«Emakumeen ibilbide profesionala ez da trabatzen lan mundura sartzean, enpresetako ardura karguetara iristeko prozesuan baizik». Horixe ondorioztatu du Aspegi Emakume Profesional eta Zuzendarien Gipuzkoako Elkarteak, EHUrekin eta LKS Next aholkularitza taldearekin batera eginiko ikerketa batean. Lehen aldiz, aztergai izan dute zer-nolako parte hartzea duten emakumeek Gipuzkoako hainbat sektoretako enpresetako zuzendaritza eta administrazio postuetan —orain arte egindako ikerketetan EAEko datuak aztertu dituzte—.
Ondorioztatu dutenez, andreek enpresetan duten parte hartzea apalduz doa ardura karguetan gora egin ahala, eta horixe erakusten dute ikerketako datu hauek: Gipuzkoako enpresetako zuzendari nagusien %13 emakumeak dira; enpresetako administrazio kontseiluetako lehendakarien artean, berriz, %14 dira emakumeak. Guztira lurraldeko bostehun enpresa baino gehiagotan egin dute diagnostikoa. Enpresa horietako langileen %48 dira emakumeak.
«Desoreka handia dago erantzukizun eta ardura karguetara iristeko orduan», adierazi du Iratxe Pascual Aspegiko lehendakariak. Harekin batera aurkeztu dute txostena Iñaki Elzaurdi LKS Nexteko kideak eta Egoitz Pomares EHUko Praktiken eta Enplegagarritasunaren dekanordeak. Azpimarratu dute Gipuzkoako enpresetako goi karguetan emakumeen parte hartzea indartu egin dela azken urteetan, baina motel.
Zenbait sektoretako enpresetako zuzendaritza postuetan are eskasagoa da emakumezkoen presentzia: esaterako, Gipuzkoako industriako enpresetan, zuzendari nagusien %7 baino ez dira emakumezkoak. Halere, argitu dute Gipuzkoako datuak eta EAEkoak antzekoak direla: zehazki, AED Bizkaiko Emakume Enpresarien Elkarteak aurten eginiko ikerketa baten arabera, EAEko enpresetako zuzendari nagusien %12 dira emakumezkoak.
Errealitate horri buruz galdetuta, Pascualek adierazi du ikerketan zehaztutako datuak «pentsaezinak» izango liratekeela duela hamar urte, baina zera ere esan du etorkizunera begira: «Oraindik asko dago egiteko».
Oztopo ikusezinak
Eta zergatik ez daude emakumezko gehiago goi kargu horietan? Bada, ikerketaren arabera, «oztopo ikusezinak» dituztelako lanpostu horietara heltzeko. Txostenaren egileen arabera, nagusienetako bat hautaketa prozesuak dira, ez baitira «gardenak eta objektiboak». Gainera, halako postuetarako hautatzen dituztenean ere, inkestan parte hartu duten emakumeen erdiek diote ikusgaitasun gutxiago izan ohi dutela erabakiak hartzen dituzten gainerakoen aurrean.
Emakumeek enpresetan duten rola datu kuantitatiboen bidez neurtzeaz gain, haien testigantza batzuk ere aztertu dituzte. «Haien egoera ulertzea ezinbestekoa da erabakiak hartzeko», argudiatu du Pascualek. Inkestako emakume gehienek enpresen kulturarekin eta testuinguru sozialarekin lotu dute beren egoera, eta, besteak beste, familia eta lana uztartzeko zailtasunak aipatu dituzte, baita emakumeek zeregin teknikoetako lanpostuetan duten parte hartze txikia ere.
Hain zuzen, Aspegiren aburuz, emakumeak ardura karguetara iristea oztopatzen duten mekanismoak iraultzea da erronka nagusia: «Badago talentua, baina hori gune garrantzitsuetan integratzea falta da soilik», azpimarratu du Pascualek. Eta harago joan da Elzaurdi: haren iritziz, «erroko aldaketak» behar dira: «Borroka kulturala egin beharko litzateke».
Oztopoak nola gainditu
Oztopo horiek gainditzeko, elkarteak Aspegizale programa ipini du martxan, «Gipuzkoako enpresak berdinzaleagoak izan daitezen eta talentua hobeto kudea dezaten». Programa horren parte diren enpresen zuzendaritzak inklusiboagoak izatea du xede Aspegizale programak, baita Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna bultzatzeko tresna bat izatea ere.
Bestalde, programa horretan identifikatu dute lan munduko zein esparrutan esku hartu beharko litzatekeen oztopo horiek murrizteko edo desagerrarazteko: enpresetako zuzendaritzen konpromisoa, lan munduko erreferenteen ikusgarritasuna, eta ardura karguetako hautaketa prozesuen gardentasuna, besteak beste.