Energia sektorearen metano isuriek gora egin dute, baina «laster» hasiko dira murrizten, IEAren arabera

Energiaren Nazioarteko Agentziak uste du metano isuriak %50 murriztuko direla 2030erako, estatuek eta enpresek iragarritako konpromisoak betetzen badituzte. 2022tik 2023ra %2,4 handitu ziren.

RUSSIA ECONOMY OIL
Errusiako Gazprom enpresaren gas ustiategi bat, Moskun. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko martxoaren 13a
13:55
Entzun

Berotegi gasen artean, eragin handienekoa da metanoa, epe motzean. Hori dela eta, klima larrialdiari aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen da metano emisioak ahalik eta azkarrena murrizten hastea. Energia sektoreari dagokionez, agertoki hori gertu dagoela ondorioztatu du IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak. Global Methane Tracker 2024 txostena kaleratu du gaur, eta, han jasotzen duenez, azken hilabeteetan hainbat estatuk eta enpresak hartu dituzten konpromisoak betez gero, metano isuriak %50 murriztuko dira 2030. urterako. Oraingoz, baina, murrizketarik ez. 2023ko isurketak 2022koak baino zerbait handiagoak izan dira: 128 milioi tona metano iaz, aurreko urteko 125 milioi tonaren aldean —%2,4ko igoera—.

Energia sektoreak isuritako metano kantitatearen %38,3 petrolio ustiapenena da; %31,2, ikatzarena; %22,7, gasarena; eta %7,8, bioenergiarena —nagusiki, biomasaren erabilera tradizionalari dagokiona—.

Datuak herrialdeka aztertuta, txostenak nabarmendu du atmosferara metano gehien askatzen duten hamar estatuek eragiten dituztela metano emisioen bi heren —80 milioi tona inguru—. AEBak dira petrolio eta gas ustiapenetan isurtzailerik handienak —13,3 milioi tona, munduko isuri guztien %10 baino gehiago—, eta haren atzetik da Errusia, bigarren, antzeko datuekin —11,2—. Aldiz, Txina da ikatz ustiapenen emisio sortzailerik handiena, alde handiz.

Metano emisioen datuek erakusten dute urrun daudela oraindik klima larrialdiari aurre egiteko nazioarteko helburuak. Parisko Itunak jasotzen duen helburu nagusia bete ahal izateko, hau da, Lurraren berotzeari 1,5 gradutik behera eusteko, ezinbestekoa da metano isurketak %75 murriztea 2030erako, IEAren analisien arabera. Agentziako zuzendari Fatih Birolen iritziz, «nahitaezko» helburu hori betetzeari begira, «izugarrizko eta berehalako aldaketa» gauzatzeko aukera dauka munduak.

IEA baikor agertu da, eta nabarmendu du estatuek eta enpresek COP28 klimari buruzko goi bileran hartu zituzten konpromisoek orain arteko joera eten dezaketela. Iragarritako azken konpromisoak osorik eta garaiz betez gero, metano emisioak %50era murriztuko lirateke 2030ean, agentziaren azterketen arabera.

COP28 biltzarrean, ia berrehun estatuk adostu zuten metano emisioak «nabarmen» murriztea hamarkada honetan. Horrez gain, Europako Batasunak, AEBek eta Kanadak metano isurketak gutxitzeko araudiak iragarri dituzte, enpresa gehiago batu dira Petrolioaren eta Gasaren Deskarbonizazio Gutunera, eta kide berriak batu dira estatuen arteko Metanoaren Konpromiso Globalera ere.

«Orain indarrak jarri behar ditugu konpromiso horiek ekintza bihurtzeko, helburu handiagoak ezartzen ditugun aldi berean», adierazi du Birolek. Izan ere, iragarri diren konpromisoetako askok ez dute oraindik horiek gauzatzeko plangintza zehatzik.

Emisioak murrizteko hartu behar diren neurrietako asko, gainera, ekonomikoki errentagarriak dira ezarri behar dituzten enpresentzat, IEAren esanetan. Txostenak jaso du iazko emisioen %40 ez zirela zertan sortu, eta horrek ez lukeela eragingo azken kosturik, metanoa atzeman eta biltegiratzeko inbertsioa txikiagoa bailitzateke bilduko luketen metanoaren balioa baino. Azterketaren arabera, 155.000 milioi euro beharko dira mundu osoan metano isurketak %75 murrizteko 2030. urtea baino lehen. Kopuru hori erregai fosilen industriaren irabazietara ekarrita, diru sarreren %5 baino gutxiago lirateke.

Berotzearen herena

Metanoa da klima aldaketaren eta Lurraren berotzearen eragile indartsuenetako bat. Hari dagokio berotegi gasen efektuaren heren bat. Atmosferan karbono dioxidoak baino askoz ere gutxiago irauten du —10-15 urte, eta ehunka urte karbono dioxidoak—, baina metanoaren berotze ahalmena 80 aldiz handiagoa da. Hori dela eta, metano emisioak gutxitzea da planetaren berotzea luze gabe mugatzeko neurri eraginkorrenetako bat.

Energia sektorea da isurketa horien iturri handienetan bigarrena, lehen sektorearen atzetik. Ia-ia parean daude biak. Lehen sektoreak askatzen ditu emisioen %41 —bereziki, abeltzaintza jarduerak eta arroz soroek—, energiari dagokio emisioen %38, eta zaborrari %21.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.