Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak zaintzaren ituna landuko du

EAEko Elkarrizketa Sozialerako Mahaia atzo bildu zen, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Aranburu.
2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren babesean sortutako Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak hurrengo hilabeteetarako bere eginbeharren programa osatu du. Horien artean izango da zaintzaren aldeko itun baten osaketan parte hartzea, baina ez, ordea, lau eguneko lan astearen bideragarritasuna eta egokitasuna aztertzea, gai horrek Confebasken betoa jaso duelako. Isabel Busto patronaleko buruak azaldu duenez, enpresaburuen elkartea ez dago lau eguneko lanaldiarekin «azterketa bat edo esperimentu bat» egitearen aurka, baina uste du mahaian «gai garrantzitsuagoak eta premiazkoa- goak» jorratu behar direla.

Lehentasunen artean dagoen zaintzari buruzko kezka, eta horregatik hari buruzko itun baterako oinarriak dagoeneko finkatu dituzte gizarte eragileek. Oso pozik azaldu da Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburua. «Berebiziko garrantzia dauka», haren esanetan, gizarteak «zaintzak erdigunean» jarri dituelako eta horren inguruan «zaintzen eredu propio bat» eduki ahal izango dutelako. «Geure herritarrak zahartzen ari dira, eta zaintzen beharra handitzen ari da. Zaintzen eredu mediterraneo batetik gatoz, zaintzen ardura familiengan jartzen duena, eta, ondorioz, emakumeengan; hori ez da bidezkoa, ezta sozialki jasangarria ere».

Elkarrizketa Sozialaren Mahaian erabaki dutenez, hiru helburu nagusi izango ditu itunak: zaintza behar duten herritarrek zerbitzu hobea jasotzea, sektoreko genero arrakala desagerraraztea, eta sektore horretan kalitatezko enplegua sortzea.

Ituna «transbertsala» izango da, erakunde publiko asko ez ezik, erakunde pribatu asko ere ari direlako zaintza zerbitzuetan. Administrazioen ardura da «beren bizitzaren une batean zaintza behar dutenen pertsonen ongizatea bermatzea».

Zaintzari dagozkion alor gehienak emakumeen bizkar izateak enpleguan duen eragina onartu dute itunaren oinarriek. Izan ere, horrek eragiten du «askotan» emakumeak ordaindutako lanetan ez aritzea edo biak uztartu behar izatea. «Horrek trabatu egiten du emakume askoren ibilbide profesionala», dio mahaiak.

Horregatik, Zaintzaren aldeko Itunaren xedeetako bat izan behar du zaintzen lana gizonen eta emakumeen artean orekatzea. Horretarako bide bat da ordaindu gabeko zaintza lanak «ahal den bezainbat murriztea» eta «esku hartze profesionala» handitzea.

Sektoreko langile profesionalen baldintzak hobetzeko bidea negoziazio kolektiboa izan behar duela uste du Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak, «administrazio publikoen ardura alde batera utzi gabe».

Enpleguari lotutako beste gai batzuk ere landuko dituzte mahaian: gazteen enpleguaren kalitatearen aldeko itun baterako oinarri komunak aztertuko dituzte; 55 edo 50 urtetik langileen okupazio tasak handitzeko programa bat diseinatuko dute; lantalde bat sortuko dute, erronka demografikoa aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.