Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak "burujabetza energetikorantz lehenengo pausoak" eman nahi izan ditu hitzarmen haiekin, "baita kontsumoaren murrizketa, efizientzia eta tokian tokiko energiaren sorkuntza berriztagarriaren inguruko sinergiak sortu ere". Haren Euskal Garapen eta Kohesio Funtsaren Energia burujabetza 2014-2019 programaren harira izenpetu dituzte hitzarmenok.
Udalbiltzak eta GoiEner, Som Energia eta I-Ener entitateek Euskal Herrian energia burujabetzarako oinarriak elkarrekin eraikitzeko borondatea adierazi dute, eta "udalek zeregin garrantzitsua" joka dezaketela uste dute. Tokian tokiko esperientziak bultzatuko dituzte energia berriztagarrien ekoizpenaren arloan, eta "energia kontsumo arduratsuaren alde" egingo dute. Hala, Garapen eta Kohesio Funtsak informazioa banatuko du udal eta udal hautetsi guztien artean —batez ere Udalbiltzako kideen artean—.
Donostiako Enertic eraikinean sinatu dituzte hitzarmenak Joanes Maiza (GoiEner), Alejandro Arizkun (Som Energia), Mertxe Aizpurua (Udalbiltzako lehendakaria), Javier Zardoia (Som Energia) eta Patxi Bergarak (I-Ener).