Lan harremanak

Elkarrizketa sozialaren eta soldata arrakalaren mahaiak utzi ditu CCOOk

Jaurlaritzak eta Confebaskek sinatutako akordioa elkarrizketarako "eraso larria" dela ziurtatu du sindikatuak.

Elkarrizketa sozialaren mahaiaren bilera, iazko uztailean. JUANAN RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 20a
13:41
Entzun

Hanka motz jaio zen Eusko Jaurlaritzaren Elkarrizketa Sozialaren Mahaia, bi sindikatu nagusiek (ELA eta LAB) parte ez hartzea erabaki zutelako, negoziazio gune horretan gai inportanteei buruzko erabakirik hartzerik ez zegoela argudiatuta.

Sindikatuen aldetik are gehiago egingo du errenka orain mahaiak, sindikatuetan hirugarrenak ere mahaitik altxatzea erabaki baitu. 

Joan den astelehenean Jaurlaritzak eta Confebask patronalak enpleguaren eta kualifikazioaren alde sinatutako lankidetza ituna jarri du arrazoi gisa CCOOk elkarrizketa soziala uzteko.

Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak mahaia "dinamitatzea" egotzi die patronalari eta Iñigo Urkulluren gobernuari. Azken horrekin bereziki haserre azaldu da, "negoziazio kolektiboan dagoen oreka prekarioa puskatu" duelako. Aurrerantzean gobernuarekiko harremanak beste era batekoak izango direla iragarri du.

UGT ere ez dago gustura itun horrekin, eta "desleial" jokatzea egotzi die Jaurlaritzari eta Confebaski. "Gobernuak eta patronalak beren aldetik erabaki dituzte sindikatuekin Elkarrizketa Sozialaren Mahaian eztabaidatzen ari ziren gaiak".

Datorren astean bilduko da sindikatuaren zuzendaritza, eta hor erabakiko dute zer egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.