Energia nuklearra energia garbi izendatzeko eskatu du Europako Parlamentuak

Industria estrategiko izendatzea nahi dute, zabalpena errazteko. Txinaren eta AEBen neurri protekzionistei erantzuteko asmoa du EBk.

Alemania iparraldeko Emmerthal herrian den zentral nuklearra itzaltzeari ekin dio Preussen Elektrak. FOCKE STRANGMANN/ EFE.
Emmerthalen, Alemania iparraldean den nuklear instalazio itzaltzeari ekin dio PreussenElektrak. FOCKE STRANGMANN/ EFE
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 21a
17:50
Entzun

Europako Parlamentuak beste pauso bat eman du gaur Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legea onartzeko etorkizunean. Aldeko 376 boto bilduta, energia berde izendatu dute energia nuklearra, eta teknologia estrategikoen zerrendan gehitzeko eskatu.

Izan ere, Europako Batzordeak egindako zerrendan, eguzki plakak, haize errotak, bateriak, bero ponpak, elektrolizagailuak, biogas eta biometano jasangarriak, karbono atzematea eta energia sareak izendatu zituzten teknologia estrategiko gisa, baina ez energia nuklearra. Parlamentuaren eskaria betetzen bada, estatuek azkarrago eta errazago gauzatu ahal izango dituzte energia nuklearrarekin zerikusia duten proiektuak.

Eurodiputatuek ontzat jo dute proiektu estrategiko izendatutako horiek egiteko baimenak sei eta bederatzi hilabeteko tartean ematea, eta estrategikoak ez direnenak, berriz, bederatzi eta hamabi hilabeteko tartean. Bruselak industria indartu asmo du horrela.

Laster onartu nahi dute Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legea, eta 2030ean ekoiztutako energiaren %40 teknologia estrategiko horien bidez sortu nahi dute. Hala ere, legea 27 estatu kideekin eztabaidatu behar du oraindik Bruselak.

Berriro pizten ari den iturria

Txernobylgo eta Fukushimako istripuek energia nuklearraren izena belztu dute, eta hainbat herrialdek zentral nuklearrak ixtea erabaki dute azken urteetan, Europan gehienbat. Alemania da horietako bat, aspaldi hartu baitzuen zentral nuklearrak pixkanaka ixteko erabakia, Errusiak gasez hornitzen baitzuen, merke hornitu ere. Hala ere, Ukrainako gerraren ondorioz, Nord Stream gasbideak itxita daude, eta inoiz baino ikatz gehiago erretzen ari da zulo hori betetzeko.

Alderdi politikoen arteko indar korrelazioaren arabera, herrialde bakoitza erabaki bat edo beste hartzen ari da energia nuklearrari dagokionez. Gehienak indartzearen alde egiten ari dira, eta beste batzuek ixteko asmoari eusten diote. Alemaniak urte hasieran itxi zituen oraindik martxan zituen zentralak, eta Espainia ere ari da zentralak itzaltzen, pixkanaka –prozesua 2035ean amaitzekoa da–.

Asia ekialdeko potentzia nagusiak, hau da, Japonia, Txina eta Hego Korea gero eta zentral nuklear gehiago irekitzen ari dira. Europan ere, fisio nuklearraren bidezko energia ekoizpena areagotzen ari da: adibidez, Erresuma Batua eta Frantzia.

Pekin eta Washington

Badirudi globalizazioa eta merkataritza askearen aldeko politikak atzean geratzeko bidean direla, egungo testuinguruak bultzatuta munduko blokeetako gobernuak gero eta neurri gehiago hartzen ari baitira ekonomia zuzentzeko. Aski ezaguna da Txinaren estatu kapitalismoa, baina Amerikako Estatu Batuetan onartutako Inflazioa Murrizteko Legeak (IRA) Europako Batasuna harritu eta larritu du. Washington eta Brusela baldintzarik gabeko aliatuak badira ere, EB ez da erantzun gabe geratu, bertako industria eta azpiegiturak bultzatzeko neurriak onartu baititu. Eta ez Brusela bakarrik, baita estatu kideak ere.

EBk garbi utzi du zer jarrera duen egoerari dagokionez, eta Isuririk Gabeko Industriaren Legea da horren adibideetako bat.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.