Laiene Izagirre: «Emakumea izateagatik gutxietsita sentitzen zara batzuetan»

Komentario eta begirada matxista asko jasan ditu Izagirrek buzoa janztea erabaki zuenetik, baina ez da damutzen, oso gustura ari baita lanbidea ikasten.

Laiene Izagirre
ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
Betelu
2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Haurra zenetik erakarri dute autoek Laiene Izagirre (Gaintza, Nafarroa, 2003). «Autoen itxura gehienbat, baina baita soinua ere. Ez dakit zergatik, baina motor indartsuen hotsak oilo ipurdia jartzen zidan». Baina duela urte pare bat arte ez zuen erabaki mekanika ikasiko zuela. «DBH bukatutakoan oraindik ez nekien zer ikasi; gazteegia zara halako erabaki bat hartzeko. Urte sabatikoa hartu, eta Irlandara joan nintzen aldi baterako, nire bizitzarekin zer egin lasai pentsatzeko; han nengoela erabaki nuen automozioa ikastea».

Euskal Herrira itzulita, 2022ko udan hasi zen mekanikari izateko ikasten, Don Bosco lanbide heziketako zentroan, Errenterian (Gipuzkoa). Hamabost-hogei ikasleko taldean, bi neska baizik ez daude; bi emakume gazte gizonak nagusi diren mundu batean. 

Komentario matxista franko entzun behar izan ditu erabaki horren ondorioz. «Nik beti desberdintzen dut eskola mundua eta kalea. Eskolan beste ikasle bat zara, eta ez dago diferentziarik mutilen eta nesken artean. Baina gero, kalean, kristoren desberdintasuna ikusten dut. Askok, emakumeek ere bai, galdetu didate ea benetan gustatzen al zaidan mekanikari izatea, lana zikina dela esaten dute... Gutxietsita sentitzen zara batzuetan, pentsatzeraino merezi al duen bide honi jarraitzea».

Monotoniarik ez

Hitzek ez ezik, begiradek ere salatzen dute gizartearen matxismoa. Etxetik bost-hamar minitura ari da praktikak egiten, Beteluko Sotil garajean, eta ezagun ditu bezero gehienak. «Tailerrean ikusi nautenen artean bi motako begiradak ikusi ditut: harrituta, ‘aiba, Laiene!’ esaten dutenak, batetik, eta ‘zer arraio egiten duzu hemen’ esaten duten begiradak, bestetik».

Lanbide Heziketa Dualean ari denez, goizetan klasera joaten da, eta arratsaldean hiru orduko lanaldia du tailerrean. Udan hasi zen, eta oso gustura dabil, eskolan ikasitakoa lantzen, eta are urrunago joaten. «Klasean esaten dizkizuten gauzei zentzu handiagoa aurkitzen diozu. Teoria bat daukazu buruan, eta tailerrean gauzak lotzen dituzu». Beste erritmo batean, hori bai. «Lan erritmoa oso desberdina da».

Hasieran Tolosako Audiren kontzesionarioan egin behar zituen praktikak, baina pozik dago azkenean herri bateko tailer txiki batean ari delako. Ez da soilik etxetik gertu dagoela, eta lanerako giro ona dutela, baizik eta denetatik egin behar duela. «Kontzesionarioetan dena sailkatuago dago: elektrizitatea batek egiten du, mantentzea beste batek, diagnosia... Eta niri bereizketa hori egitea monotonoa egiten zait».

Bere etorkizuna, oraingoz, tailer batean ikusten du. «Hiru lan mota egin ditut: zerbitzari gisa, fabrikan eta hemen. Eta zer alde dagoen lanera joatea zerbitzatzera, edo hona etortzea sortuko diren arazoak konpontzera. Lan hau beti da desberdina: arazoak eta buruhausteak, baina asmatzen duzunean, saria».

«Tailerrean, lana beti da desberdina: arazoak eta buruhausteak badira, eta asmatzen duzunean, saria».

Izagirrek onartu du, ordea, bere gustuko lana ez dela beste askorena. Uste du bere gelakide gehienek ez dutela atsegin tailerretako eginbeharra. «Automozioa esatean pentsatzen da denak arituko garela mekanikan, motorretan lanean, baina automozioaren mundua oso zabala da, eta beste bide batzuk ere erakusten dizkigute. Adibidez, lehengo egunean Irizarrera joan ginen eskolarekin, eta ikusi genuen han edozein lan egin dezakegula».

Halako lanak erakargarriak iruditzen zaizkie gelakide askori. «Beste kondizio batzuk dira, eta jende gehienak industriaren komoditatea bilatzen du. Baina bagaude batzuk tailerretako lana gustatzen zaiguna».

Elektronika eta elektrikoak

Baina tailer txikietako lana ere aldatzen ari da autoak modernizatu ahala. Gero eta osagai elektroniko gehiago dituzte, eta horiek ere konpontzea erronka handia da motor mekanikoetan trebaturiko mekanikarientzat. «Niri gehiago mekanika gustatzen zait, baina ari naiz ikasten. Elektronika beste mundu bat da, eta horrek emango ditu buruhauste handien. Dena ordenagailuarekin egin behar da, eta badirudi informatikoa bihurtu behar zarela».

Auto elektrikoekin, zer? Tailer txikien akabera izango al dira? Denbora falta dela eta, eskolan ez dituzte halakoak ukitu, baina Izagirrek aitortu du ez dagoela haiekin lan egiteko irrikan. Edonola, uste du oraindik goiz dela esateko elektrikoek tailer mekanikoen amaiera ekarriko dutela. «Ez zait buruan sartzen lan guztia tailer handietara edo kontzesionarioetara joango denik. Agian urte asko-asko barru, baina oraintxe ez. Urte asko geratzen zaizkie holako kotxeei», esan du, kapota irekia duen autoa esku belztuekin seinalatzen ari dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.