Elon Musk badoa Trumpen ondotik

Teslaren jabea ez dago ados AEBetako Kongresuak onartu duen Aurrekontu Legearekin, ezta Trumpen beste politika batzuekin ere.

Elon Musk eta bere semea Etxe Zurian, Donald Trumpekin, artxiboko irudi batean. AARON SCHWARTZ / EFE
Elon Musk eta bere semea Etxe Zurian, Donald Trumpekin, artxiboko irudi batean. AARON SCHWARTZ / EFE
Irune Lasa.
2025eko maiatzaren 29a
09:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Munduko gizon aberatsenaren eta AEBetako presidentearen arteko lotura estua dagoeneko ez da horren estua.

Harreman horren behatzaileek beti esan izan dute Muskek bere X sare sozialean SpaceX enpresaren suziriez maiz idaztea seinale zela Trump eta biak muturtuta zeudela. Hala gertatu da azken egunetan, Musk bere suziriak gora eta behera ibili baita —bere azken Starship suziriak eztanda egin zuen herenegun Indiako Ozeanoaren gainean—.

Atzo, gainera, Muskek CBS kateari emandako adierazpen batzuk argitaratu ziren. Adierazpen horietan, AEBetako Kongresuak onartutako Aurrekontu Legearen kontra egin zuen; izan ere, «aurrekontu defizita handitu egiten du, ez murriztu, eta gainera, kalte egiten dio DOGE taldearen lanari».

Muskek AEBetako Gobernuan sortutako DOGE sailak hainbat murrizketa egin ditu azken hilabeteetan, efizientziaren izenean, besteak beste, ia ezerezean uztea AEBen nazioarteko laguntza humanitarioa.

Teslaren eta X-ren jabearen aburuz, AEBetako aurrekontu batek ezin du izan aldi berean handia eta polita. Donald Trumpen Aurrekontu Legeari horrelaxe deitu izan dio, the big, beautiful tax bill (Aurrekontu Lege handi eta polita).

Muga zergen kontra

Aurrekontu Legea izan da Trumpen eta Musken arteko azken eztabaida. Aurretik, beste arazo batzuk ere izan dituzte Txinari ezarritako muga zergak direla-eta, Teslak automobil fabrika handi bat baitauka herrialde hartan.

Ez da Teslari kalte egiten dion Trumpen politika bakarra. Kongresista errepublikano batzuk, Aurrekontu Legearen inpaktua gutxitu nahian, presio egiten ari dira energia garbiarekin zerikusia duten laguntza batzuk kentzeko, tartean ibilgailu elektrikoei eta eguzki plakei ematen zaizkienak. Erabaki horrek zuzenean egingo lioke kalte Tesla autoen salmentari. 

Edonola ere, Muskek berak ere nabarmen egin die kalte Teslari eta haien salmentei, hain zuzen ere haren eta Trumpen arteko hurbiltasunak. Ez da ahaztu behar Trumpen izendapenaren egunean egin zuela Muskek agur nazi hura. Orduz geroztik Tesla autoen salmentak amildu egin dira Europan. 

USA TRUMP PROTEST
Musken kontrako protesta bat Teslaren saltoki batean, Kalifornian. JOHN G. MABANGLO / EFE

Trumpek adimen artifizialeko Stargate proiektuari emandako babesa ere ez da Musken gustukoa, bere nemesis Sam Altman tarteko dagoelako. OpenAi enpresaren sorreran egon zen Musk Altmanekin batera, baina orduz geroztik biak publikoki etsaiak dira.

AEBetako presidentearen kanpainan 230 milioi dolar jarri zituen Muskek, eta orain gutxira arte askotan agertu izan dira biak elkarrekin. Etxe Zuriari buruzko aditu askoren ustez, Musken itzala izugarri handia izan da Trumpen agintaldi honen hasieran. Galdera ere egin zen, zein zen zehazki Musken kargua gobernuan, noizbait han egindakoei buruzko kontuak eman behar izanez gero.

230

Trumpen kanpainan zenbat diru jarri zuen, milioi dolarretan. Elon Muskek Etxe Zurian izan duen boterean eta Donald Trumpekin izan duen adiskidetzan izango zuten zerikusirik Teslaren jabeak hauteskundeetan Trumpen kanpainan jarritako 230 milioi dolarrek. Huskeria munduko gizon aberatsenarentzat. Orain gutxi, beste 25 milioi dolar jarri zituen Wisconsinen hautagai errepublikano baten alde, baina hark galdu egin zuen epaile izateko bozketa. 

Etxe Zuriak azaldu zuen Musk gobernuaren langile berezia zela, eta ondorioz, ez zuela inoren aurrean erantzun beharrik. Pertsona batek gehienera 130 egun egin ditzake lanpostu horretan. Eta horixe aipatu du gaur Muskek X-n: «AEBetako Gobernuaren langile berezi gisa jarduteko epea amaitzear dagoen honetan, eskerrak eman nahi dizkiot Donald Trump presidenteari behargabeko gastua murrizteko emandako aukerarengatik. DOGE misioa denborarekin indartu baino ez da egingo, gobernu osoko bizimodu bihurtzen den heinean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.