiak hartuko dute hitza.