Energia komunitateak garatzen laguntzen duen proiektu bat da Enerkide, tokian tokiko beharretara egokitutako energia komunitate pluralagoak bultzatzen dituena eta mugaz gaindiko ikuspegia duena. Aitor Urresti (Bilbo, 1975) EHUko ingeniaritza eskolako irakaslea da energia berriztagarrien alorrean, eta buru-belarri aritu da azkenaldian proiektuan.
Zein izan da zure eginkizuna Enerkide proiektuan?
Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak finantzatutako proiektua da Enerkide, eta hiru lurralde horietako lau erakundek gauzatu dugu elkarlana. EHUri dagokionez, energia komunitateen aholkularitzarako tresna informatiko bat garatzen ibili gara, bai eta energia komunitate batzuekin harremanetan ere, haien ezagutza barneratzeko asmoz.
Zertarako balio du optimizaziorako tresna informatiko horrek?
Alde batetik, energia komunitatearen momentuko egoera eta helburuak biltzen ditu baldintza gisa. Bestetik, energia komunitatea kokatua dagoen tokiko egoera aztertzen du. Datu horiek guztiak gurutzatu eta gero, tresnak etorkizunean garatu beharreko proiektu optimoak zein diren ondorioztatzen du. Urduñan, esaterako, energia komunitateak 2030erako duen plan estrategikoa txertatu dugu, eta tresnak adierazi digu energia eolikoa sortzen hastea merezi duen ala ez, zein urtetatik aurrera egin daitekeen hori, bateriak beharko diren edo ez... Azkenean, aerosorgailu txiki bat jartzekoak dira. Tresna datorren asteetan ikusgai egongo da webgunean: enerkide.eu.
«Herritarrak lantalde baten edo talde ekologista baten inguruan biltzen dira, eta, beren kabuz edo udalarekin kontaktuan jarrita, energia komunitatea abian jartzen dute»
Kartografia bat ere sortu duzue, eta bertan energia komunitate bakoitzaren forma juridikoa ageri da. Zein da ohikoena? Zer dago horien atzean?
Kooperatibarena da eredurik zabalena, eta horren barruan hiru aukera ikusi ditugu. Enpresa batzuk zuzenean udalarekin harremanetan jartzen dira; enpresa arduratzen da antolaketa guztiaz, udalak teilatu bat eskaintzen die panel fotovoltaikoak bertan jartzeko, eta ondoren bilera ireki bat egiten dute jendea energia komunitatera apuntatu dadin. Autokontsumo partekatua deitzen zaio eredu horri, baina benetako energia komunitate bihurtu ohi dira gero parte hartzaileen elkarrekintzaren ondorioz. Bigarren aukera herri txikietan gertatu ohi da; herritarrak lantalde baten edo talde ekologista baten inguruan biltzen dira, eta, beren kabuz edo udalarekin kontaktuan jarrita, energia komunitatea abian jartzen dute. Ezagutza tekniko, administratibo eta juridikoa eskaintzen dien erakunde edo enpresen laguntzaren bitartez funtzionatzen dute normalean. Hirugarren aukera litzateke udaletxeak berak energia komunitatea sustatu eta deialdi ireki bat egitea, baina ekimena herritarrena izatea da ohikoena.

Nola lortu ohi dute energia?
Eredu orokorrena zera da, instalazio fotovoltaiko bat ezartzea udaletxearen eraikin publiko baten teilatuan. Beste era bateko proiektuak falta dira, ordea; hori zen Enerkide proiektuaren abiapuntua, eta horregatik ibili gara lehen aipatutako tresnan lanean. Energia komunitateak, trantsizio energetikorako tresna gisa, bide asko irekitzen ditu baliabide berriak erabiltzeko, ez bakarrik energia fotovoltaikorako. Hala ere, ikusi dugu energia komunitate batzuetan beste ibilbide batzuk garatzen hasi direla, instalazio hidraulikoak jartzen eta mugikortasunean aukerak zabaltzen, esate baterako.
«Energia komunitate batzuetan beste ibilbide batzuk garatzen hasi dira; instalazio hidraulikoak jartzen eta mugikortasunean aukerak zabaltzen, esate baterako»
Euroeskualdeari eragiten dioten Frantziako eta Espainiako estatuetako ereduak eta araudiak desberdinak dira; horrek Enerkide proiektua baldintzatu du?
Tokian tokiko energia komunitateak sortzeko nahikoa da bertan indarrean dagoen araudira moldatzea. Mugaz gaindiko proiektuak egin nahi izan ditugunean sortu dira arazoak, Frantziako eta Espainiako estatuen arteko energia edo elektrizitate trukeak egiteko gaitasuna nahiko mugatua dagoelako. Enerkide proiektuaren bitartez mugako bi aldeen arteko elkarkidetasuna irekitzeko aukera bat ikusi dugu; energia eta elektrizitatea PPA (Power Purchase Agreement) deituriko kontratuen bitartez salerostea. Oraindik gauza asko argitu behar dira araudian, badirudi akordio horien bidetik joateko aukera dagoela, baina ezin da goizetik gauera egin.
Zer eragin dauzka energia sortzearen deszentralizazioak energia sistema orokorrean? Banaketa sarea egokitua dago?
Ez, ez dago egokitua, eta egoera horrek arazo administratiboak eta teknikoak sortu ditu. Alde batetik, Hego Euskal Herrian banaketa sarea enpresa bakar baten esku dago, Iberdrolaren esku, eta energia komunitate berriak sortzeko oztopoak jarri ohi ditu: tramite administratiboak asko luzatzen dira, eta hilabeteak pasatu daitezke elektrizitatea sareratu ahal izan arte. Bestetik, leku batzuetan elektrizitatea saretzeko gaitasuna mugatua da, eta, horrenbestez, instalazioen tamaina murriztu behar izaten da. Akitania Berriari dagokionez, egia da guri ez digutela horrelako arazorik aipatu, baina pentsatzen dut edukiko dituztela.